Emakumeontzat Aukera Berdintasuna Prekarietatearen Kontra 35 Ordu eta 1.200€

Print Friendly, PDF & Email

Martxoaren 8an, zortzi baino hamaika arrazoi ditugu emakumeok berriz ere kalera atera eta gure ahotsa ozen azalarazteko. Izatez, oraindik ere ugariak dira emakumeok gure bizitzaren esparru ezberdinetan pairatu beharreko diskriminazioak, eta hainbatetan aldarrikatutako aukera berdintasunetik urrun jarraitzen dugu.M8 EHkoordinadoraFeminista

Egun indarrean den sistemak, esparru pribatuan egiten diren etxeko lanen zein zaintza lanen erantzukizuna emakumeon gain kokatzen jarraitzen du. Hori bai, sistemaren biziraupenerako ezinbestekoak diren lan horiei inolako aitortzarik eman gabe, jendarteari zein ekonomiari egiten dioten ekarpenaren aurrean ezikusiarena eginez. Asko dira eredu horren baitan eroso sentitzen diren gizonezkoak ere, dituzten pribilegioei heldu eta erantzunkidetasunean aurrera urratsak emateko prest ez daudenak. Ardura horiek nagusiki emakumeen gain egotea ez da bidezkoa, eta gainera, lan mundurako sarbidea oztopatu egiten digute emakumeoi; lan merkatuan sartzea lortzen dugunean ere, erabat baldintzatuta gaude.

Egungo sistemarentzat emakumeak lan munduan egotea subsidiarioa da, bigarren mailakoa, gure lana gizonezkoen lanaren osagarri gisa ulertzen baita. Hala, aitortzarik txikieneko eta lan baldintzarik prekarioeneko enplegura bideratzen gaituzte. Emakumeok prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi gaituzte, menpeko nahi gaituzte, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea ukatzen digute, baina emakumeok ez dugu gure borrokan etsiko.

Hierarkia harremanetan baino errespetuzko harreman justuago batzuetan oinarritutako jendarte eta sistema baten alde lan egiten jarraituko dugu, lanaren ikuspegi integrala barneratuz, lan guztien aitortza egin eta egungo sistemak ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa gaindituko duen lan harreman eredu berria eraikitzeko. Subjektu gara, geure buruaren jabe gara eta eskubideak ditugu. Dagozkigun eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu. Prekarietatea gainditzeko, lanaren eta aberastasunaren banaketan aurrera egiteko, emakumeok 35 orduko lanaldiaren eta 1.200 euroko gutxieneko soldataren adarrikapenak gureak egiten ditugu.

35 ORDU
Emakumeon lana gizonen lanaren osagarri gisa ulertzeak emakumeak modu orokor batean lanaldi partzialetara bideratzea ekarri du. Datuak esanguratsuak dira: lanaldi partzialean diharduten langileen ia %78 emakumeak dira, eta ez eurek hala erabakita, sistemak hala ezarri dielako baizik. Emakume askok, hilabete bukaerara iristeko, lanaldi partzialeko hainbat lan egitea beste aukerarik ez dute. Horregatik 35 orduko lanaldiaren aldarrikapenaren enplegu banaketari heldu nahi diogu, emakumeoi 35 orduko lanaldia bermatuko digun enplegu duina aldarrikatzen dugu.

1.200 EURO
Oraindik ere emakume eta gizonen soldaten arteko berdintasuna lortzetik urrun gaude. Soldaten arteko arrakala nabaria da, INEk kaleratutako azken datuen arabera, EAEn emakumeen urteko soldata (azken erreferentzia 2013koa) gordinaren bataz bestekoa gizonezkoena baino 7.625 euro gutxiagokoa izan zen, eta Nafarroaren kasuan 8.484 euro gutxiagokoa. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herrian emakumeen soldata %35 baino gehiago igo beharko litzatekeela gizonen soldatarekin parekatzeko.

Soldata arrakala handia izateaz gain, emakumeok lan munduan ditugun lan baldintzak prekarioak dira: derrigorrezko lanaldi partzialak, lan merkatu araututik kanpo geratzen diren lanak egitera behartuak egotea etab. Ondorioz, emakumeak 1.200 euroetara heltzen ez diren lansariak jasotzea ohikoa bilakatu da. Emakumeen kasuan pobrezia erreala %6,1ean ezartzen da eta gizonen kasuan %5,5ean. Egoera honen aurrea, emakumeok ere Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurokoa izateko borrokatuko dugu, prekarieaukera berdintasuna aldarrikatuz.
LABen GOIZEKO MOBILIZAZIOAK
Iruñea: Diputazioaren aurrean elkartuko gara eguerdiko 12:00etan.
Bilbo: Emakumeek bizi duten prekarietatea irudikatzeko, DIA supermerkatu batera eramango dugu protesta. Handik, giza-katea egingo dute Eusko Jaurlaritzaraino.
Donostia: Emakumeak lan munduan pairatzen duten egoera salatuko dugu propoganda banaketa bidez eguerdian.

ARRATSALDEKO MOBILIZAZIOAK
IRUÑEA: 20:00etan Gaztelu Plazan
DONOSTIA: 19:00etan Bulebarretik
GASTEIZ: 20:00etan San Anton Plazatik
BAIONA: 18:15etan Apezpiku etxearen aurrean
BILBO: 19:30etan Arriagatik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude