Ikertzaileei ere azken urteetako soldata igoerak aplikatu behar zaizkie

Egun hauetan eztabaidatzen ari den langile publikoen 2019ko soldata-igoera arautuko duen lege proiektuaren harira, UPV/EHUko LAB sindikatuak ondorengoa adierazi nahi die Eusko Jaurlaritzari eta UPV/EHUri:

  • 2016tik 2018ra arte langile publikoei egin zaien soldata igoera ez zaio UPV/EHUn lan egiten duen ikertzaile kolektibo handi bati aplikatu, (2016ko %1a, 2017ko %1a eta 2018ko %1,75a).
  • 2019an %2,25eko igoera planteatzen da lege proiektu berri honetan.
  • Aipatutako ikertzaileak langile publikoak dira, UPV/EHUrekin kontratu bat dutelako.
  • UPV/EHUren arabera, 41/2008 dekretuan dago arazoa, ordainsariak laguntza-programa bakoitzean zehaztuko direla esaten duelako eta programa horietan soldatak ez direlako behar bezala eguneratu. Hala ere, dekretu hau, ikertzaileei dagokienez, aspaldi dago zaharkituta, estatuko 14/2011 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Legea onartu zenetik, hain zuzen ere.

Hau guztia kontuan hartuta UPV/EHUko LAB sindikatuak ondorengoa exijitzen du:

  • Azken urteetan langile publikoei aplikatu zaien soldata igoera (2016ko %1a; 2017ko %1a; 2018ko %1,75a eta 2019ko %2,25a), hau da %6,13 metatua, aipatu ikertzaileen soldatei ere aplikatzea.
  • Igoera hori atzera eraginkortasunez ordaintzea.
  • Horretarako 41/2008 dekretuan doikuntzak egin behar badira atal hau eta zaharkituta dauden gainerako atalak konpontzeko, egin daitezela.
  • Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak beharrezko finantzazioa esleitu behar du.

LABek bere irmotasun guztia adierazten du eskubide hau lortzearen alde.