Euskal presoek UPV/EHUn ikasteko duten eskubidea bermatzearen alde

Print Friendly

presoak-ikastera280x140Behean sinatzen dugun UPV/EHUko irakasle, ikerlari, administrazio eta zerbitzuetako langile, ikasle, elkarte eta sindikatuok euskal herritar presoek jasaten duten egoerarekin gure kezka azaldu nahi dugu. Kezkatuta gaude Frantziak eta Espainiak aurrera daramaten presoekiko politikarekin: bere senide eta lagunengandik urruntzen duen sakabanaketa; preso gaixoek behar duten arreta jasotzeko kaleratuak ez izatea; zigorren luzapena; kartzeletako bakartze eta zigor-politikak… Ez dugu ahazten, gainera, presoei gain-zigorra jartzeaz batera, haien senideak ere zigortuak direla. Eta politika krudel horrekin, estatuek nazioarteko eta barne legediari zein Europako Giza Eskubideen Epaitegiak ezarritako irizpide eta ebazpenei muzin egiten dietela.

Hori horrela, eta UPV/EHUko kide garen heinean, euskal herritar presoek gure unibertsitatean ikasteko duten eskubidean pausatu nahi dugu begirada. Eta, lehenik eta behin, espainiar kartzeletan preso dauden euskal herritarrek UPV/EHUn ikasteko eskubidea galarazita edukitzea ulertezina eta, areago, onartezina iruditzen zaigula esan beharra daukagu, kontuan hartuta gure Unibertsitatea dela euskaraz ikasteko aukera nagusia –bakarra ez esatearren-.

Frantziako espetxeetan preso daudenek ere, UPV/EHUn ikasteko eskubidea ukatua ez badute ere, oso zaila dutela ezin aipatu gabe utzi: preso egoera ez da kontuan hartua izaten eta ikasketek haien senideei suposatzen dieten zama ekonomikoak eta kudeaketa ez egokiak (matrikulazioa, tutoretzarik eza, atzerapenak…) ikasketa-prozesua izugarri zailtzen dute, behin baino gehiagotan ikasketak bertan behera uztera behartuak ikusiz.

Horretaz guztiaz jabeturik, eta euskal jendartearen egoera politikoaren normalizazioaren garapenean euskal herritar presoen eskubideak –eta zehazkiago, ikasteko eskubideak- bermatzeak duen garrantzia kontuan harturik honako eskabide hauek egin nahi dizkiegu Gobernu ezberdinetako agintari politikoei zein UPV/EHUko mandatariei:

Eskabideak

  1. Euskal herritar presoek dituzten eskubide guztiak onartuak eta bermatuak izan daitezela, salbuespen-neurri eta erabakiekin bukatuz, eta, bide batez, Giza Eskubideen Europako Epaitegiaren irizpide eta ebazpenekin bat eginez.
  2. Euskal presoek nahi duten hizkuntzan ikasteko duten eskubidea egikaritzeko, behar beste arauzko aldaketa eta hitzarmen proposatu, defendatu eta sina dezatela, oinarrizkoa eta nazioarteko, Espainiako zein EAEko unibertsitate legedian jasoa den hezkuntza eskubidea bermatzeko oztopo oro alboratzeko.
  3. Azken urteotan hartutako erabakiei jarraipena emateko, irakas-eskaintza zabal eta egonkorra eskaini dezala UPV/EHUk Espainiako zein estatutik kanpoko presondegietan dauden euskal herritarrek nahi duten gradu edo gradu ondokoa ikas dezaten.
  4. Horretaz gain, euskal herritar presoek unibertsitatean benetan ikasi ahal izateko, eta euren preso-egoera kontuan hartuta, sartzeko eta ikaste-prozesua modu egokian garatu ahal izateko beharrezko neurriak hartu eta egokitzapenak egin daitezela; besteak beste matrikulazio-prozesuan neurriak hartuz, tasak eta bekak jaso ahal izateko presoen egoerara egokituz, tutoretzak bermatuz eta abar.

Agiri hau sinatzen dugun UPV/EHUko irakasle, ikerlari, AZP-ko langile, ikasle, elkarte eta sindikatuok giza eskubide guztien defentsan euskal herritar presoei dagozkien eskubideak defendatzeko konpromisoa hartzen dugu; eskubideen ukapenetik eskubideen bermatzera igarotzeko garaia dela uste baitugu; ikasteko eskubideari oztopoak jartzetik trabak baztertu eta benetan bermatua izateko unea delakoan baikaude.

Horrexegatik, UPV/EHUko langile eta ikasleei eskaera hauekin bat egiteko deia egiten diegu, agiri honi atxikituz eta Campus ezberdinetan antolatuko diren ekimenetan parte hartuz.

Sustatzaileak

  • IIP: Iñaki Lasagabaster (zuzenbide administratiboko katedraduna), Ramón Zallo (ikus-entzunezko katedraduna), Josu Amezaga (Ikus-entzunezko Komunikazioa Sailaren zuzendaria), Mila Amurrio (lan-kontratudun IIP-ren Enpresa Batzordeko lehendakaria), Mari Luz Esteban (Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Donostia), Mónica Ortueta (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Leioa), Gorka Bueno (Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, Bilbo), César Manzanos (Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskola, Gasteiz), Amaia Andrieu (Irakasleen Unibertsitate Eskola, Gasteiz), Patxi Azpillaga (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Leioa), Iratxe Retolaza (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Leioa).
  • AZP: Deine Larrabeiti (UPV/EHUko Klaustroko mahaikidea), Isabel Fernandino (AZP funtzionarioen Pertsonalaren Batzordeko lehendakaria), Mertxe Arto (AZP funtzionarioen Pertsonalaren Batzordeko idazkaria), Agurtzane Ugalde (lan-kontratudun AZP-ren Enpresa Batzordeko lehendakaria), ,José Ramón
    Vega (lan-kontratudun AZP-ren Enpresa  atzordeko idazkaria), Emilio Zubia (UPV/EHUko Gizarte Kontseiluko kidea), Itziar Pérez Romón (ELA sindikatuaren ordezkaria), Oskia Agirre (Carlos Santamaria Zentroa, Donostia), Elena Martínez (Steilas sindikatuaren ordezkaria), Javi Ibarra (lan-kontratudun AZP-ren Enpresa Batzordeko kidea), Carmen Mendigutxia (Farmazia Fakultatea, Gasteiz), Miren Zubizarreta (ELA sindikatuaren ordezkaria), Gabi Elkoroaristizabal (AZP funtzionarioen Pertsonaleko Batzordekidea).
  • IKASLEAK: Jone Lozano (preso ohia), Aitor Servier (bertsolaria), Maddi Bilbao ( preso baten senidea), Iker de la Luz (Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko lehendakariordea), Unai Galatas (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen Ikasle Kontseiluko kidea), Jon Delgado (Presoen Sostengu Taldeko kidea), Iraide Juaristi (Ikasle Abertzaleak taldeko kidea), Unai Arkauz (senidea), Eneko Olea (abeslaria).

Bultzatzaileak

LAB, STEILAS, ELA, IA, PREST

Bloga

http://go.ehu.eus/euskal-presoak-ehura

Atxikimendua emateko

http://goo.gl/oRjl8X