2013ko deialdia ere berreskuratu dugu!

Print Friendly, PDF & Email
LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua

Beste behin ere arrazoia eman digu EAEko Auzitegi Nagusiak, onartuta Steilas eta LAB sindikatuok jarri genuen helegitea, ebatzi baitu soldata-osagarrien 2013 eta 2014ko deialdiak gauzatu egin behar dituela EHUk.

diskriminaziorik ezEgunotan ezagutu dugun epai hau ildo beretik zihoazen beste hainbat epairen segida luze baten baitan kokatu behar dugu, 2014ko martxoan abiatu zena, EHUko irakasleok soldata-osagarriak eskuratu ahal izateko deialdia urtero-urtero izateko eskubidea aitortu zigunarekin, LAB eta Steilas sindikatuok auzitegiratu genuen gatazka kolektiboari erantzunez.

Hala eta guztiz ere, 2015eko deialdia atzerako eraginik gabe argitaratu zuten Unibertsitateak eta Jaurlaritzak, aitzakia hartuta eskatzaileek aukera zeukatela beraien merituak denboran mugatzeko 2011, 2012, 2013, edo 2014 urteetara arte, eta beraz 2015ekoak bere baitan hartzen zituela aurreko urte horietakoak ere. Horrela, eta 2011ko dekretuaren irakurkera interesatu bati jarraiturik, haien iritziz sasoiz gauzatu gabeko deialdi guztiek ondorio ekonomiko berberak izango lituzkete (2016an hasita C tramuetarako, eta 2017an hasita B eta A tramuetarako).

Baina arrazoibide makur horrek ez du inor engainatzen; izan ere, Auzitegi Nagusia amarruaz ohartu da, eta aurreko ebazpenaren aurka EHUk jarritako birjartze-helegitea atzera botatzeaz gain, argi eta garbi zehaztu du deialdi bakoitzak bere ondorio ekonomiko propioak dakartzala, eta hori ezin dela saihestu 2015ekoa bezalako deialdi bakar bat baliatuz.

Bestalde, jakitun garenez zelako eta zenbaterainoko zailtasunak dakartzan gauzatu gabeko bi deialdi haiek prestatu beharrak, begi onez ikusiko genuke auziaren konponbidea abiatuko balitz 2015eko deialdian atzerako eragina txertatuz. Horretarako, 2014ko azaroaren 6ko Gobernu-Kontseiluak onartutako deialdiaren bidetik jo liteke, bere 13. oinarrian atzerako eragin hori aurreikusten baitzuen. Asmo horrekin kontaktuak izan ditugu Unibertsitatearekin eta Unibasqekin, eta laster Jaurlaritzarekin ere espero dugu.

Esandako horrengatik guztiagatik, Gizarte-Kontseiluari adierazi nahi diogu, luzamendurik gabe har ditzala beharrezkoak diren neurri guztiak, epaitegiek agindutakoa lehenbailehen betetzen hasteko, ahalik eta hoberen. Guk, gure aldetik, ez dugu etsiko konponbidea aurkitu arte Unibertsitateak eta Jaurlaritzak adostu zuten 2015eko deialdiak eragindako kalteei, atzerako eragin ezagatik.

Soldata duinak irakasle guztiontzat!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude