2016ko Osagarrien deialdiaren ondorio ekonomikoak atzeratzeko azpijokoak

Print Friendly

LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuen komunikatu bateratua

Pasa den martxoaren 4an, Errektoreak bidalitako mezu bat jaso genuen UPV/EHUko irakasle-ikerlariok, gogora ekarriz, besteak beste, errektoretza-taldearen, Gizarte-kontseiluaren, Unibasq-en eta Jaurlaritzaren artean adostuta zeukaten akordioa ordainsari osagarrien inguruan. “Alde guztientzat zentzuzkoa eta egokia den akordioa”, aukera eman ziona irakasle-ikerlarien multzo handi bati 2015eko deialdian osagarriak lehenengo aldiz eskatzeko, edo lehenagoko deialdietan eskuratutakoak kontsolidatzeko. Akordio hark 2016ko udaberrian beste deialdi bat izango zela ere jasotzen zuen, 2015eko irailaren 8an irakasle-ikerlarien Errektoreordeak mezu bidez jakinarazi zuen moduan; horren arabera, aukera egongo zen osagarriak 2015ean kontsolidatzeko, 2016an ebaluazio berri bat eskatzeko eta eskuratutako tramu berriak 2017an kobratzeko, lehenago lortutakoak arriskuan jarri gabe eta galera ekonomikorik gabe.

2016ko deialdian eskuratutakoak 2017an kobratzen hasi ahal izateko, ordea, beranduenik ere ekainean argitaratu behar da deialdia, maiatzean Gizarte Kontseiluaren onespena gainditu ostean, azken tramitea. Baina bagara maiatzean sartuak eta ez dago inongo aztarnarik Gizarte Kontseilua biltzekoa den dataren inguruan. Are gehiago, susmo sendoak dauzkagu pentsatzeko deialdiaren argitalpena atzeratzeko nahian dabilela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza-saila, ondorio ekonomikoak 2018ra atzeratu eta osagarrien urtebeteko kostua aurreztu ahal izateko irakasle-ikerlari askoren prekarietatearen pentsura. Gainera, eskema hori berori aplikatu nahi diete oraindik gauzatu gabeko 2013ko eta 2014ko deialdiei, euren ondorio ekonomikoak 2015era eta 2016ra atzeratuz, hurrenez hurren.

Auzi honetan inplikatutako  erakunde guztiek izan beharko lukete  helburu osagarrien deialdiak normalizatzea, EHU/UPV-ko irakasle-ikerlarien baitan dagoen diskriminazioa ezabatzearen bidean. Baina, bereziki, komunikatu hau sinatzen dugun sindikatuok uste dugu Errektoretzaren ardura dela Jaurlaritzari exijitzea hitzartutakoa bete dezala eta bere esku dagoen guztia egitea osagarrien deialdiak adostutako epeen barruan gauzatzeko, modu egokian.

Irakasle-ikerlarien lan-eskubideen defentsan, ez dugu onartuko luzamendurik ezta aitzakiarik osagarrien aferan inplikatuta dauden erakundeen aldetik, legez bete beharreko ebazpenak gauzatzerako orduan.

LAB – STEILAS – CCOO – ELA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude