Agregatu eta Titular irudietarako EPEa: akatsak plazen zerrendan

Print Friendly, PDF & Email

Uztailaren amaieran argitaratu zen UPV/EHUko web orrialdean “Irakasle agregatua, doktore kontratatua edo titularra izateko akreditazioa duten irakasle atxikien eta postu hutsak betetzen ari diren lan kontratudun bitarteko irakasleen zerrenda”. Hemen klik eginez ikus dezakezu.

Uztailaren 9an Gobernu Kontseiluan Enplegu Publikoaren Eskaintzaren (EPE) bidez lehiaketara ateratzeko onartu ziren 35 plaza (agregatu eta titular irudietarako) zein izango diren erabakitzeko erabiliko litzateke zerrenda hau, eta noski, hurrengoetan ere bai.

Irakasle bakoitzaren puntuak kalkulatzeko, 2015eko martxoaren 31 datarekin, honako irizpideak erabili ziren:

  • agregaturako/titularrerako akreditazioa lortu zenetik urte bakoitzeko puntu bat
  • Irakasle atxiki bezala egondako urte bakoitzeko 0,5 puntu

Irakasle batzuek ikusi dute daukaten puntuazioa ez dela aipatutako irizpideen arabera izan behar zutena eta administrazioari jakin arazi diote. Zuzenketa batzuk egin badira ere, ez da errebisio osoa egin eta oraindik ere akatsak egon badaudela jakin badakigu. Hortaz, errebisio osoa egitea eta ordena zuzena ezartzea eskatzen dugu.

Birjartze-tasak indarrean darraien artean, %100 izanda ere, egungo inbutuak urte batzuetan eragingo du, hots, zerrendak jarraituko du eta horregatik, ezinbestekoa da zuzen hastea irakasleen arteko bidegabeko egoerak ekiditeko. Beraz, norberak bere puntuazioan akatsik sumatuz gero, jakinarazi Irakasle eta Ikertzaileen arloko errektoreordetzari (vrprofesorado@ehu.eus) (eta guri nahi izanez gero) ordena zuzen dezan, orain da unea.