Gizarte-kontseilua: esleitu dira 2015eko B eta A tramuak, baina berretsi gabe jarraitzen du 2016ko deialdiak

Print Friendly, PDF & Email

LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua

Atzo, ekainak 8, Unibasq-ek ebaluazioak igorri zituenetik bi hilabete pasa eta gero gauzatu zen Gizarte-kontseiluan(*) 2015eko deialdiari dagozkien B eta A tramu berrien eta aurrekoen kontsolidazioaren esleipena. Osagarri tramu hauek 2017ko urtarriletik ordainduko dira, deialdiko C tramuak ez bezala, zeinak aurtengo urtarriletik kobratzen ari baikara.

Hona hemen 2015eko deialdiko A eta B ebaluazioan lortutako eta kontsolidatutako tramuen kopuruak, eskuartean darabiltzagun behin-behineko datuak oinarri harturik:

Taula
Tramu berriei erreparatuta, agerian geratu da irakasle-ikertzaile askok jasan duten diskriminazioa lau urte luzez deialdirik ez egoteagatik. Gogoratu behar da Gobernu-kontseiluak onartu zuen 2015eko deialdiak izaera metatua zuela, aurreko deialdiak ez egiteak utzitako zuloa estaltzeko asmoz, baina Gizarte-kontseiluaren baitan kendu zitzaiola atzerako eragina, Jaurlaritzaren presioak medio.

Bestalde, 2016ko deialdia iazko abenduko Gobernu-kontseilutik onartuta badago ere, ez zuten sartu onarpen-tramitera atzoko Gizarte-kontseiluaren saioan. Hori ikusirik, sinadura-bilketa bati ekin zaio sindikatuen ordezkarien babesarekin, beste saio bat ahalik eta azkarren deitu eta bertako gai-zerrendan ager dadin. Eragin ekonomikoak 2017an izateko konpromisoa betetzea oso zaila dute, baina ez ezinezkoa. LABen eta STEILASen oso larritzat jotzen dugu Jaurlaritzak izendatutako Gizarte Kontseiluaren zuzendaritza honek irakasle-ikertzaileon kaltetan eragindako atzerapen hau, eta beste behin ere exijitzen diegu horretan ardura duten eragile guztiei, euren esku dagoen guztia egin dezatela 2016ko deialdiaren eragin ekonomikoa 2017an izan dadin.

Azkenik, gogora ekarri nahi dugu maiatzaren 26ko Gobernu-kontseiluan onartu zirela 2013 eta 2014ko deialdiak. Horien bitartez, irakasle-ikertzaileok orain arte ukatutako diruaren zati bat errekuperatzeko aukera izango dugu. Gainera, Gobernu-kontseiluan bertan EHUko ordezkaritzak jakinarazi zuen deialdi horietan ezinezkoa izango dela aurrekoetan baino puntu gutxiago eskuratzea, Unibasq-ek aldatu beharko duelako aukera horri atea zabaltzen zion protokoloaren oinarria, kontsolidazioa “de facto” ekarriko duena. Deialdi bi hauei ere arretaz jarraituko diegu STEILAS eta LABen, inongo atzerapen gehiagorik gerta ez dadin, eta neurriak hartuko ditugu Gizarte-Kontseiluak blokeo jarrerari uzten ez badio.

(*) http://www.gizartekontseilua.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude