Erretiro-pizgarrietan ere behin behinekoak bigarren mailakoak

Print Friendly

2015eko uztaileko erretiro akordioaren osagarri beharko zukeena, Erretiro-pizgarri ekonomikoen akordioa (pdficon_large pdf)  alegia, sinatu dute UPV/EHUko Erretiroen Jarraipen Batzordearen gaurko bileran (atxikita). Aipatu akordioa abenduaren 17an berretsiko du Gobernu Kontseiluak.

Sinatutako akordioak indarrean dauden pizgarri ekonomikoak bildu (eta mugatu) baino ez du egiten, eta aurreko Akordioan indartutako printzipio orokorra eta oraingoan ere jasotzen dena hasierako adierazpen orokorrean – langile guztiei pareko trataera- apurtzen du. Horregatik ez du sinatu akordioa LABek. Primak langile finkoei bakarrik ordainduko zaizkielako, egonkorrak edo bakanteetan egonik 6 urtetik gorako antzinatasuna duten behin behineko langileak kanpoan utzi dituelako, uztaileko akordioak kolektibo horiek barneratzen zituenean.

Gaurko akordioaren eduki nagusiak:

  • Pizgarrien kopuruak 2005ean sinatutako lan baldintzen hobekuntzarako akordioan
    jasotakoak dira (60 urterekin erretiratuz gero 18 hilabetekoa, eta hortik behera), 100.000 euroko topearekin.
  • Ezintasun iraunkor total, absolutu edota elbarritasun handiaren primetan eman da
    hobekuntza aipagarriena, behin- behineko langileei ere aitortzen zaizkielarik (60 urte edo lehenago erretiratuz gero 21 hilabeteko prima, eta hortik behera).

Primak eskatzeko aukerarik izan gabe kreditu/jardunaldi murrizketak 2015ean eskatu dituzten langileek epe bat izango dute erabakia aldatu eta prima eskatzeko, hala nahi izanez gero, egoera erregulatzeko aukera irekiaz. Bestetik, 2015. urtean zehar inongo pizgarririk jaso gabe aurre jubilatu edo erretiro partziala eskatu dutenek ere primak jasotzeko eskubidea dute (aktan jaso da akordioan aipatzen ez bada ere). Akordio hau indarrean jarri ondoren Unibertsitateak ofizioz emango dio hasiera prozesuari.

Europar Batasuneko mailako epaietan dago jasota langile iraunkorrak eta behin
behinekoak ezin direla desberdin tratatuak izan beren ordainsarietan. LABen
ustez prekarietatea gainditzeko bidean 2015eko uztaileko akordio lehen urratsa
bezala baloratu bazuen ere gaur sinatu dena ulertezinezko kontrako urratsa
dugu, are gehiago, behin behinekoen balizko pizgarrien eragin ekonomikoa
minimoa izango zenean.