Gaur sinatu da UPV/EHUko AZPko langile funtzionarioen 2018ko LEPari, Lekualdaketa Lehiaketari eta Barne Promozioari dagokien Akordioa

Gaur, abenduak 3, batu da berriro ere UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren Mahai Negoziatzailea 2018ko Lan Eskaintza Publikoaz eta langile funtzionarioen Lekualdaketa Lehiaketaz eta Barne Promozioaz hitz egin eta akordioa sinatzeko.EHUko Administrazioak bidalitako Akordiorako azken idatzian hiru gai horiek jorratzearekin batera 2016ko ekainaren 9 eta 30eko Akordioek LEPak burutzeko zehaztutako gutxieneko irizpideak hobetzen dira eta hiru prozesu horiek Lan Poltsetan izango duten eragina aurreikusten da.

LABen iritziz, ezinbestean, prozesuok orokorrean baloratu behar dira, ez era isolatuan. Eta horrela eginda, gure ustetan, hiru prozesuak burutzeko onartutako irizpide eta konpromisoak nahikoak dira bai 2018ko LEPa zein Lekualdaketa Lehiaketa eta Barne Promozioa behar diren bermeekin egiteko.

2018ko Lan Eskaintza Publikoa. Erreposizio tasari dagokion LEPa izango da, hots, 38 plazarena, funtzionarioen administrari laguntzaileen eskalarena. Prozesua burutuko da Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak eta 2016ko ekainaren 9 eta 30eko Akordioek aurreikusitako neurriak (meritoen balioa, probak…) betez. Gainera, Estatuaren 2017ko eta 2018ko Aurrekontu Legeek ahalbidetzen dituzten behin-behineko enplegua ‘estabilizatzeko’ LEPekin batera burutuko da, deialdi bateratu bakarrean.

2018ko LEParen 38 plazak langile egonkorrek betetakoenak izango dira behin-behinean eta, posible balitz, lan postu ez kontsolidagarriekin, erretiroek sortutako plaza hutsekin edota lanpostua gordetzea behartzen ez duten egoera administratiboek sortutakoenak izango dira.  Horrela, inork ez luke galduko lan harremana EHUrekin eta ahalik eta plaza kopuru handiena atera ahal izango litzateke datorren urtean negoziatuko den 2019ko LEP zabalean.

Horren ondorioz, 2019ko irailetik aurrera  geratuko diren lan postu hutsak 2019ko LEParen barruan aterako direla ohartaraziz eskainiko dira Lan Poltsetako langileei eskainiko zaizkienean.

Funtzionarioen barne promozioa. Barne promozioari dagokionez, 2019ko Lan Eskaintza Publiko zabalarekin batera burutuko da. Lanpostuen %15 gordeko dira barne promoziorako eta langileek betetzen duten lan postuan bertan promozionatzea sustatuko da. Lan postu gehienak, oraingo datuak kontuan hartuta, Administrari laguntzaile eta administrarienak izango direla aurreikusten da.

Funtzionarioen Lekualdaketa Lehiaketa. Akordioak, 2018-2019ko LEPa egin baino lehen funtzionarioen Lekualdaketa Lehiaketa egitea ere aurreikusten da. Zeintzuk lan postu eskainiko diren zehazteko aldez aurretiko negoziazioa burutuko da sindikatuekin. Lekualdaketa Lehiaketa bera datorren urteko ekainean hastea ere adostu da. Lan postuen esleipena prozesu bakarrean burutuko da, 2018ko eta 2019ko LEPekin batera, gehien jota 2021eko urriaren 31n.

Lan poltsak eta araudiaren hobekuntzak. Akordioak aurreikusten ditu ere behin-behinekoen balizko egoerak, Zerbitzu Betekizunetan lau urte baino gehiago daramaten eta Izendapen askeko lan postuetan dauden langileen izendapenak bertan behera uztea –berriro dagokien deialdiaren bitartez betetzeko– eta lan poltsen erabilera eta bere kideen hurrenkera.

Azkenik, gaur sinatutako Akordioaren irizpideak erabiliko dira aipatutako hiru prozesuotan, baina araudi aplikagarrian hobekuntzarik balego, atea zabalik uzten da horiek barneratu eta erabiltzeko.

Info +

AcuerdoOPE 2018-Concurso de traslados-Promoción interna Funcionarios_ 3 diciembre 2018