Egin kontu! Aurrekontu feministen garaia da

Print Friendly, PDF & Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aurrekontuen eztabaida pil-pilean delarik heldu zaigu aurtengo martxoaren 8a. Martxoaren 8ko egunean, urtero, emakumeok gure bizitzaren esparru ezberdinetan oraindik ere pairatzen ditugun diskriminazio eta biolentzia egoerak salatzen ditugu eta dei egiten diegu instituzio zein agintari politikoei, egoera iraultzea ekarriko duten lege, politika eta neurri ausart eta feministak praktikan jar ditzaten.

Aurten, aukera ezin hobea dute, borondate politikoarekin, emakumeok pairatzen dugun egiturazko diskriminazioari aurre egiteko neurri praktiko eta gauzagarriak martxan jartzeko, orain aurkeztu behar baititu Eusko Jaurlaritzak EAErako aurrekontuak.
Aurrekontu publikoak, izatez, herritarrengandik erabat urrun geratzen den diru sarrera eta gastuen txosten tekniko huts bat baino zerbait gehiago dira. Aurrekontuak erabaki politikoak dira, diru publikoa zertan eta nola gastatuko den zehazten dute, hau da, eraiki nahi den jendarte ereduaren definizio argia dira. Era berean, aurrekontuak dira herri batek bere aberastasunaren banaketarako duen bitarteko edo tresnarik garrantzitsuena. Eta esan beharrik ez dago, soilik aberastasunaren banaketa justu, orekatu eta etiko batek bermatu ditzakeela herritar guztientzako bizi baldintza duinak.

Aurreko Martxoak 8 batetako irudia.

Aurrekontu feministak nahi ditugu. Bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarri, pertsonen behar zein interesak babestu eta bermatu, eta bizitzaren prekarizazioari aurre egitea ahalbideratuko duten aurrekontuak behar eta nahi ditugu.

ABERASTASUNA BANATU
Politika fiskal berria eskatzen dugu, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten.
Prekarietate eta pobreziaren kontrako babes plan integrala: emakumeon egoera irauli ahal izateko neurri eta estrategia zehatzak barnebilduz, pobreziak emakume aurpegia izateari utz diezaion.
– 1.200 euroko gutxieneko soldata.
RGI eta gainerako laguntzetan emandako murrizketak baliogabetu, eta gizarte babesa handitzeko neurriak. Are gehiago, enplegu bat izan arren, prestazio sozialak jaso behar dituztenen kopurua etengabe igotzen ari den honetan.
Etxebizitza publikoen gizarte sarea: Etxebizitzaren legeak bermatzen duen etxebizitzarako eskubide subjektiboa salbuespenik gabe bete dadin.

LANA BANATU
35 orduko lan astea: oro har lanaldia murrizteak guztioi gure zaintza lan eta ardurei modu korresponsablean erantzutea ahalbideratuko digulako; bestalde, emakume askoren kasuan 35 orduko lan astea bermatzea ere bada lanaldi partzial inposatuekin bukatzeko neurri bat.
– Lanaren ikuspegi integralari erreparatuko dion erantzunkidetasun eta kontziliazio legea:
Zaintza lanen banaketa orekatu eta erantzunkidea bermatuko dituzten neurriak, erantzunkidetasun laborala eta familiarra modu paritarioan sustatzea ahalbideratzeko neurriak.
– Bizitzaren zaintza zikloei modu egokian erantzungo dion zerbitzu soziokomunitarioetako sare bat eraikitzea.

BIOLENTZIA MATXISTAREKIN AMAITU
Biolentzia matxistaren aurkako lege integrala: integrala, eragin eremu edo esparruak anitzak direlako (babesa, bitartekoak, hezkuntza, komunikabideak…) zein administrazio ezberdinen arteko jarduera koordinatua beharrezkoa duelako.
– Ikastetxe, institutu eta unibertsitate guztietan ezarri beharreko hezkidetza plana, baliabide tekniko zein ekonomikoak aurreikusiko dituena.

Aurtengo martxoaren 8an, beraz, Eusko Jaurlaritzak, eta bide batez, agintari politikoek, aukera dute urteroko diskurtso instituzional formal eta hutsaletatik benetako praktika eta neurri ausart feministetara urratsa emateko. Erabaki egin behar dute emakumeen bidelagun izan nahi duten ala emakumeoi iruzur berri bat egiteko prest dauden. Guk, emakumeok, ez dugu iruzur berririk onartuko.

MOBILIZAZIOAK
Eskumako zutabean dagoen Martxoak 8ko kartelean klikatuta, Euskal Herriko hiruburu nagusietan egongo diren manifestazioen leku eta orduak azaltzen dira. Horietan eta egunean zeharreko bestelako ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.