Badator 2017ko osagarrien deialdi “berpiztua”

Pasa den ostegunean, irailak 20, Plangintza Batzordea izan genuen irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordearekin sindikatu guztiok, tartean LAB eta Steilas. Bertan, ohi dugun moduan, datorren Gobernu Kontseilura eramango diren gaiak eztabaidatu genituen (etzidamu, irailak 27, izango da). Osagarri Gehigarrien 2017ko deialdi “berpiztua” aurkeztu zigun bertan, A eta B tarteetara mugatuta, zeren Gizarte Kontseiluak tarte horien “terminazioa” [sic] berretsi baitzuen uztailean (iazkoan bezala 2017ko abenduaren 4ra arteko merituak aurkeztu ahal izango dira, eta abar). C tarteak, aldiz, onetsi egin ziren; beraz ez dira berriz deitu behar.

Errektoreordeak esan zigunez, Gobernu Kontseiluan onartu eta Gizarte Kontseiluak deialdiari argi berdea lehenbailehen ematea dute lehentasun, prozesu guztiak ahalik eta arinen har dezan martxa berriz. Guk erantzun genion kaltea eginda dagoela, zeren berehala argitaratu arren ez baitago asti materialik ebaluazioak 2018an bertan gauzatzeko, eta, beraz, A eta B tarte berriak ez direla 2019an ordaintzen hasiko, 2015etik ezarrita zegoen dinamika hautsirik. Gauza bera C tarteekin: urtean bertan ebatzi ziren 2015ean eta 2016an, eta 2016ean eta 2017an hasi ordaintzen; oraingoan, ordea, 2018an ebatzi direnez 2019an hasiko dira ordaintzen.

Atzerapenaren erantzule, Jaurlaritza eta Unibasq. Baina jakin badakigu nortzuk diren atzerapen horien jatorrizko erantzuleak: Jaurlaritza, eta de facto bere morroi gisa aritu den Unibasq. Atzerapena zerk eta protokoloa egokitu beharrak ekarri duela saldu nahi izan digute; baina gertakizunak aztertzen baditugu, bestelakorik ondoriozta liteke:

  • A eta B tarteei dagokienez, protokolo berriak aukera ematen die 2017ko eskatzaileei protokolo “zaharraren” irizpideen arabera ebaluatuak izateko. Baina protokolo berri horrek ekainaren 27ko sinadura dakar (nahiz eta irailaren 7an argitaratu), eta “terminazioa” ebatzi zuen Gizarte Kontseilua uztailaren 25ean izan zen. Bitarte horretan, zergatik ez zaie galdetu eskatzaileei ea protokolo zaharrari eusten zioten? Baiezkoan, posible zen ebaluazio horiek mantendu eta aurten ebaztea!
  • C tarteei dagokienez, uztailean onetsi izanak argi eta garbi erakusten du haien tramitazioak ez zeukala zerikusirik protokoloarekin, eta, beraz, zaharra kolokan egonda ere, 2017an bertan ebatz zitezkeela, aurtengo urtarriletik aurrera ordaintzen hasteko. Bereziki mingarria zaigu tarte hauekin gertatutakoa EHUn berrikien sartutako irakasle-ikertzaileei, eta beraz soldata murritzenak dauzkatenei, eragiten dielako.

Honen aurrean zelan jokatu dezakegun aztertzen ari gara, baina hartzen dugun erabakia edozein dela ere, ez dugu arinkeriaz hartuko, protokoloaren “moldaketaren” aitzakian gertatutakoa ikusirik.

Protokolo aldaketa, garaipen pirrikoa. Izan ere, oporraldi aurreko agirietan adierazten genizuen bezala, lehengo protokoloa ez zen gure gustokoa; baina beti pentsatu dugu akats estrategikoa zela haren kontra egitea epaitegietan. Tamalez, bestelako iritzia zeukan CCOO sindikatuak: gogor ekin zion judizialki autoebaluazioa ahalbidetzen ez zuela-eta… eta bistan da emaitza: puntuazio maximoa lortzeko adibideak gehienbat, zenbait ataletan puntuak eskuratzeko zailtasun handiagoak, saturazioak nonahi… eta urtebeteko “izozketa”.

Guretzat, Steilas eta LAB sindikatuontzat, irakasle-ikertzaileon soldata-oinarri benetan eskasa duintzean datza Osagarri Gehigarri hauen garrantzia. Badakigu beste batzuk bikaintasunarekin itsututa bizi direla elite gorenetan. Halako pentsaerakoei guk irmo esan behar diegu: oinarri ahulen gainean ez dago etxe bikainik altxatzerik!

Ezin aipatu gabe utzi, azkenik, 440 irakasle-ikertzailek sinatu zutela pasa den ikasturtearen bukaeran “Gure Soldaten Defentsan: Osagarrien deialdiak urtero eta garaiz!” aldarri horrexekin bultzatu genuen manifestua. Uztaileko Gizarte Kontseiluan aurkeztu genituen sinadurak eta manifestua, eta gure ordezkariek 2017ko deialdia osorik mantentzea defenditu zuten bertan, baita “terminazioaren” aurka bozkatu. Emaitza ezagutzen dugu, bai, baina argi geratu zen injustizia bat gauzatzen ari zirela, eta horren aurrean ez garela isilik geratzen ezta geratuko ere.

GURE SOLDATEN DEFENTSAN:

OSAGARRIEN DEIALDIAK URTERO ETA GARAIZ!