Formazioko ikertzaileentzako kolpe berri bat

Print Friendly, PDF & Email

Jakin berri dugu “UPV/EHUko doktorego ondoko prestakuntza programetan sartu arte doktore berriak kontratatzeko 2017ko deialdia” ez dela aterako. 2016ko deialdia indarrean egon da 2017ko apirila arte eta aurrekontua agortzearen ondorioz ez dago asmorik aurtengo deialdia egiteko.

Kontratazio hauek zubi lana egiten zuten doktore aurreko kontratua zuten langileentzako, doktore titulua lortzen zutenetik doktore ondoko deialdia aurkezteko aukera izan arte. LABek modu positiboan baloratzen zuen ekimena, nahiz eta lan baldintzak onenak ez izan kontratu hauen dedikazioa %50ekoa baitzen. Edozelan ere, kontratu horiek ikerkuntzan jarduten duten ikertzaile gazteei doktoretza bukatu ondoren lan harremana izaten jarraitzeko aukera eskaintzeaz gain, tesian lortutako emaitzak argitaratzeko denbora ematea zuten helburu. Kontuan hartu behar da, argitalpen horiek deialdi lehiakor batean doktoretza ondoko kontratu bat lortzeko balio handia zutela, baita kontratu bera ere, meritu gisa ikusia izaten baitzen.

Azken urte hauetan irekita egon den ekimen honi aurrekontua ez dedikatzea erabaki okertzat jotzen du LABek. Unibertsitateak karrera akademikoaren hasieran dauden ikertzaile kolektibo prekarioaren egoera hobetu behar duenean, murrizketa honekin erantzun du.

Horrexegatik, LABek salatu egiten du unibertsitateak aldebakarrez eta sindikatuekin negoziatu gabe aplikatu duen murrizketa berria, halaber, exijitzen du egoera argitzea eta 2017ko deialdia ahalik eta lasterren publikatzea, edo kolektibo honi zuzendutako beste neurri alternatiboak jorratzea sindikatuekin batera.

Murrizketa gehiagorik ez!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude