AZPren 2018ko eta geroko Lan Eskaintza Publikoak: Planteamendu bermeduna

Urriaren 30ean egindako UPV/EHUko Batzorde Negoziatzailearen azken bileran, unibertsitate-zuzendaritzak egindako 2018ko LEPa AZP funtzionarien Administrari Laguntzaile Eskalaren 38 plazekin ateratzeko proposamenaren eta deialdia akordiorik gabe egiteko mehatxuaren aurrean, LABek honako alternatiba hau proposatu zuen:

  1. 2016 eta 2017ko (AZP laboralen 77 plaza) LEPen Oinarri Orokor zein Espezifikoak EHAAn berehala argitaratzea.
  2. Administrazioak proposatutako 2018ko LEParen 38 plazak –erreposizio tasari dagozkionak– pertsonal egonkorrak betetako postuenak izan beharko dira. Gainera, posible balitz, 2018ko Estatuaren Aurrekontuen Legeak ez kontsolidagarri gisa jotzen dituen horietakoak izatea, horrela eskainiko den plaza kopurua handitzeko.
  3. 2018ko LEPak 2019an edo 2020an zehar deituko den LEP zabalarekin batera egikaritu beharko da, langile egonkorrek lan harreman finkodun langile bilakatzeko duten aukera bana ez  erabiltzeko deialdi bakoitzean. Hauxe, edozein kasutan, bermatu beharrekoa izango da.
  4. 2016ko gutxienekoen akordioan aurreikusitako neurrien aplikagarritasuna LEP zabalari bermatuta geratu beharko da.
  5. Aurreko puntuetako printzipioetan oinarrituko den 2018ko LEPari eta LEP zabalari buruzko Akordio berria abenduko Gobernu Kontseilura bidaliko da berretsia izan dadin.

UPV/EHUko Administrazioak gure proposamena ontzat jo zuen eta 2016 eta 2017ko deialdiak EHAAn argitaratzeko agindua emateko konpromisoa hartu zuen. Ondorioz, 2018ko LEParen nondik norakoak datorren azaroaren 8ko bileran negoziatzen jarraituko da.

Funtzionarioen Lekualdaketa lehiaketa eta barne promozioa

Urriaren 30ean ere LEP aurretik burutu beharreko AZP funtzionarioentzako Lekualdaketa Lehiaketaren  proposamena eraman zen Plangintza Batzordera.

Gainontzeko sindikatuek eta Administrazioak otsailean negoziaturiko oinarriak behin-betikotzat jo zituzten. LABek desadostasuna agertu zuen euskararekin alderatuz atzerriko hizkuntzen (ingelesa esaterako) balorazioari ematen zaion tratu pribilejiatu eta diskriminatzailearekin, hauen ezagutza C2ra artekoa baloratuz atzerriko hizkuntza betekizuna ez den lanpostuetan. Euskararen kasuan ordea, honen balorazioa mugatuta dago lanpostua kokatzen den titulazio taldean ematen den hizkuntza eskakizunaren gehiengoarekin (B1 eta B2, E, D, C taldeetan eta C1 A taldean).

Gainera, lan-kontratudunen eta funtzionarioen artean egiten den tratu desberdintasuna ez dugu babesten. Lan-kontratudunen lekualdaketa lehiaketa, Zuzendaritzak inoiz lekualdaketa lehiaketan eskaini ez diren plazak eskaintzera mugatu zuen. Funtzionarioen kasuan ordea, Zuzendaritzak, gainerako sindikatuen babesarekin, plaza huts guztiak deialdian eskaintzea proposatu zuen, alde batera utzita aurretik lekualdaketa lehiaketan eskainita dauden ala ez, edo LEP deialdian eskainiko diren ala ez.

Bestalde, lekualdaketa lehiaketaren emaitzak eta birkokapenak nola egikarituko diren da zehazteke dagoena.

Funtzionarioen barne-promozioari dagokionez, Administrazioak 2018, 2019 eta 2020ko LEP deialdiekin batera burutuko dela adierazi zuen.