Atxiki plaza hutsetan dauden interinoentzat tutorizazio programa onartua

Gaur, 2018ko abenduaren 19an, UPV/EHUko Lan-kontratudun Irakasle-Ikertzaileen Negoziazio Batzordeak onartu du Tutorizazio-programa, Bitarteko Irakasle Kontratatuek (interinoek) atxiki kategoriako lanpostuetara aurkeztu ahal izateko baldintzak lor ditzaten. Programa abian zegoen lehenagotik, baina ez zegoen erregularizatua, eta gardentasun gutxikoa zen. LABen eskaria izan da urtetan egoera erregularizatzea, eta egin ditugun proposamenetan oinarrituta akordioaren testua osatu da.

Helburua da jada konkurtsora atera ziren eta huts geratu ziren plazak betetzen ari den Bitarteko irakasleei atxiki plazarako behar diren baldintzak (doktoregoa, atxikirako akreditazioa eta/edo hizkuntza-eskakizuna) lortzen laguntzea. Horretarako irakasleak tutore bat izango du bere sailean, eta programak irauten duen bitartean, urtez urte erakutsi beharko du aurrerapausoak ematen ari dela helburuak lortzeko.

Akordioa irakaslearen, sailaren eta IRIen Errektoreordetzaren artean sinatuko da. Epe maximoak honakoak izango dira:

  • Doktore titulua ez badu, hiru urte doktoretza egiteko eta gero beste bi urte atxiki akreditazioa lortzeko (gehi beste urte bat plazaren hizkuntza-eskakizuna lortzeko, aldez aurretik ez badu)
  • Doktore titulua badu, bi urte atxiki akreditazioa lortzeko (gehi beste urte bat plazaren hizkuntza-eskakizuna lortzeko, aldez aurretik ez badu)
  • Doktore titulua badu eta atxiki akreditazioa badu, baina plazaren hizkuntza-eskakizunik ez, hiru urte hizkuntza-eskakizuna lortzeko

Konpromisoak irauten duen epearen barruan, urteko txostenean ikusten bada beharrezko aurrerapausoak eman direla konpromisoa urtebetez luzatuko da, bestela plaza konkurtsora aterako litzateke, irakasleari entzun eta gero.

LABek positiboki baloratzen du akordioa, izan ere, plaza hutsik geratzen direnean, behin behinekoz betetzen duten pertsonei behar diren baldintzak betetzeko laguntzen dielako.Bestalde, programa arautu da gardentasun handiago eta berme gehiago izatearen bidean.