Behin-behineko Irakasle-Ikertzaileentzako seiurtekoak lortzeko borroka judiziala hasi dugu

Print Friendly

LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua:

Azkenaldian Europako sententziek argi utzi dute langile iraunkor eta behin-behinekoen arteko diskriminazioa Europako Zuzentarauen aurkakoa dela eta neurriak hartu behar direla bi kolektibo horien eskubideak parekatzeko. Horren ondorioz, behin-behineko Irakasle-Ikertzaileei dagoeneko aitortu zaie bosturtekoak lortzeko eskubidea UPV/EHUn. Aldiz, seiurtekoak eskatzeko Unibasqek argitaratu duen azken deialdian behin-behinekoak diskriminatuak izan dira berriz ere, Europako Zuzentarauei muzin eginez.

Seiurtekoen deialdian behin-behineko irakasleak bazterrean uztea diskriminazioa da zalantzarik gabe, larria gainera kontuan hartzen badugu horietako askok dagoeneko ikerketarekin lotutako merezimendu nahiko dituztela aitortuta, Irakasle Agregaturako akreditazioa lortzeraino. Gogoratu horretarako seiurteko bati pareka daitezkeen merezimenduak eskatzen dituela Unibasq-ek.

LAB eta Steilas sindikatuok beti lehenetsi izan dugu negoziazioa, baina borondate gutxi erakutsi dute Unibasq-ek, Eusko Jaurlaritzak eta Errektoretza taldeak. Horregatik, negoziazioaren bidera itzultzeko asmoa mantentzen badugu ere, irakasle eta ikertzaile laboralen esparruan gehiengoa osatzen dugun Steilas eta LAB sindikatuok bide judiziala jorratzen hastea erabaki dugu. Gauzak horrela, egoera desblokeatzeko, seiurtekoen 2016eko deialdiaren aurkako lan-gatazka aurkeztu dugu PRECOren aurrean, behin-behineko langileak kanpo utzi direla arrazoituz.

Zoritxarrez, PRECO-n atzo egindako bitartekaritza saiakerara ez ziren agertu tartean dauden beste eragileak (UPV/EHU, Eusko Jaurlaritza eta Unibasq), negoziaziorako borondate eza frogatuz eta euren langileei eta ordezkari sindikalei dieten errespetu eskasa erakutsiz.

Argi utzi nahi dugu bidegabekeria eta diskriminazio egoera hauek ezabatzeko negoziazioa hasteko borondaterik ez badago, bide juridikotik eta mobilizazioen bidetik jarraituko dugula guztion eskubideen alde.

DISKRIMINAZIOAREN ETA PREKARIETATEAREN AURKA!

SEIURTEKOEN ETA BOSTURTEKOEN AITORPENA ETA ORDAINKETA IRAKASLE-IKERTZAILE GUZTIEI!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude