Epaiak epai, osagarrien Dekretuak bete egin behar dira

Print Friendly, PDF & Email

LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua:

Berriki jaso dugu Espainiako Epaitegi Gorenaren ebazpena arrazoia emanez Eusko Jaurlaritzak jarritako helegiteari Euskadiko Epaitegi Gorenak UPV/EHUko gehigarrizko ordainsari osagarrien gainean.

Arrazoi formalak medio, inondik ere ez edukizkoak, Espainiako Epaitegi Gorenak aintzat hartu ditu Eusko Jaurlaritzaren alegazioak, alegia, auziaren parte izanda ez zela demandatuen artean izan prozedura hartan. Hartara, epaia errepikatzeko eskatzen du, eta aukera ere ematen du ere 2014ko epaiaren ondorioz hartutako neurri eta ekintzetan atzera egiteko.

Albiste txarra, dudarik gabe, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileontzat. Izan ere erabaki hura funtsezkoa izan baitzen osagarrien sistema berrezartzeko, behin 2011an Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak haiek ordaintzeari uko egin ziotenetik.

Ez gara beldur epai berriaren edukiaren gainean. Seguru baikaude 2015ean bezala gure eskubideen aldekoa izango dela. Horretan ez dugu zalantza bat bera ere. Alabaina epai honekin Eusko Jaurlaritzak tentazioa izan dezake 2015ko osagarrien deialdia eteteko (ez 2016koa, azken hau, independentea baita epaiarekiko). Edo oraindik deitu gabe dituen 2013 eta 2014 urteetako deialdiak ez egiteko.

Espero dugu, ordea, halakorik ez egitea eta guztia alderdi formalera murriztea. Alegia, egindako deialdiak daudenean uztea eta egin gabe dituenak ere irizpide berdinekin aurrera ateratzeko prozedura martxan jartzea.

Ezin dugu berriro atzera egin. Osagarri sistema ezinbestekoa da UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen soldatak maila duin batera eramateko eta errekuperatu ditugun deialdi hauek ere funtsezkoak izan dira irakasle-ikertzaile gazteenen eta besteen arteko aldea eta ezberdintasunak ezabatzen hasteko.

Gogoratu behar dugu, epaiak epai, ordainsari osagarriak arautzen dituzten Dekretuek indarrean dirautela eta horiek derrigortzen dituztela, bai unibertsitatea eta bai Eusko Jaurlaritza, urteroko deialdiak argitaratzera. Eta ordua da UPV/EHUko zuzendaritzak bere langileen lan baldintzak errespetatu eta errespetarazteko. Gure eskubideak argi daude eta, arazo formalak medio, gure kontura dirua aurrezteko trikimailuak ikusten ditugu guzti honen atzean. Adi egon daitezela baina, biak ala biak, ez dugula irakasle eta ikertzaileen eskubidetan atzera inongo atzera egiterik permitituko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude