Eusko Jaurlaritza, ASKI DA!

Print Friendly, PDF & Email

Osagarrien auzian trikimailu gehiagorik EZ!

LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua:

Eusko Jaurlaritzak bide beretik jarraitzen du osagarrien auzian, trikimailu formalak medio, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileei zor dizkien osagarriak ez ordaintzeko saiakeran. Helburua argia da, 2013 eta 2014ko deialdiak bertan behera uztea edo izoztea. Deialdiok UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan onartuta daude jada eta azken tramitearen zain daude, Gizarte Kontseiluaren onarpenarena, alegia. Baina Eusko Jaurlaritzak osagarrien prozesu judiziala administrazio auzitik errepikatu behar dela esaten duen sententzia berri baten babesa lortu du berriki eta hori erabiliz erabakia atzeratzen saiatuko da.

Hau guztia lotsagarria da, Eusko Jaurlaritzak ederki dakielako osagarrien deialdiak urtero egin behar direla, 2006an UPV/EHUrekin eta LAB eta STEILAS sindikatuekin sinatu zuen akordioak horrela diolako eta indarrean dauden 2006ko eta 2011ko dekretuak, osagarriak arautzen dituztenak, horrela agintzen dutelako. Eusko Jaurlaritzak 2010-2014 epealdiko deialdiak ez egiteko epaitegietan adierazi zuen arrazoia harrigarria izan zen, hain zuzen, aurrekontuetan ez zegoela horretarako diru-esleipenik. Arrazoi nahikoa al da aurrekontuetan dirurik ez esleitzea hartara Jaurlaritzak berak onartutako legea bete beharrik ez izateko? Eta orain Eusko Jaurlaritza trikimailu legalez baliatu da berriro ere gure eskubidea ukatzeko, bide judiziala auzitegi laboraletik administraziokoetara eramanez, prozesu judiziala modu zitalean luzatuz.

Honekin guztiarekin ere, urte hauetako ibilbidearen emaitza ez da guztiz negatiboa izan. LAB eta STEILASek hasitako bide judizialaren ondorioz, 2015etik aurrera osagarrien deialdiak normalizatzen joan dira, nahiz eta, oraindik, alde ilunak egon badauden batez ere Unibasq-ek egiten duen formularen aplikazioaren eraginez.

Baina nazkatuta gaude Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin, eta ez dugu etsiko. Sententzia berri honen aurkako errekurtsoa dagoeneko formalizatu dugu. Baina sententziaren zain egon gabe dei egiten diogu Gizarte Kontseiluari, aurten 2017ko deialdiaz gain, Gobernu Kontseiluak onartutako 2013 eta 2014ko deialdiak ere berretsi eta haiekin aurrera egitera. Osagarriak dagozkigu, gureak dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude