2016ko lanaldia: Benetako aurrerapausoak emateko balio ez duten erabakiak

Print Friendly, PDF & Email

UPV/EHUko administrazioak AZP-ko langileen 2016 urterako lanaldi, lanorduen kontrol , opor eta baimenei buruzko Zirkularra onartu berri du. LABen ustez, bertan jasotzen diren neurriek, zoritxarrez, ez dute balio izango benetako aurrerapausoak emateko ez kontziliazioaren alorrean, ezta langileen arteko baldintzak berdintze edo parekatzeari begira. Are gehiago, langileen arteko ezberdintasunak areagotuko dira, lan baldintza prekarioenak dituztenek baldintza txarrenak edukiz datorren urtean.

Zirkularrean, jardunaldi mota ezberdinak, oporrak eta zenbait baimen eta lizentzia jasotzen dira.

Jardunaldi motei dagokienez:

  • Jardunaldi normalizatuaren barruan lanaldi zatitua (goizez eta arratsaldez, 2 arratsalde librerekin), lanaldi jarraitua (urte osoan) eta lanaldi mistoa (goiz eta arratsaldez, 3 arratsalde librerekin) planteatzen dira aukera gisa. Baina bakoitzak dituen ordutegiak eta aukerak ikusita, lanaldi jarraitua langileek har ez dezaten planteatuta dagoela ematen du, eta kontziliazioa oztopatzen duela agerian gelditzen da. Zentzu honetan, LABek udako lanaldia 14:45era arte luzatzeko egindako proposamena ez da aintzat jo, nahiz eta aldaketa honek lanaldi berriotan egun libre gehiago hartzeko aukera suposatuko lukeen. Lanaldi mota aukeratzeko epea urtarrilaren 8ra artekoa izango da, eta urtarrilaren 18an sartuko dira indarrean lanaldi normalizatuko aldaketak eta libratuko diren egunak. Aipatu beharrekoa eta arbuiagarria da lanean urte osoa egitera heltzen ez diren langileei (hots, ordezkapen eta behin-behineko kontratu mota kaxkarrenetan ari direnak) ez zaiela ez lan jarraitua ez mistoa egiteko aukerarik ematen.
  • Ezohiko lanaldia duten lanpostuei dagokienez, administrazioak ez du onartu LABek egindako proposamen nagusia, hots, ikastegi eta zerbitzuen publiko aurreko zabaltze eta ixte ordutegiak berdintze aldera negoziatu eta adostea. Horrekin batera, Gerentziak uko egin dio larunbatetan ikastegiak eta zerbitzuak zabaltzeko irizpideak bateratzea eta egunotan lan egingo duten langileen konpentsatzioa berdintzeari, lobbien eta leku bakoitzeko nagusien nahikeriei men eginez.
  • Horren adierazle argiena da Bibliotekarekin hartutako erabakiak: Leioakoa larunbat guztietan itxi eta, aitzitik, Bilboko Sarrikokoa, Donostiako Carlos Santamaría eta Gasteizko Elurretakoa zabaltzea (34 larunbat). Hori horrela, eta administrazioak zituen asmo onartezinenak neurri txikian leundu baditu ere, ez ditu aintzat hartu LABek egindako proposamenak: Leioako Liburutegia, zerbitzu publikoa bermatuta dagoelakoan, larunbatetan itxi badaiteke, Sarrikoko, Donostiako Santamaría eta Gasteizko Elurretakoarekin berdin jokatzea, hots, hauek ere larunbatetan ixtea. Are gehiago ikusita administrazioak, LABek planteatuko lan egindako ordu bakoitzeko 2:00 orduko konpentsazioa baztertuz, larunbatetan lan egindako orduei konpentsazio eskasena aplikatuko diela -1,5 ordu lan egindako ordu bakoitzeko- eta ez pertsonalen beharren araberako ordu-poltsa gisa erabiltzeko aukerari ezetz esan diola.
  • Horrezaz gain, langile ezberdinek lan egin beharko duten larunbat kopurua oso ezberdina da: Donostiako eta Gasteizko biblioteken kasuetan zuzendaritza eta goi-arduradunek 1/8 larunbat -4 urtean- eta gainontzekoek 1/4 -8-9 larunbat urtean-. Sarrikokoan, aitzitik, lanaldi zatitua larunbatekin duten lanpostu guztiek 1/4 larunbat lan egin beharko dute; eta goizak edo arratsaldeak larunbatekin dutenek 1/6 larunbat (hasiera batetan soilik menpekoek zabaltzea planteatu zuen administrazioak). Kasurik txarrenak, berriz ere, behin-behineko kontratuekin dauden menpekoen egoerak izango dira: Donostian eta Gasteizen menpeko bakarrak ireki beharko du Biblioteka urteko larunbat guztietan (34). Eta hauekin batera, Bibliotekan arratsaldez urte osoan aritzen direnak izango dira kaltetuenak, larunbatetan lan egindako orduak ezin dituztelako pilatu egun edo ordu libreak hartzeko, sarrera ordua minutu batzuetan atzeratzera behartuko baititu administrazioak.

Bestalde, ikastegiak eta zerbitzuak aldebakarrez ixteko erabakia jasotzen du 2016ko zirkularrak, langileok ditugun egun libreak eta oporrak beraiek nahi dituzten aldietan hartzera behartzeko borondate argia islatuz. LABek ez du onartzen hori horrela izatea, eta gure oporrak modu adostuan eta ez inposatuan disfrutatzeko eskubidea aldarrikatu eta defendatzeko borondatea du. Gainera, horrelako neurriek lanpostuen galeran epe ertainean izan dezaketen eraginez ohartarazi nahi diegu langileei. Ildo beretik, LABek ordu extren kopurua murrizteko (urteko 80tik 60ra) ez onartzea (ez administrazioak ez gainontzeko sindikatuek) adierazgarria iruditzen zaigu, horrek enplegu sorreran izan dezakeen onura kontuan hartuta.

Neurri positibo nagusi bezala, antzinatasunengatiko egun libreen berreskurapena (15 urteko antzinatasunak egun 1; 18 urte 2 egun; 24 urte 3 egun; 27 urte 4 egun eta hortik aurrera 3 urte gehiago bakoitzagatik beste egun 1) aipatu behar da.

Honengatik guztiagatik, LABek uste du ezin dela ontzat jo 2016ko zirkularra. Eta horrela adierazi diogu administrazioari negoziazio bileretan eta baita Gobernu Kontseiluan, bertan dagoen LABkideak AZP-ko Lanpostuen Zerrendan egindako lanpostu batzuen aldaketa-proposamena aztertu zenean, aurkako jarrera defendatu zuen AZP-ko kide bakarra izan zelarik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude