Enplegu publikoa egonkortzeko aurrekontuak aldarrikatuko ditugu bihar Gasteizen Legebiltzarraren aurrean

Print Friendly

Eusko Jaurlaritzak prestatutako aurrekontuek ez diote enplegu publikoaren arazo larriari heltzen, eta lan baldintzen eta zerbitzuen kalitatearentzat beste atzerapauso bat adierazten dute. Izan ere, ez dute jasotzen 20.000 lanpostu egonkortzeko, erosahalmena berreskuratzeko, administrazioak euskalduntzeko edota aukera berdintasun plan eraginkorrak garatzeko diru-sail egokirik. Bide horretatik hain zuzen, arreta ratioek, itxaron zerrendek eta zerbitzu publikoen kalitatea orokorrean gainbehera doaz. 

Gogoratu beharra dago Europako epaiek kontratazioen iruzurrarekin amaitzera eta egonkortasuna bermatzera behartzen dituela administrazioak. Argi frogatuta gelditzen da Jaurlaritzak bere aldetik ekimenik hartzeko borondaterik ez daukala, eta soilik behartuta sentitzen denean hartzen dituela neurriak. Mahai Orokorraren antzerkia alde batera uzteko eta eduki eta egutegi zehatzarekin bilera berria dei dezan exijitzen diogu Jaurlaritzari.

Kasu honetan Eusko Jaurlaritza eta EAJ Madrilek eta Estrasburgok zein neurri hartuko zain gelditzen dira konponbidea etxean bilatu gabe, eta langileon ordezkariekin negoziatzeko batere asmorik gabe. Horrela, LABek bere burua mobilizazioen eta epaitegien bideak abiatuta, dagoeneko 279 langileren salaketak ditu prestaturik. Kaleratzeak edota kontratu amaierak ematen jarraitzen duten neurrian zifra horrek handitzen jarraituko du.

LABek beti salatu izan du dirua egon badagoela eta hobeto banatzea badagoela, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jasotzen duen bezala. Goi karguen gastua handitzeko, pribatizazioen negozioa mantentzeko, AHTa, bankuen zorra ordaintzeko… EAJk ez du arazorik. Zerbitzu publikoak garatzeko eta langileon lan baldintza duinak bermatzeko bai ordea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako aurrekontuen osoko emendakinak eztabaidatzeko egunean, Martxoaren 30ean LABek mobilizazio berezia egingo du Gasteizko parlamentuaren aurrean 10:30etatik 12:00etara, «Dirua egon badago, aurrekontuak zerbitzu publikoetarako» lelopean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude