Auzitegi gorenak bertan behera utzi ditu unibertsitateko zuzendaritzak AZP eta IIPko kideei ezarritako aldebakarreko murrizketak

Print Friendly

Pasa den asteazkenean, 2015eko azaroaren 25ean, UPV/EHUko langileek jasotzen dituzten matrikulak ordaintzeko laguntzen murrizketak legez kanpokoak direla berresten duen Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu genuen. Unibertsitateko matrikulen ordainketen eskubidea AZP eta IIP laboralen Hitzarmen Kolektiboan eta funtzionarioen Langileen Lan-Baldintzak Arautzeko Hitzarmenean jasotzen da. Unibertsitateko zuzendaritzak negoziazio kolektiboan adostutakoa bertan behera uzteko aldebakarreko erabakia PRECOren aurrean salatu zen lehendabizi eta epaitegietan ondoren.

2014ko uztailaren 22ko Euskadiko Auzitegi Nagusiaren lehen epaiak arrazoia eman zigun murrizketak ezartzen zituen Gerentziaren zirkularra bertan behera utziz, eta oraingoan Auzitegi Gorenak aipaturiko epaia berresten du.

Aipatu demanda bide sozialetik bideratu bada ere, eta beraz ondorioak langile laboralei soilik aplikagarriak izan, zirkularraren baliogabetzearen ondorioak funtzionarioei ere aplikagarri direla ulertzen dugu.

Ondorioz, administrazioak 2013-14 ikasturteko lehenengo matrikulen zein ondorengoen ordainketen 100%a osatuko beharko du, horretaz gainera, 2014-2015 ikasturteko bigarren matrikulak eta ondorengoak ere ordaindu beharko ditu eta 2015-2016ko matrikulentzako 2016ko urtarrilerako aurreikusita dagoen deialdia Hitzarmen Kolektibo eta Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenekin bat etorri beharko du.

Epai hau eta aurre jubilazioen primei dagokiena hitzarmen kolektiboko itunak albo batera aldebakartasunez utzita jardun duen unibertsitateko zuzendaritzarentzat zuzengarri serio eta zorrotza dira, eta horretaz gain Gobernu Kontseiluko kideentzako abisua da beren jarrera otzan onartezinaz ohartarazteko.

Hasiera batean UPV/EHU ofizioz arituko da eta egin beharreko ordainketak 2015a bukatu baino lehen egingo dira.