2016ko azaroaren 18ko Klaustroan egindako galderak

Print Friendly

Klaustrokideak: Gabi Elkoroaristizabal, Mila Amurrio, Ekai Txapartegi, Amaia Andrieu, Koldo Callado, Nerea Eceiza, Jabi Ibarra, Oskia Agirre, Jon Ander Elorriaga eta Maite Urtiaga.

Babesleak: Mila Amurrio, Koldo Callado, Amaia Andrieu, Ekai Txapartegi, Pili Aristizabal, Iñaki Marko, Laura Barrio, Fernando Bazeta, Inma Maiz, Jon Ander Elorriaga, Helena Franco, Joxi Imaz, Karmele López de Ipiña, Peio Albite, Nerea Ezeiza, Joseba Makazaga, Luixa Reizabal, Jon Iradi, Xabier Cendoya, Joserra Aihartza, Iñaki Etaio, Gabi Elkoroaristizabal, Oskia Agirre, Jabi Ibarra, Maite Urtiaga, Ibon Igartua, Kike Fernández, Deine Larrabeiti, Arantza Jauregi eta Carlos Rodríguez Garaigordobil.

1.- Langileen Hitzarmen eta Akordioaren negoziazioa

Aurkeztu duzun programan UPV/EHUren eremu anitzeko datozen lau urteetarako plangintza zehazten duzu. Harritzekoa da IIP zein AZPri dagokionez ez egitea inolako aipamenik beraien lan harremanak biltzen dituen lan hitzarmenei ezta lan baldintzak arautzen dituen akordioari.

Galdera:

Ez duzu beharrezkotzat jotzen aspaldi berritu beharko ziren hitzarmen eta akordioaren negoziazio prozesuak irekitzea bertako langileon ordezkariekin?

 

2.- Ibilbide akademiko laborala ohikoa eta sendoa

Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak laboralen  ibilbide akademikoa garatzeko aukera ematen du. Hala ere, gaur egun, gure unibertsitateko agintariek bide laborala aukeratu duten irakasleak “animatu” egiten dituzte titular akreditazioa eskatzera funtzionarioak bihur daitezen. Bai programa zein prentsan esandakoaren arabera,  bide laborala indartzeko neurririk  ez da agertzen, ez bada “talentoa erakartzeko” eta horretarako  lege berriaren beharra aipatzen dela behin eta berriro.

Bestetik, birjartze-tasa indarrean den honetan,  2016ko LEPetik aurrera, irakasle plaza berrien gutxienez % 20a titular plazak izatea erabaki da, promoziorako orain arte zegoen itxaron zerrenda apurtuz. Arrazoi nagusia  LOUk ezarritako irakasle funtzionarioen gutxieneko %51a ziurtatzea omen da, gainerako ondoriorik kontutan hartu gabe, hala nola, jakintza arloetako pertsonal iraunkorren  arteko desorekak handitzea.

Galdera:

  • Zure ustez, lege berri horrek irudi laboralen ibilbide akademikoa UPV/EHUn ohiko bide gisa sendotzeko balio behar du?

3. Sailen berrantolaketa

Aurreko Errektoretza taldeak UPV/EHUko Zentroen berrantolaketa burutu zuen, hurrengo urratsa Sailen berrantolaketa izango zela adieraziz.

Zentroen berrantolaketa egin zenean, Errektoregoak eta Sindikatuek hitzarmen bat sinatu zuten, besteak beste, aldaketa hauen ondorioz langileen lekualdatzerik ez zela gertatuko onartuz.

Galderak:

  • Errektore talde berriak Sailen birmoldaketari ekiten badio konpromiso horri helduko dio, alegia, langileen lekualdatzerik ez behartzeko konpromisoari?

  • Sailen berrantolaketa bat egiten bada, Sail batzuk fusionatuz esaterako (haien tamaina handiagoa izateko, oraingo Errektoreak adierazitako ildoari jarraituz), irakasleen arteko irakasgai banaketak behartu ditzake irakasleak irakasgaiz –eta jakintza arloz– aldatzera?

4.- Irakasle egonkorren egoera

Egun, irakasle-ikertzaile egonkorren kolektiboari dagokionez, 2017ko abuztuaren 31n amaiera duen egonkortasun akordioa dago indarrean, oinarria Eusko Jaurlaritzaren 2015eko aurrekontu legean duena. Bestalde, zure programako “aukera profesionalak eskaintzen dituen unibertsitatea” atalean, “lanean kalitatearen hobekuntza sustatzeko” azpiatalean, enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesuak aztertzeko egitasmoa aurkezten da.

Galderak:

  • Agortzear den akordio horren luzapena bultzatuko duzu Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 2017ko aurrekontu legearen bidez gauzatu dezan horren luzapena?

  • Denbora luzez lanean egon diren irakasle horien kontratua indefinitu ez-finko bihurtzeko prest zaude, berriki argitaratu den Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententzia bat aplikatuz?

5.- Arduraldi partzialeko irakasleen soldatak

Arduraldi osoan jarduten duten irakasle kategoria guztietarako JAPean  jasotzen  da urtean kontratatutako 1600 orduetatik urtean 300 ordu prestakuntza eta eguneratze lanetan emango dituztela. Horrek esan nahi du, oporraldiko asteak kenduta, 6.38ordu asteko (300ordu/47aste) kontsideratzen direla prestakuntza eta eguneraketarako.

Behin behineko irakasle partzialen kasuan, soldata osoarekiko proportzioa 41/2008 dekretuan jasota dago, ondoko taularen azkenaurreko zutabean agertzen delarik.

Ardura partzialeko titularrentzat berriz, soldata kalkulatzeko honako formula erabiltzen da: 0.0361*(eskola_orduak_astean+tutoretza_orduak_astean), ondorioz, haien soldatak azken zutabeko proportzioan geratzen dira. Begi bistakoa da langile finko eta behin behinekoen arteko diskriminazioa, Europako legediaren aurka doana.

 

Arduraldi-erregimena

Irakasten edo ikasleei laguntzen

Tutoretza- orduak

Guztira

Ehunekoa, laboralak

Ehunekoa, titularrak

Astean 6 ordu

6

6

12

% 34,29

% 43.32

Astean 5 ordu

5

5

10

% 28,57

% 36.10

Astean 4  ordu

4

4

8

% 22,86

% 28.88

Astean 3 ordu

3

3

6

% 17,14

% 21.66

Horretaz gain, ardura partzialeko irakasleek ez dituzte bosturtekorik ezta seiurtekorik jasotzen.

Galderak:

  • Behin behineko irakasle partzialak langile prekarioak direla kontsideratzen al duzu?

  • Bidezko eta beharrezko ikusten duzu proportzionaltasunaren  kalkuluan prestakuntza orduak kontutan hartzea? Zer formula aplikatuko zenuke proportzionaltasuna hobetzeko?

  • Bidezko eta beharrezko ikusten duzu dekretua aldatzea, proportzionaltasunaren  kalkuluan prestakuntza orduak kontutan har daitezen?

  • Arduraldi partzialeko irakasleek bosturtekoak eta seiurtekoak kobratzearen alde zaude?. Hala bada, zer egingo duzu hori gerta dadin?

6.- Irakasle elkartuen irudia

Irakasle elkartuek RPTan agertzen diren plazak betetzen dituzte, baina haien kontratua hiru urtekoa da. Irakasle berak bete dezake plaza berdina beste hiru urteetarako kontratu berri batez, kontratu hauek errepikatzeko mugarik ez dagoela. Honek erakusten du plaza hauek estrukturalak direla eta ez aldi baterakoak. Beraz, berriki argitaratu den Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententzia bat aplikatuz gero, plaza hauek iraunkor bihurtu beharko lirateke.

Galderak:

  • EHU/UPVko Errektore berri hautatua izango bazina, irakasle elkartuen plazak iraunkor bihurtzeko asmoa duzu?

  • Edo, saiakerarik egingo duzu kategoria hau jakintza arlo jakin batzuetara mugatzeko eta ondorioz bere erabilera mugatzeko?

7.- PIC ikerlariak: prekarietatea vs. karrera profesionala

Zure programan aukera profesionalak eskaintzen dituen unibertsitatea aurkezten duzu, eta enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesuak aztertzea eskaintzen duzu, besteak beste honakoa aipatuz: “ikerketa proiektuekin lotuta dauden eta kanpo finantzaketa duten kontratuen egoera konpontzea”. Ikertzaileei dagokionez, II. Lan Hitzarmenaren 24. artikuluaren 5 puntuan aipatzen da Unibertsitateak arduraldi osoko kontratuak egingo dituela ahal denean.

Galderak:

  • Zuretzat II. Lan Hitzarmenaren 24. artikulua garatzea konponketarako bidea da?

  • Zein epetan beteko duzu asmo hori? Zein aurrekonturekin?

8.- Formazioko Ikerlariak: prekarietatea vs. karrera profesionala

Zure programan urteko tesi kopurua 500 arte handitzeko helburu azaltzen duzu. Baita datorren Unibertsitate Planean urteko 5 ikerlari kontratatzeko asmoa. Aldiz, ez da zehazten nola bultzatuko den ikerlarien karrera profesionala, UPV/EHUk sortuko dituen ikertzaile batzuentzat etorkizun profesionala eskainiko duen ala ez.

Galderak:

  • Ikerlarien karrera profesionala garatzeko asmorik baduzu? Beharrezko baderitzozu, zein epe aurreikusten duzu? Zer aurrekonturekin?

  • Ikertzaileen karrera profesionalaren diseinuan jakintza arloen  banaketa irizpide nagusietako bat izan beharko luke?

  • Zer neurri ezarriko duzu ikertzaile berriak curriculuma hobetzeko aukera emateko, barne araudiek proiektu edo tesi zuzendari izatea debekatzen badiete besteak beste? Araudi horiek aldatzeko asmoa duzu?

9.- Ikerlarien karrera profesionala

Ikertzaileen karrera profesionalaren  azken pausua den Ikerketa-irakasle irudia ez da inoiz erabilia izan eta, gainera, Unibasqek onartutako akreditazio protokolo berrian irudi hau desagertu egin da.

Galderak:

  • UPV/EHUk badu zerikusirik ikerketa-irakasle irudia Unibasqeko akreditazio protokolo berritik desagertzearekin?

  • Irudi horrek tokia izan behar du UPV/EHU Ikerlari karrera profesionalean?

10.- Behin behineko irakasle-ikertzaileen eta AZPkoen kalte-ordainak

Berriki argitaratu den Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententzia batek aldi baterako langileei kalte-ordainak jasotzeko eskubidea aitortu die kontratuaren amaieran eta, gainera, langile iraunkorren parekoak.

Galderak:

  • EHU/UPVko Errektore berri hautatua izango bazina, behin behineko zein kontratuei aitortuko zenieke hemendik aurrera 20 eguneko kalte-ordaina?

  • Azken urtean kontratua amaitu zaien irakasle-ikertzaileei eta AZPko langile laboralei jakinaraziko diezue kalte-ordaina erreklamatzeko eskubidea?

  • Une honetan unibertsitatetik kanpo dauden baina azken urtean kontratatuta egon direnei ere? ­­­­­­­­­­­

11.- IIPn osagarri gehigarriak

Epaiak medio, 2015etik aurrera osagarrien deialdiak berriz ere martxan jarri ziren. Denok dakigu indarrean dagoen osagarri gehigarrien sistema irakasle ikerlarion soldatak duintzea lortzeko formula bakarra izan zela. Hala ere, oraindik orain, suposatzen duten  kostu salariala ekiditeko saiakerak asko dira.

Galderak:

  • Neurririk hartuko duzu osagarri profesionalen (C tramuen) balioak handitzeko? Eta horiek osagarri espezifiko bilakatzeko?

  • Helegiteen bidea oraindik irekita dagoen honetan, orain arte egindako deialdiak (2015 eta 2016) mantentzeko eta dagoeneko onartuta daudenekin (2013 eta 2014) aurrera egiteko konpromisoa hartzen duzu?

­­­­­­­­­­­­­­­­­­

12.- Ingelesezko eskaintza

Munduari irekitako unibertsitatea” atalean jasotzen  da UPV/EHU prestakuntza eskaintzaren nazioartekotzea bultzatzea. Erronka honetan ingelesezko eta hiru hizkuntzako graduen zein graduondokoen eskaintza handitzea aurreikusten da, graduei dagokienez, Hezkuntzako eta Ekonomia eta Enpresako arloetan hasita.

Galderak:

  • Zergatik deritzozue Hezkuntza jakintza adarreko prestakuntza eskaintzak lehentasuna izan behar duela nazioartekotzeko eta irakaskuntza ingelesez eskaintzeko urratsetan?

  • Hezkuntza arloko UPV/EHUko prestakuntzetan egresatu guztiek euskararen ezagutza egiaztatua izango dute?

13.- Atzerriko hizkuntzak

Munduari irekitako unibertsitatea” atal berean, Unibertsitateko talde guztien hizkuntza gaitasunen prestakuntza eta egiaztapena sustatzea erronkaren baitan, “Unibertsitateko ikasleei eta langileei erraztasunak ematea atzerriko hizkuntzen ikastaroetan eta egiaztapen probetan parte hartzeko” neurria jasotzen da.

Galderak:

  • Gertatzerik egongo da atzerriko hizkuntzen ezagutza eta egiaztapenerako erraztasunak jasotzea unibertsitatean ofizialak diren bi hizkuntzen ezagutza egiaztatu gabe? 

  • Ez litzateke baldintza izan behar bertako hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatua izatea?

14.- Langileen Hitzarmen eta Akordioaren negoziazioa

Aurkeztu duzun programan UPV/EHUren eremu anitzeko datozen lau urteetarako plangintza zehazten duzu. Harritzekoa da IIP zein AZPri dagokionez ez egitea inolako aipamenik beraien lan harremanak biltzen dituen lan hitzarmenei ezta lan baldintzak arautzen dituen akordioari.

Galdera:

  • Ez duzu beharrezkotzat jotzen aspaldi berritu beharko ziren hitzarmen eta akordioaren negoziazio prozesuak irekitzea bertako langileon ordezkariekin?

15.- Kontratazioak

Unibertsitate Lege berri bat aldarrikatzen duzu programan besteak beste UPV/EHUk kontratazioan “malgutasuna” izan dezan horretarako Legebiltzarraren adostasun zabalaren nahia adieraziz.

Galdera:

  • Ez duzu uste, hain zuzen ere, kontratazioari dagokionez, sindikatuekin adostasun zabala lortzea litzakeela bide eta neurri eraginkorrena?

16.- Behin-behineko AZPkoen egonkortasuna

Enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesuak aztertzea proposatzen duzu; aldiz, ez duzu aurreikusten behin-behineko AZP-koen egonkortasuna gauzatzeko neurririk.

Galdera:

  • Nola bermatu dezakezu bertako AZPkoei hamar urtetik gora behin-behinekotasunean aritu ondoren UPV/EHUn lanean jarraitzeko aukerak izango dituztela?

17.- Zerbitzu prekarizatuak egonkortzea

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak Administrazio publikoen behin behineko kontratazioa salatzen du. Zentzu honetan ezin da ezkutatu UPV/EHUn ere gehiegizko eta kasu askotan iruzurrezko behin behineko kontratazioa egon badagoela.

Galdera:

  • Programan aipatzen duzun AZPren kontratazioaren %10eko hazkunde hori ere behin behinekoa izango da? Zentzu horretan egun UPV/EHUk dituen hainbeste zerbitzu prekarizatuak noiz egonkortzeko asmoa duzue?

18.- Soldatak

Lan baldintzen artean, langileon norbanakoaren bizi proiektuak gauzatu ahal izateko, egonkortasunarekin batera soldata da aldagai nagusienetakoa. Hori horrela izanik, UPV/EHUk ere badu erantzukizunik bertako langileak azken urteotan jasan dugun murrizketan.

Galdera:

  • Baduzu asmorik orain arteko irizpidea aldatu eta dagokiguna berreskuratzeko (2012ko aparteko soldata, galdutako eros-ahalmena…) dinamikak martxan jartzeko?

  • Baduzu asmorik datorren urteko aurrekontuetan jasotzeko (eta beraz Jaurlaritzari kantitate horiek exijitzeko) langileen soldataren parte den Itzarriri egin beharreko %3ko ekarpena egiteko?

19.- Euskararen II. Plan Gidaria eta erabilera soziala

Programan, Euskararen II. Plan Gidaria (2013-2017) ebaluatzea eta III. Plana prestatzea jasotzen duzu ‘bikaintasuna lortzea euskararen irakaskuntzan’ helburuarekin lotuta.

Bestalde, ‘euskararen erabileraren normalizazioa lortzea unibertsitate bizitzako eremu guztietan’ erronka gisa planteatzen duzu. Helburuen artean, ‘euskaraz arreta egokia ematea publikoarekin harrema zuzena duten lanpostuetan’ eta ‘euskararen erabilera soziala sustatzea irakaskuntzako eta unibertsitate bizitzako eremuetan’ jasotzen dituzu, baina lehenenegoari dagokionez, soilik ‘AZP liberatzeko programetan lehentasuna ematea publikoarekin harreman zuzena duten loanpostuetako zerbitzua hobetzera bideratutakoei’ eta ‘hizkuntza tresnak erabil ditzaten sustatzea’ planteatzen dituzu ekintza gisa, eta bigarrenari dogokionean, kanpo ebaluaziorako prozesuen bidez euskararen erabileran eta presentzian indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea lehenesten duzu.

II. Plan Gidariak, besteak beste, ‘Euskal Herriko Unibertsitatean kide guztien aukera-berdintasuna bermatzea hautatu duten erkidegoko hizkuntza ofiziala bata zein bestea izanda, administrazio publiko guztiek bezala, guk ere «Herritarrek administrazioekin dituzten harreman ahozkoetan eta idatzizkoetanbi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera bermatzea» helburu izan behar dugu(la)’ jasotzen da. Horretaz gain, hainbat helburu espezifiko planteatzen dira, eremu bakoitzarekin lotuak.

Galderak:

  • Errektoregaiak badu Euskararen II. Plan Gidariak planteatzen duen gure unibertsitateko kide guztiek (AZP, IIP, ikasleak) hizkuntza ofizialak ahozko zein idatzizko harremanetan erabiltzeko aukera-berdintasuna bermatzeko asmoa?

  • Errektoregaiak badu Euskararen II. Plan Gidariak planteatzen dituen AZPko eremuarekin zehazturiko helburu espezifiko guztiak eskuratzeari eta betetzeari begirako borondatea?

  • Uste du Errektoregaiak Programan planteaturiko ekintzekin soilik lortuko duela hori? Hala ez bada, zein neurri gehigarri proposatuko zenituzke euskararen erabilera sustatzeko eta zerbitzuak euskaraz eskainiko direla bermatzeko?

  • Ez duzu uste euskararen erabileraren inguruko sentsibilizazioa eta plana, besteak beste, behar dugunik UPV/EHUn?

20.- Finantziazio publikoa

Errektoregaiak aurkeztutako Programan, ‘lurraldearekin lankidetzan aritzeko kultura sustatuko duen erakunde irekia eta berritzailea izatea’ helburuaren barruan, mezenasgo eta dohaintzak eman ahal izateko ‘estrategia bat diseinatzea eta horretarako beharrezko azpiegitura sortzea’ planteatzen da.

Galderak:

  • Ez duzu uste, UPV/EHUk azken urteotan jasandako finantziazio publikoaren gainbehera dela eta, horren gehikuntza aldarrikatzea Errektore andrearen eta bere ekipoaren lehentasunezko eginkizuna izan beharko litzatekeela?

  • Azpiegituraz ari zarenean zehaztu dezakezu zertaz ari zaren?

21.- Goi mailako ikasketak burutzeko tasak eta beka politikak

Unibertsitate inklusiboaren eredua garatzen laguntzea’ izeneko Erronkaren ‘Ikasleen premien aniztasunari erantzutea’ helburuaren barnean ‘zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei ikasten hasi eta jarraitzeko erraztasunak ematea’ planteatzen duzu, besteak beste.

Galderak:

  • Ez duzu uste unibertsitaterako sarbide unibertsala bermatze aldera eta, zezhazkiago, zailtasun ekonomikoak dituzten familien ikasleak goi mailako ikasketak burutzen laguntzeko premiazko neurria izan beharko liratekeela azken urteetan izandako matrikulen igoera (2. 3. eta 4. matrikulak eta Graduondoenak bereziki) gelditzea eta berbideratzea eta egoera ekonomiko zailetan aurkitzen diren ikasle guztien beharrak kontuan hartuko dituen beka politika egokia aldarrikatzea horren erantzule den Eusko Jaurlaritzari?

22.- EHUko eta NUP-en arteko lankidetza

´Tokiko zein nazioarteko esparruetan UPV/EHUren Irakaskuntza jarduera berritzailea ikustaraztea eta zabaltzea’ helburuaren barnean ‘harremanak sendotzea beste unibertsitate publiko batzuekin, batik bat komunikazio hizkuntza gisa euskara darabiltenekin, Irakaskuntza-ikaskuntzako esperientzia berritzaileak partekatzeko’ planteatzen da.

Bese alde batetik, ‘Euroeskualdeko erakundeekin dugun lankidetza sendotzea’ izeneko helburuan, hainbat ekintza planteatzen dira, batzuk orokorrak, eta Bordeleko Unibertsitatearekin batera ‘Mugaz Gaindiko Euroeskualdeko Campusa garatzea’. Badirrudi, gainera, euroeskualde horretatik kano kokatzen dela Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako bien arteko lankidetzarako Protokolo Orokorrak, 3.e klausulean Hezkuntza eta Kulturari dagozkien ildoak planteatzen dira. 3.e.2 klausulean, Unibertsitate arloan ‘goi mailako irakaskuntzarako Europako Esparrua garatzeko batera lan egitea, eta unibertsitateen arteko lankidetza akordioak (NFK-EAE) egiteko aukera aztertzea, ikasketetetan, ikerketan, irakasleen lanean, nazioarteratzean eta Unibertsitateko jardunarekin lotutako beste arlo batzuetan’. Eta 3.e.4 klausulean, ‘zientzia eta teknologiaren arloko ikerketan, esperientzien trukea eta elkarlana sustatzea, bereziki ikerketarako Europako Esparrua garatzen’.

Galderak:

  • Akitania-Euskadi-Nafarroa sareari begira planteatzen direnez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin zeintzu ekintza zehatz planteatzea aurreikusten du Errektoregaiak berarekiko lankidetza sustatatzeko ikasketetan, ikerketan, irakasleen lanean, nazioarteratzean eta Unibertsitateko jardunarekin lotutako beste arlo batzuetan?

  • Zientzia eta Teknologiari dagokienez, nola aurreikusten du UPV/EHUko Errektoregaiak ikerkeketan eta berrikuntzan esperientziak trukatzea eta elkarlana sustatzea, aurreikusten badu?

  • Aurreikusten du Errektoregaiak bere lehentasunen artean Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetza Akordio Orokor bat garatzea hurrengo lau urteetan unibertsitate publiko bien arteko lankidetza esparru ezberdinak kontuan hartuta?

23.- Ipar Euskal Herriko eta atzerriko ikasleak

Ikasle atzerritarrei eta Iparraldeko ikasleei UPV/EHUn sartzeko erraztasunak ematea’ planteatzen dure Programak.

Galderak:

  • Zeintzuk konpromiso garatzeko prest dago UPV/EHUko Errektoregaia Ipar Euskal Herriko ikasleei UPV/EHUn ikasten sartzeko erraztasunak emateko?

  • Nola erraztuko zaie ikasle atzerritarrei UPV/EHUko matrikula?

24.- Genero berdintasuna

Aurreko puntuan aipatutako erronkaren barruan ‘Unibertsitateko jardueren genero mainsreaminga/zeharkakotasuna sustatzea’ helburua jorratzekolau ekintza zehatz planteatzen dituzu. Horietako bat, ‘Jakintza adar bakoitzeko ikastegi baten, gutxienez, genero ikuspegia (GI) aintzat hartzen duten aurrekontuen esperientzia pilotuak martxan jartzea’. Bestalde, ‘Unibertsitatea erakunde jasangarria eta sozialki konprometitua izan dadin lortzea, bere ingurunean erreferentzia gisa balio dezan’ izeneko erronkan, ‘Jasangarritasunerako, berdintasunerako eta garapenerako hezkuntza sustatzea, horiek unibertsitate curriculumena txertatuz’ helburua planteatzen da, hiru ekintza zehatz agertzen direlarik, denak jasangarritasunarekin eta EHU Campus Bizia Lab proiektuarekin lotuak.

Galderak:

  • Zein ekintza zehatz planteatzeko asmoa duzue genero berdintasuna EHUko gradu eta graduondo ezberdinetako curriculumean txertatzeko?

  • Zergatik desagertu da UPV/EHUko Aurrekontu Orokorraren genero ikuspegiaren azterketa planteatutako ekintzetatik eta jakintza adar bakoitzeko ikastegi banaren azterketarekin ordezkatu da?

  • Badu Errektoregaiak Berdintasunerako Zuzendaritzak orain arte izandako giza-baliabideak zein baliabide ekonomikoak gehitzeko asmorik edota orain artean bezalaxe utziko du? Gehitzekotan, nola eta zein epetan egiteko asmoa du?

  • Non kokatuko du Errektoregaiak Berdintasunerako Zuzendaritza bere Taldearen barruko organigraman, hain juxtu, Unibertsitateko jardueran genero mainstreaminga edota zeharkakotasuna sustatzeko?

25.- ehuGune

Unibertsitatearen garapenerako lankidetzarekin eta bakearen zein bizikidetzaren kulturarekin hartua duen konpromisoa indartzea’ erronkaren barnean ‘Bake eta bizikidiketzaren kultura sustatzea’ helburuan, besteak beste, ‘ehuGune topagunearen funtzio dinamizatzailea sustatzea’ planteatzen duzu.

Galderak:

  • Zein ekimen planteatzeko asmoa du Errektoregaiak ehuGunek, gure herriak bizi duen gatazka politikoaren gainditzeari begirako lanean euskal gizarteari bere ekarpenak egin diezazkion?

  • Ez du uste Errektoregaiak UPV/EHUk baduela zereginik bai krisi ekonomiko zein gure herrian dauden eztabaida kultural, sozial eta politiko garrantzizkoenen gaineko eztabaidak bultzatzeko eta, bide batez, euskal gizarteari horien inguruko ekarpenak egiteko?

26.- Lan osasuna

Lanean kalitatearen hobekuntza sustatzea’ erronkaren barruko helburuen barruan, lan osasun eta segurtasunarekin zerikusia duten ekintzak proposatzen dituzu. Besteak beste: laneko jardunbide egokien kodea prestatzea eta zabaltzea, arriskuak murriztea xedetzat izango duena; lanpostuetako baldintza fisikoak eta psikosozialak hobetzea, laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza eta informazioa sustatzea eta espazio guztietan bizigarritasun eta lan baldintzak hobetzea.

2013an burututako EHUko langileen arrisku psikosozialen ebaluazio-txostenean, besteak beste, ‘lan taldeak beharrezko deritzo arrisku psikosozialen ebaluazioa osatu beharko litzatekeela UPV/EHUko IIPri zuzendutako azterketa espezifikoekin’ jasotzen da. Horrelakorik ez da burutu gaur egunera arte, eta IIP-koen arrisku psikosozialetan eragin dezaketen arrisku eta faktoreen kudeaketa sail, ikastegi eta horien kargudunen esku gertatu ohi da.

Beste aldetik, jakina da Lan arriskuen Prebentziorako Legeak aurreikusten duen langile bakoitzaren lanpostuan egin beharreko ebaluazioa, oso kasu bakanetan izan ezik, ez dela burutu EHUn.

Hori gutxi ez balitz, EHUko arduradunek jakin badakite zer nolako segurtasun eta osasun arazoak dauden unibertsitateko ikastegi eta eraikin ezberdinetan. Eta zer nolako geldotasun eta, are okerragoa izaten dena, gogorik ezarekin egiten zaien aurre halako egoerei.

Bukatzeko, badirudi ez direla asko (kuantitatiboki) baina bai esanguratsuak gaixotasun eta arazo psikologikoak dituzten langileen kasuak. Horien aurrean EHUk izan dituen jokabideak arras ezberdinak izan dira: ez ikusiarena eginez egoerak luzatzen uztea edota gaixotasuna aitortu gabe kaeratze azkarren bidez arazoa begien aurretik kentzea.

Galderak:

  • IIP-koen arrisku psikosozialak ebaluatzeko eta saihesteko zein programa edota ekintzak ezarriko dituzu?

  • EHUko ikastegi eta eraikin ezberdinetan dauden segurtasun eta lan osasun arazoei aurre egin ahal izateko zein neurri hartuko dituzu?

  • Langileen gaixotasun eta arazo psikologikoak aintzat hartuak izan daitezen eta, hala badagokie, lan gaixotasun gisa hartuak izan daitezen bultzatuko duzu?

27.- Gobernantza

Administrazio kudeaketa arinagoa, hurbilekoagoa eta gardenagoa sustatzea’ erronkaren barruko ‘Unibertsitateko jardueretan gardentasun maila hobetzea’ eta ‘Unibertsitateko egiturak egokitzea eta haien kudeaketa hobetzea’ helburuak planteatzen dira, besteren artean. Gardentasun ataria, ohok elektronikoaren sistema berria, hitzarmenak eta erabakiak bildutko dituen Aldizkari Ofizial Elektronikoa, ikastegi berrien gaineko konpromiso dokumentoa, sailen berrantolaketa, unibertsitate egitura batzuen (institutuak, katedrak…) aztertzea eta euren jarduera ebaluatzeko prozedura ezartzea jasotzen dira ekintza gisa.

Bestalde, ‘UVP/EHUko kide izatearen sentimendua indartzea’ erronkaren baitako ‘Unibertsitate talde guztiek gobernantzako estrategietan partaidetza handiagoa izatearen aldeko apustua egitea’ helburuaren barnean gobernantza estrategien berri ematea, administrazioko unitateen arteko koordinazioa eta talde guztiek gobernantzako estrategietan parte hartzeako ekintzak planteatzen dituzu.

Azpimarratzekoa da helburu eta ekintza hauek guztiak ‘Gobernu ona sustatzen duen Unibertsitatea: unibertsitate hurbilekoa eta adeitsua, gobernu partizipatiboa, eraginkorra eta gardena duena’ izenko atalean kokatzen direla aurreko erronka, helburu eta ekintza guztiak.

Galderak:

  • Ez du Errektoregaiak uste UPV/EHUren gobernantza ereduaren gaineko hausnarketa orokorra eta bere baitako organo pertsonal zein kolektiboen (Klaustroa, Gobernu Kontseilua, Ikastegietako Batzarrak, Dekano eta Zuzendariak, Gizarte Kontseilua…) osaketa, funtzionamendua eta abarren gainekoa dela burutu beharrekoa?

  • Badu Errektoregaiak hausnarketa hori bultzatzeko asmorik datozen lau urteotan?

2016ko azaroak 16