Borroka sindikalaren lehenengo emaitza: bosturtekoen ordainketa

Gaur UPV/EHUko administrazioak sindikatuekin burutu beharreko Negoziazio Kolektiboari hasiera eman dio. Negoziaziorako proposatutako gaiak honako hauek dira:

  • Aldi baterako langileen bosturtekoak eta seiurtekoak
  • Egonkortasuna
  • Prestakuntza eta berrikuntza
  • Ikertzaileak
  • Arduraldi partzialeko irakasleen lan baldintzak
  • Irakasle-ikertzaileen ordezkapenetarako poltsen arautegia
  • Erretiroak
  • Irakats betebeharraren banaketa

Gaurko saioan aldi baterako irakasleen bosturtekoak eta seiurtekoak izan ditugu hizpide: UPV/EHUk adierazi du bosturtekoak errekonozituak dituzten aldi baterako irakasleei ordaindu egingo zaizkiela. Edozein modutan proposamen zehatza ez dute aurkeztu, bereziki bosturtekoen diru-balioari eta aurreko deialdietan onartutakoen atzerapenak ordaintzeko epeei dagokionean.

LABek eskatu du lehenbailehen aipatu proposamena zehaztea, eta horretaz gain, aldi baterako irakasleei seiurtekoak ere onartzea eta ordaintzea, duela gutxi Estatuko sententzia batek agindu moduan, gai hau konpondu ordez, gehiago judizializatu aurretik.

Era berean, lanaldi partzialean dauden irakasleei ere bosturtekoak eta seiurtekoak onartzea eta ordaintzea eskatu dugu, partzialtasunaren portzentajearen arabera.

Gaurko aurrera pausoa aspalditik datorren borrokaren emaitza da. LABek aspalditik aldarrikatu du aldi baterako langileei onartutako bosturtekoak ordaintzea. Horretarako mobilizazioak egin ditugu Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren aurrean, Unibertsitateko 2018ko aurrekontuen eztabaidan ordainketa gauzatzeko emendakina sartu genuen, eta emendakin hori onartuta izan ez bazen ere, Errektore andreak konpromisoa hartu zuen udaberriko oporren aurretik bosturtekoen ordainketarako proposamen bat aurkeztuko zuela, oraingoz beste bi astez atzeratuko dena. Garrantsitzuak izan dira ere afektatuen kolektiboaren mobilizazio eta presio ekintzak.

LABek hobesten du negoziazioaren bideari ekitea, eta kasu honetan ere horrela jarraituko dugu. Hemen LABek aurkeztu duen proposamena topatuko duzu. Berri zehatzagoak daudenean informatuko dugu.