EHUko Zuzendaritzak behin-behinekotasunean sakontzen eta hobekuntza profesionala eragozten duen AZPren kudeaketa hautatu du

Print Friendly, PDF & Email

Lan Poltsen araudi eta Eginkizunen Esleipen eta Zerbitzu Betekizunen akordio berriak

UPV/EHUko zuzendaritza kudeaketa arazoez baliatzen da zerbitzu betekizunen, eginkizunen esleipenen eta lan poltsen funtzionamendua eta konfigurazioa aldatzea proposatzeko. Ez da lehen aldia aitzakia hau erabiltzen duela behin-behineko lan-kontratudun langileen edo funtzionario interinoen eta laboral finkoen edo karreradun funtzionarioen eskubideak eta itxaropenak murrizteko.

Administrazioaren eta sindikatuen arteko prozesu negoziatzailearen emaitza ezin da atsekabegarriagoa izan. Dena mugatzen da hobekuntza deialdiak berreskuratzera, horren trukean, zerbitzu betekizun eta eginkizunen esleipenen prozesuetan behin-behineko lan kontratudunen edo funtzionario interinoen parte hartzea galaraziz.

Ez dago AZPren egonkortasuna bermatzeko hobekuntzarik, ezta aurrerapausurik karrera profesionalaren garapenean. Duda-mudatan ibilitako denbora luzearen ondoren, unibertsitate-zuzendaritzak behin-behinekotasunean sakontzen eta hobekuntza profesionala eragotzen duen langileen kudeaketa-diseinuaren aldeko hautua egin du.

2010eko Akordioa sinatu zutenek ezabatutako hobekuntza deialdien berreskurapena ez da nahikoa. Zazpi urte geroago, neurri honek ez du AZP-ren egoera bere osotasunean kontutan hartzen, zeren gaur egun plantillaren eta Lan Postu Zerrendaren (LPZ) egoerak hobekuntza deialdien eraginkortasuna eskala edo kategoriaren oinarrizko mailetara mugatuko baitu, eta beste kasu batzuetan, hobekuntza hauek egonkortasuna galtzearen kontura gauzatuko dira.

Bestalde, zerbitzu betekizunak eta esleipenen eginkizunak neurri koiunturalak izatetik egoera estrukturalak izatera igarotzen dira. Horrela, LPZ-ko lan-postuen aldi baterako hornikuntza ohiko arau bilakatzen da, behin-betiko hornitzea zailduz eta behin-behineko langileei eta interinoei lanpostu hutsetarako sarbidea eragotziz. Halaber, ezin dugu ahaztu zerbitzu betekizunetan edo esleipenen eginkizunetan emandako jardunak ez duela gradua edo kategoria profesionala egonkortzeko balio, eta funtzionarioei ere ez diela zenbatzen lanpostuaren behin-betiko hornikuntzarako.

LABek prozesu desberdinen diseinu integrala proposatu zuen, hau da, behin lekualdaketa lehiaketa eta barne-promozioen maiztasuna zehaztuta, behin-behineko langileen edo interinoen birkokapen prozesuak adostea, Egonkortasun Akordioa errespetatuz langile horien merituak aitortuz, karreradun funtzionario edo laboral finkoei aitortzen zaien bezala. Modu honetan, egonkortasun akordioaren edo behin-behineko langileen edo interinoen sarbidea erraztuko lukeen bestelako lege-disposizioren babesean, LEParen deialdia baldintza hoberenetan egingo litzateke.

Unibertsitate Zuzendaritzak, behin-behinekoen/interinoen eta finkoen/karreradun funtzionarioen arteko desberdintasuna ezartzeko helburuarekin, hiru araudien artikulatuan aldaketa txikiak egitea aukeratu zuen, honek zalantza gehiago, diskrezionalitate handiagoa eta kontraesan ugari –diskriminazioak ez esatearren- soilik ekartzen dituelarik. Kudeaketaren hobekuntzaren aitzakiak topo egiten du gardentasun falta nagusitzen den araudi proposamenarekin. Aipatzekoa da unibertsitate zuzendaritzak aitzakia bera behin baino gehiagotan erabili duela gai hauetan indarrean dauden araudiak modu itsusian ez betetzeko.

Beharrezkoa da egonkortasuna eta karrera profesionala oinarri hartuko dituen AZPren kudeaketaren ikuspegi integrala. Ezin daiteke ibili behin-behinekotasuna partxeatzen ezta hobekuntza profesionala jubilaziora arte atzeratzen. Zuzendaritza desberdinen konpromiso faltak UPV/EHUko AZPren enpleguaren kalitatea izugarrizko behin-behinekotasun portzentajetan eta itxaropen urrietan kokatzen du. Ez da nahikoa Errektoretza hauteskundeetan hitz politez beteriko propaganda elektorala egitea, gero hauek beteko ez badira.

Testuinguru honetan LABen sekzio sindikalak hiru akordio hauetatik bat bera ere ez sinatzea erabaki du eta unibertsitate zuzendaritzari premiaz eskatzen dio, presa albo batera utzita baina etenik gabe, behingoz AZPko langileen egonkortzeari eta karrera profesionalaren hobekuntzari hel diezaion.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude