2017ko irakasle-ikertzaileen Lan-Eskaintza Publikoa onartuta

Azken ordura arte egon da argitzeke Eusko Jaurlaritzak ekonomikoki bermatuko zuen ala ez 2017ko Lan Eskaintza Publikoa (LEP). Azkenean, abenduaren 14ko Gobernu Kontseiluan UPV/EHUko zuzendaritzak zehaztu zuen 2017ko LEPean eskainiko dituen 161 irakasle-ikertzaileen lanpostuen banaketa kategoriaz, baita barne promozioaren bidez 20 katedra eskainiko dituela eta, aurten, lehenengo aldiz, LEP osagarri bat aterako duela beste 39 agregatu plazez osatua (ikusi taula).

2016an egon ziren 161 erretiroen truke, beste hainbeste plaza iraunkor eskainiko dira 2017ko LEPean, %100eko birjartze-tasak ezartzen duen muga dela eta. Hauetatik 96 irakasle agregatu, 36 unibertsitateko titular, 5 irakasle oso eta 24 doktore-ikertzaile iraunkor. Horrez gain, beste 20 katedra eskainiko dira barne promoziotik.

2017ko LEPak baditu argi ilunak. Alde positiboen artean, 102 plaza (%63a) behin behineko irakasleak egonkortzera zuzenduko direla, 96 agregatura eta 6 titularrera. Aipatzekoa da UPV/EHUko zuzendaritzak, LABen eskaerari partzialki kasu eginez, hasierako plaza kopurua %11 igo duela. Ilunen artean, irudi iraunkor batetik bestera, agregatutik titularrera, igarotzeko erabiliko diren 30 plazak, beste hainbeste behin-behineko irakasle egonkortzeko aukera aurten kenduz (nahiz eta plaza horiek 2018ko LEPean berriz sar daitezkeen). Iluna ere, legeak derrigortuta, “Ramón y Cajal” ikertzaileentzako 24 plaza esklusiboki erreserbatu behar direla, gainontzeko ikertzaileak iraunkortzeko ateak ixten diren bitartean. LABek ez du bat egiten bazterketa honekin, larriagoa dena gainera horietako plaza batzuk bete gabe geratzen direla jakinda.

Azkenik, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 3/2017 Legeak irakasle-ikertzaileen lan eskaintza publikorako tasa gehigarri bat aurreikusten du behin-behineko langileak egonkortzeko. Tasa horren arabera, gehienez ere, 2016ko abenduaren 31tik atzerako hiru urteetan behin-behinean eta etenik gabe beteta egon diren plantillako plazen %90a atera daiteke LEP gehigarrian. Horri erantzunez UPV/EHUk LEP osagarri bat eskainiko du 39 irakasle atxikiri agregatu irudira igarotzeko aukera emateko. Esan behar da tasa gehigarri horren interpretazioan ez datozela bat estatuko unibertsitateak eta Madrileko Ogasun Ministerioa eta dagoeneko Madrileko Gobernua LEP gehigarriei helegiteak jartzen hasi dela.

LABek egiten duen irakurketa laburbilduz, nabarmentzekoa da behin-behinekoak iraunkortzeko zuzenduko diren plaza kopuruak LEPean duen pisu garrantzitsua, baita behin-behinekotasuna jaisteko LEP osagarria ateratzearen aldeko ahalegina. Helburu berarekin, hurrengoetarako egonkortzearen presentzia oraindik handiagoa izatearen alde borroka egingo dugu, bai eta ikertzaile guztiek ibilbide akademikoan aurrera egiteko eta irudi iraunkorretara igarotzeko eskubidea izan dezaten.