2016ko Irakasle-Ikertzaile Lan Eskaintza Publikoa Aurrera doa

Print Friendly

Azken ordura arte egon da argitzeke 2016ko Lan Eskaintza Publikoa (LEP), Eusko Jaurlaritzak ekonomikoki bermatuko zuen ala ez jakitearen zain.  Ostiralean, UPV/EHUko zuzendaritzatik jaso genuen konfirmazioa 2016ko LEPean eskainiko diren 97 irakasle-ikertzaileen lanpostuen banaketaren ingurukoa, barne promozioaren bidez eskainiko diren katedra kopurua oraindik zehaztu gabe jarraitzen badu ere. Hauek dira datuak:

2016ko Lan Eskaintza Publikoa:

  • Agregatu (%53): 51 plaza
  • Unibertsitateko titular (UT) (%29):  28 plaza
    • Atxikitik UTra: 19 plaza
    • Agregatutik UTra: 9 plaza
  • Ramón y Cajal ikertzaileak (%15): 15 plaza
  • Oso (%3): 3 plaza

2016an barne promozioaren bidez atera daitezke plaza kopuru maximoa (Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dago):

  • 28 katedra (LEPeko UT kopuruaren parekoa)

Guztira: 125 plaza

  • LEP: 97 plaza
  • Barne promozioa: gehienez 28 plaza

Unibertsitatearen hitzetan, banaketa egiterako orduan kontuan izan dute zenbait arazori aurre egiteko tresna izan behar lukeela LEPa. Hala nola:

  • LOUk ezartzen duen eredua mantentzeko (funtzionario doktoreak gutxienez irakasleen plantilaren %51a izatea);
  • sail batzuen pertsonal iraunkor ezari erantzuna emateko;
  • eta irakasle-ikertzaileen egonkortzea bideratzeko.

LABek beharrezko ikusten du banaketa honen azpian  dauden irizpideak eta diferentziak agerian uztea. Ulertuta ere irakasle batzuen interesa, ez gaude ados erreposizio-tasak  ahalbidetzen dituen lanpostu gutxiak une honetan agregatutik unibertsitateko titular (UT) kategoriara aldatzeko erabiltzearekin, beste hainbat irakasleri iraunkor bihurtzeko aukerak mugatzen dizkiolako, baldintza guztiak bete ondoren urteak daramazkienean egonkortzeko aukeraren zain.

Hainbat  eztabaidetan sindikatu guztiok egonkortzea dela arazo nagusia defendatu dugu eta, ondorioz, lehentasuna izan behar duela LEPetan. Horregatik LABetik, halabeharrez  UT irudirako diren lanpostu gehienak atxikiak egonkortzeko izatea defendatu eta lortu dugu. Honela, UT akreditazioa duten atxiki guztiei, 19 alegia, titularitatea lortu eta egonkortzeko aukera emango zaie, unibertsitatearen hasierako proposamenean baino 6 gehiagori, nahiz eta ez konpartitu egonkortze prozeduran lehendik zegoen irakasleen zerrendan hainbat  txanda-pasa egiteko administrazioak hartu duen erabakia.

LABek UPV/EHUko ehunka langile beren lanpostuetan egonkortzea du helburu nagusia. Madriletik inposatutako legeak arbuiatu beharra gero eta ageriagokoa da, besteak beste erreposizio-tasa eta funtzionario doktoreen proportzio minimoa. Lege hauek eragiten dituzten egoera latzetan gehiago erreparatu behar du UPV/EHUren zuzendaritzak eta langileon arazoak lehenetsi. Bide horretan lagun izango gaitu.

 

Erantzun bat “2016ko Irakasle-Ikertzaile Lan Eskaintza Publikoa Aurrera doa” bidalketan

  1. Eskerrik asko informazioagatik.

    Suposatzen dut 9 Agregatu postu Unibertsitateko Titular (UT) bihurtzeko arrazoi nagusia, legeak ezartzen duen funtzionario/kontratatu ratioari eusteko asmoa izango dela (% 51 funtz / % 49 / kontr.). Hala ere eskaintza honetan 9 plaza dira inoren lanpostua egonkortuko ez dutenak eta ondorioz egoera prekarioagoan dauden 9 irakaslerentzat baliagarriak izan litezkeenak.

    Gobernu Kontseiluan esan nuenez, arrisku handia dago ratio horren ondorioz borroka luze baten emaitzak bertan behera botatzeko. Izan ere titularitateak bultzatzen hasten bagara (eta mezuak hortik doaz), ez dugu soilik kontratu laboralaren bidea bigarren mailan utziko; aitzitik, UNIBASQen papera ahuldu egingo dugu, hain zuzen ebaluazio agentzia gisa erabateko onarpena lortu duenean. Nork joko du UNIBASQera, hurrengo urteetan UT akreditazioak gehiago sarituko badira? Areago (eta hau EHUtik kanpoko arazo bat da) UNIBASQen agregatu akreditazioa lortzea ANECAko Contratado Doctor-rekoa lortzea baino errezagoa delako susmoa zabaltzen bada?

    Uste dut arazo oso potoloa dagoela hemen, EHU zein UNIBASQ inplikatzen dituena. Eta ez dakit EHU behar bezala erantzuten ari den. Aurre egiteko, neurri ezberdinak aztertu beharko lirateke, besteak beste:

    a) Estatuko gainerako unibertsitateak ratio horri nola aurre egiten dioten ikusi; eta haiekin batera unibertsitateen hazkunde propioa mugatuko ez duten estrategiak eta erantzunak adostu.

    b) Ratioa beste modu batean aplikateko aukera aztertu: adibidez, irakasle iraunkorrei soilik aplikatu. Irakasleria osoa kontuan hartuta, % 50ren bueltan daude funtzionariak zein kontratatuak, beraz ratioaren mugetan; baina irakasle iraunkorrak soilik kontuan hartuta, % 75 dira funtzionariak. Nire ustez hemen badago argudio sendo bat ratio horren aplikazioa beste modu batean egiteko, agian araua nolabait behartuz.

    d) UNIBASQekin eta Jaurlaritzarekin batera arazoari aurre egin (ez dakit aukera legalik dagoen UNIBASQek UT akreditazioak emateko, adibidez; balego, gaitzerdi).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude