EHUko behin behineko irakasleei aitortu zaizkien bosturtekoak ordain dakizkien eskatzeko elkarretaratzea

Aitortuta eduki arren, EHUko irakasle ez-iraunkorrak ez daude bosturtekoak kobratzen ari.
Behin behineko irakasleen urtetako aldarrikapena izan da bosturtekoak aitortu eta kobratzearena. Izan ere, irakaskuntzari dagokion osagarri hau irakasle iraunkorrei soilik onartzeak  diskriminazioa ezartzen baitu irakasleen artean.

Izan ere 2015ean, berrehun irakasle ez-iraunkor inguruk osaturiko kolektibo batek mobilizazio ezberdinak antolatu zituen beren eskubideen defentsan, EHUren erantzuna, ordea, entzungorrarena izan zen.

Diskriminazio horren aurka, berriz,  2016ko otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiaren gizarte arloko epaimahaiak EHUko behin behineko irakasle bati bost urtekoen deialdian parte hartzeko eskubidea aitortu zion. Orduan, deialdi berezia zabaldu zen behin behineko irakasleek bosturtekoak eska ditzaten. Batzuek aitorpena lortu arren, kobratu barik jarraitu zuten, irakasleen soldatak ezartzen dituen 41/2008 dekretuan ordaindu beharrekoa jasotzen ez dela aitzakiatuz.  Jaurlaritzak, bere aldetik, epaiaren kontrako helegitea jarri zuen; 2017ko urriaren 18an, berriz, Gorenak langileoi arrazoia emanez, sententzia irmo bihurtu zuen.

Beste aldetik, 2017ko martxoan beste epaia batek EHU kondenatu zuen irakasle atxiki bati aitortutako 5 urtekoak ordaintzera, baita ordaindu beharreko kantitatea ezarri ere. Epaileak zehazten du ez dela beharrezkoa 41/2008 aldatzea bost urtekoa ordaintzeko, ordura arte erabilitako argudioa bertan behera utziaz. EHUko zuzendaritzak helegitea jarri zion sententzia horri. Baina, 2017ko irailean helegitea bertan behera utzi eta irakasleari ordaintzera behartzen du beste epai batek. Hala ere, ordainketa ez da orokortu eta horretarako aipaturiko 41/2008 dekretuaren aldaketaren beharrean justifikatzen du EHUk ordaindu ezina.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari 41/2008 dekretatua aldatzeko eskatzen diogu, behin behineko irakasle guztiei aitorturiko bosturtekoak ordain dakizkien ahalbidera dezan, gaur unibertsitatean ematen den diskriminazioaz amaituta. Era berean, EHUko zuzendaritzari eskatzen diogu, irakasleon eskubideak epaitegietan banan-banan onartu arte itxaron beharrean, langileon alde egin dezan eta behin behineko irakasleen eta iraunkorren arteko diskriminazioaz amai dezan.

Eusko Jaurlaritza, UPV/EHUko zuzendaritza, ez egin ez ikusiarena.

Langileen arteko diskriminazioari ez!