2017/02/23ko Klaustroa: LABek sustatutako galderei emandako erantzunak

Print Friendly

Hilaren 23an bilduko den Klaustrorako hainbat galdera egin dituzte LABek sustatutako hautagaitzek. Gaur, Errektore taldeak Jardueren Programari egindakoei eta Aldezleak 2016 urteko bere Txostenari egindakoari emandako erantzunak agertu dira. Ondoren irakurri ahalko dituzue bai galderak zein emandako erantzunak.

2016-2017 ikasturteko Jardueren Programa

Galdera:
“1.8. Egresatuen laneratzea sustatu”. Enplegu guneen jarduera babestu eta optimizatzea planteatzen duzu. Egun, Enplegu guneen jardueren ardura duten langileak Lanpostuen Zerrendatik (LZ) kanpokoak dira, nahiz eta egiten duten lana estrukturala izan. Ez duzu uste enplegu guneen jarduera babesteak eskatzen duela zerbitzua indartze aldera lanpostuak LZkoak bilakatzea? Noizko aurreikusten duzu hori gertatuko dela?

Erantzuna: Gure ustez hau Lanbidek eskaini beharreko zerbitzu bat da, baina hala ere, beraien lana optimizatzea gure helburuetako bat da.

Galdera:
“2. Unibertsitate ikertzailea”.  Eusko Jaurlaritzaren ikerkuntza talde kontsolidatuen laguntza programan egon den arazoa etorkizunean ez errepikatzeko ekintzarik aurreikusten duzu? Baloratu duzu diziplina anitzeko ikerkuntza sustatzeko jardueraren egokitasuna?

Erantzuna: Deialdia Eusko Jaurlaritzak egiten du eta gure konpromisoa da horren arduradunekin harremanetan egotea, deialdi berriari begira beharrezkoa duten informazioa emateko.  

Galdera:
“3.1.2. UPV/EHUko irakasle onenek irakasleak prestatzeko programetan parte har dezaten lortu”. Nola uste duzu lortu daitekeela helburu hau?

Erantzuna: Urteak daramatzagu irakaskuntza arloan bereziki nabarmendu diren irakasleak berrikuntzako programetan formatzaile gisa ekartzen; horren adibidea Eragin programa bera dugu baina beste ikastarotan ere antzeko estrategia erabiltzen dugu. Une honetan, aldez aurretik jadanik gauzatutakoari beste dimentsio zabalagoa eman nahi diogu. Horretarako iRAKER programa abiatu dugu. 2011ean egin zen Hasiberriak programaren oinordekoa den honetan irakasle atxikiei garapen akademikorako eta kanpoko akreditaziorako laguntzeko estrategia gauzatzen dugu. iRAKER programan irakasle seniorrek, mentoria lanaren ardura hartuko dute, hain zuzen ere eskarmentu txikiagoa duten irakasleei laguntzeko. Mentore hauek akademiko arituak dira, esperientzia handia metatu dutenak eta une honetan gazteekin partekatzeko prestutasuna adierazi dutenak. Lehen deialdi honetan 19 irakasle atxikik eman dute izena, eta, beste horrenbeste senior arituko dira aholkularitza lanetan. Gure ustez, hurrengo urteetan zabalpen handia izango duen programa izango da. 

Galdera:
“3.1.3. Kalitatezko irakaskuntzari prestigioa eman, aintzatespen publikoaren bidez”. Irakaskuntzari aintzatespen publikoa egitea egokia da, baina unibertsitatean azken urteetako joera ikerkuntzari lehentasuna ematea da. Kanpora begira jartzeaz gain, ez al duzu ikusten errekonozimendu hori UPV-EHUk berak eta ebaluazio agentziek ere egin beharko luketela?

Erantzuna: Gure ustez irakasleen jarduera profesionala anitza da eta gutxienez ikerkuntza, irakaskuntza eta gizarte “zerbitzua” (transferentzia, lidergoa…) barnebildu beharko lituzke. Maila guztiak garrantzitsuak dira eta irakasle bakoitzaren ibilbidean zehar hirurak garatu behar dira. Zentzu horretan, bata bestea baino gehiago balioesten dela esateak ez gaitu inora eramaten. Hirurak balioetsi behar dira. Hori esanda, kalitatezko irakaskuntzaren arloan aurrerapauso handiak egin direla esango genuke, baina pauso gehiago eman behar dira oraindik. Docentiaz programa kanpotik egiaztatzea izango da, zalantzarik gabe, kalitatezko irakaskuntza instituzionalizatzeko eta normaltzeko urrats garrantzitsua. Egiaztatze honek gainera kanpoko agentziek baliokidetzeko aukerak irekiko dituela uste dugu. Une honetan prozesu hau abian dago jada, eta Unibasq-ekin kanpo egiaztatze hori lortzeko lanean gaude. 

Galdera:
“4.1. Irakasle-ikertzaileen ibilbide akademikoaren garapena eta promozioa babestu”. Puntu honetan jarduera bakarra dago: “4.1.1. Irakasle eta ikertzaileen promozioa errazteko prestakuntza jarduerak garatu”. Ez duzu uste badela garaia irakasle-ikertzaileentzako hainbat urtetako formazio plan bat osatzeko lan-hitzarmenean jasotzen den bezala (50. Artikulua)?

Erantzuna: UPV/EHUn lanean diharduten pertsonen behar formatiboak, igurikapen profesionalak eta prestakuntzan parte hartzearen aurreko jarrera oso anitzak dira. Beraz, prestakuntzak eskaintza oso malgua eta balioanitza izan behar du. Unibertsitateko zerbitzu zentraletatik, “marko bakar” batean aurkezten ez badu ere, irakasle-ikertzaileak formatzeko lanabesak baditu eta kolektibo horretako pertsona askok erabiltzen dute. Datu bat ematearren 2016 urtean 1444 irakaslek parte hartu dute zerbitzu zentraletatik eskainitako ikastaro eta formazio jardueretan. Horrez gain ikertzeko gaitasuna indartzeko beste lanabesak ere erabiltzen dira (PPP-IHP deialdia edo UPV/EHUko ikerketa deialdiak).

Arazoa da ea norainoko eraginkortasuna duten horrelako lanabesek. Une honetan horren diagnostikoa egiten gaude eta hobetzeko neurriak hartzen hasi gara. Epe ertainean baliabide formatibo guztiak orden logiko batean eta karrera akademikoaren etapa desberdinei, hein batean, egokitzea da gura asmoa.

Galdera:
“4.4. Kudeaketako egitura UPV/EHUren egungo premietara egokitzea”. Ez duzu uste Erreferentziazko Langile Zerrenda eguneratzeaz batera badela ordua LZtik kanpo dauden 100 postu LZko lanpostu bilakatzeko? Uste duzu aurten, edo gehien jota, indarreango Unibertsitate Plana bukatu baino lehenago gauzatuko dela Eusko Jaurlaritzak eta EHUk hartutako konpromiso hori?

Erantzuna: Bai, eta uste dugu epe labur/ertainean helduko garela konpromiso hau betetzera.

Galdera:
“4.6. Pertsonalaren osasun fisikoan, mentalean eta sozialean eragin positiboa duten lan inguruneak sortu”.

  1. Ez duzue uste ikastegi eta eraikin ezberdinetan dauden segurtasun arazoak konpontze aldera urte anitzeko Plana osatu beharko lukeela EHUk eta hori gauzatzeko diru laguntza eskatu beharko liokeela Eusko Jaurlaritzari?

Erantzuna: Hurrengo urteetan eraikin ezberdinetan dauden segurtasun arazoak konpontzen ahaleginduko gara.

2. Osasun azterketak Bilboko eremuan burutzeko zerbitzua empresa berri bati       esleitu zitzaionetik hainbat kexa egon dira zerbitzuaren kalitate eskasa dela eta. Badirudi esleipen berria egiteko lehiaketa negoziatu berria martxan jarri nahi dela. Aurten, Bizkaian dagoen mediku bakarraren baja dela eta, egoera are okerrago izaten ari da (ordezkorik ez ete dago). Ez duzu uste empresa pribatu bati zerbitzua azpikontratatzea baino askoz egokiagoa izango litzatekeela Bizkaiko Campuseko Bilboko eremuko eta Eibarreko langilegoari arreta emango liokeen Prebentzio Zerbitzuko Osasun arloaren atala kokatzea Bilbon eta langile propioekin zerbitzua eskaintzea?

Erantzuna: Proposamena aztertuko dugu, baina kontuan izanda legeak eragozten digula langileen kopurua handitzea, oraingoa da modurik azkarrena eta eraginkorrena zerbitzua betetzeko eta gure langileei arreta garaiz emateko.

3. Irakasle-ikertzaile batzuen eskola ordutegi jasanezinak (goizeko lehen orduetan eta egun bereko arratsaldeko azkenekoetan) saihesteko neurririk planteatzen al duzu?

Erantzuna: Egoera hauek ekiditeko, behin salatuta, dagokion Campuseko segurtasunerako eta osasunerako batzordeari komunikatuko zaizkio, ordutegiak antolatzeko ardura duen ikastegi, sail edo institutuarekin batera neurriak hartzeko. 

Galdera:
“5.3. Eskainitako zerbitzuen kalitatea hobetu”.

  1. Ezgaitasun zerbitzuaren hobekuntzaz ez duzu ezer planteatzen. Ez duzu uste ezinbestekoa dela, egun dauden Lanpostuen Zerrendatik (LZ) kanpoko hainbat kontratu LZkotzat jotzea eta zenbaiten kasuan erabiltzen ari zareten kontratu, ordutegi eta azken batean lan-baldintzen etengabeko aldaketekin bukatzea?
  2. SGIKER zerbitzuaz ere aipamenik ez dago zure programan. Ez duzu uste EHUren behar estrukturalak direnei erantzuteko erabiltzen ari zareten LZtik kanpoko lan edo zerbitzu zehatzetarako kontratazioarekin bukatu beharko litzatekeela eta LZko kontratazio egonkorra baliatu beharko lukeela unibertsitateak?

Erantzuna: Giza baliabideen kudeaketa eta plangintza tresna desberdinen bidez burutzen da: erreferentziako plantilla, plangintzarako tresna moduan, eta lanpostuen zerrenda, kudeaketarako tresna bezala. Bata zein bestea baliagarriak dira helburu horietarako eta eztabaidaezina da komeni dela biak bat etortzea, AZPkoen lanpostu guztiak lanpostuen zerrendan egon daitezen. Lanpostuen zerrendan lanpostu berriak sortzeko aukera plangintzaren arabera egin behar da, eta, legeak ezarritako mugak direla eta, ezinezkoa da langileen kopuru netoa handitzea.

3. Ez diezu aipamenik egiten Gazte Informazio Bulegoei. Tamalez, izena eta izana biltzen dituen bakarra egun Arabako Campusekoa da, eta hori bere baitan biltzen dituen eginkizunei erreparatzen bazaie soilik, zerbitzuak astearte eta ostegunetan goizez soilik zabaltzen baititu ateak. Bizkaian eta Gipuzkoan, aitzitik, lehen zegoen zerbitzua ostaturi buruzko informazioa ematera mugatzen da egun, astean bi egunetan soilik Bizkaian, Bilboko eremuko Larrako Etxean eta Gipuzkoan hango Errektoreordetzapean. Ez duzu uste zerbitzua lehengoratzeko eta asteko 5 egunetan jardun ahal izateko pertsonala kontratatu beharko litzatekeela kalitateko zerbitzua eman ahal izateko EHUko Campus guztietan?

Erantzuna: Bizkaiko kasuan, Gazte Informazio Bulegoa zabalik egon zen 2015. urtera arte. Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu bat izan zen. Bertan, garraioari, ostatuari eta bekei buruzko informazioa ematen zen, gazteei loturiko hainbat txartel ere egiten ziren (albergeak erabiltzeko txartela eta gazte txartela). Urte horretan, BFA-ak era honetako bulegoak itxi egin zituen gazteek behar zuten informazioa internet eta sare sozialen bitartez eskuratzen zutelako. Araban, Lurraldeko Foru Aldundiarekin sinatua dugun hitzarmen baten bidez antolatzen da Gazte Informazio Bulegoak ematen duen zerbitzua. Aldundiak finantzatutako zerbitzua da, egungo beharrei erantzuten diena, eta ordutegi mugatu baten barruan. Egungo egoeran ez dugu uste beharrezkoa denik zerbitzua lehengoratzea. Aldiz, sare sozialen erabilera bultzatu daiteke.

Galdera:
“5.6. Campus jasangarriko estrategia orokorra garatu”. Ez duzu uste Mugikortasun Plan Orokor bat beharko lukeela EHUk bere Campus ezberdinetan bidegorriak, garraio publikoa (autobusak, maiztasuna, prezioak..), auto partekatua, oinezko ibilbideak eta abar kontuan hartzeko eta, bide batez, Leioako eremuan Bizkaia Parke Zientifikoaren eremu librea (eraikinik gabekoa lur-sailak egokitzeko unibertsitate osoak disfrutatu ahal izateko (parkea, oinezkoen ibilbideak….)?

Erantzuna: Hiru campusetan garraioa nola dagoen jakiteko ikerketa baten beharra antzeman dugu, Plan Orokorraren abiapuntua izango litzatekeena. Autobus zerbitzua oro har nabarmen hobetu da azken urte hauetan, baina oraindik orain toki jakin batzuetan arazoak daude. Garraioa unibertsitatearen eskumena ez den heinean, zerbitzua hobetu eta aipatu arazoak konpondu aldera, erakundeekin bilerak egin ditugu azken aste hauetan.
Aparkalekuei dagokionez, egoera nabarmen hobetu da hiru campusetan. Baina ahalegin handiagoa egin behar da autoen erabilera murrizteko eta bizikletaren erabilera bultzatzeko, besteak beste, bidegorrien eraikuntza sustatuz, eta bizikletentzako aparkalekuak jarriz.

Galdera:
“6. Gure ingurunean errotutako unibertsitatea”. Atal honetan ez da irakasle-ikertzaileak euskara ikasteko liberazioak aurreikusten. Ez duzu uste behar handia dauden arloetan aukera hau aztertu beharko litzatekeela?

Erantzuna: UPV/EHUko titulazio gehienetan irakasle plazak betetzeko nahiko hautagai elebidun daude. Beraz, euskara ikasteko liberazioak eman beharrean, UPV/EHUren estrategia oraindik erabat euskalduntzeke dauden titulazioetan kontratazio elebidunak egitea da.

Galdera:
“6.1. Euskarazko irakaskuntza eskaintza handitu”. Ez da ezer aipatzen graduondokoetan euskarazko eskaintza handitzeko asmorik. UPV/EHUko Euskararen II. Plan Gidarian, 2017an bukatzen dena, honakoa aurreikusten da “UPV/EHUko master guztiek, ez badira hizkuntza ez-ofizial batean osoki eskaintzen, gutxienez irakasgai bat euskaraz eskaini behar izango dute” eta “UPV/EHUko master guztietan irakasle elebidunen gutxieneko presentzia bermatuko da ikasleek master amaierako lanak euskaraz egiteko eta defendatzeko eskubidea bermatzeko”. Zein neurri aurreikusten duzu bi helburu horiek bete ahal izateko?

Erantzuna: Momentuz, agintaldiko lehenengo sei hilabete hauetan oraindik erabat euskalduntzeke dauden graduak dira gure lehentasuna. Hurrengo jarduera planetan zehaztuko dugu graduondoko ikasketetan euskarazko eskaintza areagotzeko neurriak.

Bigarren aipamenari dagokionez, “UPV/EHUko master guztietan irakasle elebidunen gutxieneko presentzia bermatuko da ikasleek master amaierako lanak euskaraz egiteko eta defendatzeko eskubidea bermatzeko”, printzipioz master guztietan egon beharko litzateke aukera hau bermatuta.

Galdera:
“6.2. Bikaintasun lortu euskarazko irakaskuntzan”. Hainbat jarduera planteatu duzu puntu honetan, Euskararen Plan Gidari berriaren (2018-2022) oinarriak diseinatzeak barne. II. Plan Gidariaren emaitzen ebaluazioa eta euskarak EHUn egun duen egoeraren diagnostikoa (irakaskuntzan, ikerkuntzan, zerbitzuetan…) aldez aurretik egiteko asmorik baduzu?

Erantzuna: Bai, diagnostiko hori 2017. urtea bukatu aurretik egingo dugu.  

Galdera:
“6.3. Euskaraz arreta egokia eman publikoaren harreman zuzena duten lanpostuetan”. Uste duzu AZPko langileak liberatzeko programetan lehentasuna ematea publikoarekin harreman zuzena duten lanpostuei bermatuko duela 86/1997 Dekretuak ezartzen dituen helburuak edo bete-beharrak eskuratzea? Bestalde, baduzu asmorik AZPko alorrean planteatzen diren 1.6 eta 1.7 helburu espezifikoak lortzeko jarduera edota erabakirik bultzatzeko? Baduzu AZP alorreko 1.8 helburu espezifikoa betetzeko asmoa?

Erantzuna: Publikoarekin harreman zuzena duten lanpostuetako langileak liberatzea neurri egokia dela uste dugu. Bestalde, 1.6 eta 1.7 helburu espezifikoak lortzeko epe labur baten euskalduntze batzordean, hizkuntza eskakizunak jartzeko irizpide berri batzuk adosteko konpromisoa hartzen dugu. 1.8 helburu espezifikoari dagokionez Lanpostuen Zerrendatik kanpo diren aldi baterako kontratuen azterketa bat egitera goaz epe ertainean eta momento horretan 1.8 helburua lortzeko pausoak emango dira.

Galdera:
“6.4. Euskararen erabilera soziala sustatu irakaskuntzako eta unibertsitateko bizitzako eremuetan”.

Ez duzu uste puntu honi dagokionean planteatzen duzuna ez datorrela bat II. Plan Gidariaren helburu espezifikoetan planteatzen diren 7. eta 10. puntuetako zenbait jarduerarekin? Ez duzu uste euskararen erabilera sustatu behar dela ikerkuntzan ere?

Erantzuna: Noski baietz. Gainera, esparru ezberdinak izan arren, ikerkuntza unibertsitate bizitzako eremu bezala ere kontsideratu genezake. Dena den, ikerkuntzari dagokionez, 2016/2017 ikasturtean doktorego tesiak euskaraz egitea sustatuko dugu, euskara euskarri digitaletan (blogak, Wikipedia…) ager dadin ekimenak jarriko ditugu martxan eta ekitaldi zientifikoetan euskararen presentzia sustatuko dugu. 

Galdera:
“7. Mundura irekitako unibertsitatea”. Atal honetan ez dago munduko herrialde ez-garatuak laguntzeko zuzendutako jarduerarik. Asmorik al duzu arlo horretan? Eskertzekoa da 8.1.2 jardueran UPV/EHUk errefuxiatuei laguntzeko hartuak dituen konpromisoak garatzeko asmoa.

Erantzuna: Munduko herrialde ez-garatuak laguntzeko zuzendutako jarduerak 8. atalean aipatzen dira, 8.8.1 puntuan, hain zuzen ere. Honek horrela esaten du: “Practicuma eta kanpoko praktikak elkartasunezko ekimenetan eta garapenerako lankidetzako ekimenetan egitea bultzatu”. 

Galdera:
“8.4. Politika berritzaileak garatzea, sormenezko irtenbide eraginkorrak eskainiko dituen unibertsitate jasangarri bat garatu“. Puntu honetan jarduera bakarra dago: “8.4.1. Unibertsitateko talde guztien (AZPko langileak, irakasle-ikertzaileak eta ikasleak) arteko lankidetza sustatu, unibertsitatearen jasangarritasun arazoak konpontzeko“. Aipatzen duzun lankidetzan zein izango da errektore taldearen egitekoa?

Erantzuna: Lehenik eta behin iraunkortasunaren kontzeptu bera eztabaidatu eta esangura berdinaz eraikitzeko prozesu bati ekin nahi diogu. Esan dugun bezala, iraunkortasunerako hezkuntza izan daiteke une honetan sakabanatuta dauden hainbat kontzeptu (eta zerbitzu, programa, plan estrategiko …) norabide komunean jartzeko eta logika global eta eraginkorrago batez dinamizatzeko. Horretarako prozesu parte hartzaile bat zabaldu nahi dugu, zeinean kolektibo desberdinek horren inguruko azterketa berria elkarlanean erdiesten duten. Azken helburua honakoa litzateke: une honetan dauden iniziatiba desberdinen artean sinergiak sortaraziz modu eraginkorragoan kudeatzea eta dinamizatzea. Beraz, ideien gogoetaz landa, une honetan dagoen antolamendua ere eragin nahiko genuke.

Horrez gain une honetan modu esperimentalean egiten ari den Campus Bizia Lab proiektua normalizatu nahi dugu, deialdi espezifiko baten bidez. Campus Bizia Lab proiektuan, nazioarteko Living Campusak adibide hartuta, kolektibo desberdinak elkarlanean aritzen dira unibertsitatean dauden arazoei irtenbide bat emateko.

Galdera:
“9. Gobernu ona sustatzen duen unibertsitatea”. Atal honetan ez dago ikasleen parte-hartzea sustatzeko jarduerarik. Aurreikusten duzu bide horretan lagungarrian izango litzatekeen jarduerarik?

Erantzuna: Bai, ikasleekin biltzeko asmoa dugu, egoera aztertu eta hauen partehartzea bultzatzeko asmoz.

Galdera:
“9.8. Unibertsitateko talde guztiek gobernantzako estrategietan partaidetza handiagoa izatearen aldeko apustua egin”. Proposamen bakarra (eta pobrea, gure ustetan) dago puntu honetan. Benetan partaidetza handiagoa eta demokratikoagoa izan dadin (estatutuak, sektore ezberdinen partaidetza eta ordezkaritza, komunitate osoaren partaidetza areagotzeko jarduerak…) eztabaida zabaltzeko asmorik baduzu?

Erantzuna: Datozen hilabeteetan administrazioko unitateen arteko koordinazio ekintzak jarriko ditugu abian, eta hurrengo ikasturtean, unibertsitateko estatutuen egokitzapenari ekingo diogu, besteak beste, komunitateko kideen partaidetza areagotzeko asmoz. 

Galdera:
Azken urteotan EHUko langileok gure soldatetan murrizketak nozitu ditugu: bataz besteko %5aren jaitsiera 2010ean, 2012ko abenduko ezohiko pagaren kentzea, Itzarriri ekarpena etetea, soldata izozteak… Honen inguruan ez duzu aipamenik egiten. Baduzu jarduerarik bultzatzeko asmorik? Eusko Jaurlaritzari zor zaigun 2012ko abenduko paga extra itzultzeko EHUri behar duen diru-ekarpena egiteko exijituko diozu? Itzarriri egin beharreko ekarpena berreskuratzeko behar besteko aurrekontua eskatuko diozu? Edo, leialtasun instituzionala medio, ez bata, ez bestea gabe jarraitu beharko dugu EHUko langileok?

Erantzuna: Gure asmoa da UPV/EHUren soldata eta lan baldintzak hobetzen lagundu ahal diguten mekanismo guztiak aztertzea, unean uneko arautegia errespetatuz eta aurrekontu baliabideak aintzat hartuz.

Aparteko ordainsaria aurreratzea bezalako ekintzekin jarraituko dugu, gure pertsonalaren erosahalmenaren galtzerik ekidin zuena, bai eta akordioen bidez lortutako beste hobekuntza neurri espezifiko batzuk ere, 2015ean erretirorako kalte-ordainen inguruan adostutakoak kasu.

Dakizunez UPV/EHUren aurrekontuak Eusko Jaurlaritzak egiten dion ekarpenaren menpe daude eta berari planteatu beharko diogu ekarpen horiek egiteko diru kopuruak aurrekontuetan jarri beharra.

 Otsailaren 21ean Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartuko duen aurrekontuen Lege proiektuan 2012ko abenduko ez ohiko pagaren beste %25 bat berreskurapena eta soldaten %1eko igoera aurreikusten dela jakinarazi digute.

Galdera:
AZPri dagokionez ez duzu asmorik egonkortasun akordio berria jorratzeko Jaurlaritzaren agintaldi berrian zabal litezkeen aukerak baliatzea egungo langilegoaren prekarietatea murriztu ahal izateko?

Erantzuna: AZPko langileen aldi baterakotasun tasa konpontzeko UPV/EHUk konpromiso tinkoa duela ukaezina da. Horretarako, bere garaian Enplegu Publikoaren Legeari alegazioak egin zitzaizkion, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legean gertatzen den bezala egonkortasun berria aitor dadin.

AZPko langile funtzionarioen eta lan kontratudunen negoziazio mahaietan azaldu zenez, gure asmoa da sindikatuekin negoziatzen jarraitzea, administrazio publiko eskudunari egonkortasun akordio berri baterako proposamena aurkezteko.

Aldezlearen urteko txostena

Galdera:                                                                                                                                                              2016ko aztergaien zerrenda ikusita, 559. zenbakia duena, Erantzunik eza GRAL espetxean egiteko aukerari buruzko errekurtsoari izenekoa: Zergatik ez zitzaion eman erantzunik? Zer aholkatu zuen Aldezleak? Nola bukatu da afera?

Erantzuna: Ez dakigu zergatik ez zitzaion erantzunik eman. Kexu hori 2016/03/02an jaso zen bulegoan. Biharamunean Aldezleak idazki bat bidali zion Errektoreari, erantzuteko eskakizuna eginez. Geroago, presoaren senitarteko batek jakinarazi zigun erantzuna jaso zutela azkenean. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude