Bosturtekoak behin-behineko irakasleentzat: Diskriminazioaren kontrako mobilizazioak

Print Friendly, PDF & Email

Bosturtekoak aitortuta eduki arren kobratzen ez dituzten behin-behineko irakasleekin UPV/EHUren hiru Campusetan egin diren asanbladen ostean, eta egon daitezkeen zalantzetatik haratago (epaitegietan helegite indibidualak jartzea, iraunkorra izanda behin-behineko irakasle bezala aitortutako bost urtekoei uko egitea, eta abar), presio neurriak beharrezkoak zirela onartu zen gai honi irtenbidea emateko. Soilik kaltetuen erantzun irmo baten ondorioz lortuko da behin-behineko irakasleei bosturtekoen ordainketa gauzatzea.

Injustizia baten aurrean gaude eta, norberaren irtenbide pertsonaletik haratago, UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzak sentitu behar dute haien ardura zuzeneko diskriminazioa guztiok salatzen dugula. Horregatik datozen asteetan hurrengo mobilizazioak burutuko ditugu:

  • Abenduaren 5ean, asteartea, 10:00etan, kontzentrazioa Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Lakuan). Haien esku dagoelako 3/2004 Legean eta 41/2008 Dekretuan egin beharreko aldaketak egitea.
  • Abenduaren 14an, osteguna, 9:30etan, kontzentrazioa Bizkaia Aretoaren aurrean, Bilbon, Gobernu Kontseilua hasi baino lehen. Haien esku dagoelako bost urtekoak jada ordaintzea, eta Eusko Jaurlaritza presionatu behar dutelako UPV/EHUko langileen diskriminazioarekin bukatzeko.

(Etortzekoa bazara informatu LABeko egoitzetan garraioaren antolaketa baloratzeko).

Bi kontzentrazio hauetaz gain, honako ekimen gehigarriak aurrera eramango ditugu, non zure inplikazioa ere beharrezkoa den:

  • Diskriminazioa agerikoa egin dezagun eransten diren kartelak inprimatu eta zure bulegoan, zure zentroko korridoretan, … jarri.
  • Zure Saileko Kontseilura zein zure Zentroko Batzarrera gaia eraman, arazoa azalduz eta eskaerarekiko atxikimendua eskatuz. Sailak zure irakaskuntza jardueraren aldeko txostena sinatu badu, logikoa da kobratzeko eskaera babestea. Zentroak ere beren langileen eskubideen alde kokatu behar dira irakasleen arteko diskriminazioa bukatzeko eskatuz. Aipatutako eskaera hauek bideratzeko eredu bana (.doc, .odt) eransten da (eskaerak bideratu ostean, emaitza jakinarazi mesedez, lab.gasteiz@ehu.eus helbidera idatziz)

Zabal ditzagun ekimen hauek gure lankideen artean eta parte hartzera animatu. Kolektibo zabal baten arazoa da eta guztion inplikazioa beharrezkoa da.

Eusko Jaurlaritza, UPV/EHUko zuzendaritza, ez egin ez ikusiarena.

Langileen arteko diskriminazioari ez!