Bilboko Ingeniaritza Eskolan istripua izan zuen langilearen heriotza salatzen du LABek

Koma egoera larrian egon den langilea gaur arratsaldean zendu da

Pasa den maiatzaren 21ean Bilboko Ingeniaritza Eskolan gertatutako istripuak eragindako kalteen ondorioz izan den heriotza salatzen du UPV/EHUko LABen sail sindikalak. Heriotza, gaur, ostiral arratsaldean gertatu da, hilabete eta erdi koma egoeran egon ondoren.

UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako langileak, aplikagarria den araudia betetzen ez zuten eskailera batzuetatik erorita hartu zuen kolpea buruan, ondorioz, kontzientzia galduz.

LABek bere egunean, gertatutakoaren larritasuna eta istripu larria eragin zuten irregulartasunak salatu zituen. Bestetik, UPV/EHUren zuzendaritzak martxan jarritako “ikerketa” Batzordean parterik ez hartzea erabaki zuen, eta antzeman zituen gabeziak Osalanen aurrean salatu zituen.

Halaber, LABek ez du inolako informaziorik jaso ordutik hona, ez Osalan, ez Lan Ikuskaritza, ezta Unibertsitateko Zuzendaritzaren aldetik ere. Unibertsitateak, UGT, CCOO eta Steilasen parte hartzearekin batera, martxan jarritako Batzordearen eskutik proposatu zitezkeen ekintza edo/eta neurrien informazio ofizialik ez du jaso ezta ere.

LABek astelehenean UPV/EHUko Prebentzio delegatuekin bilera bat egitea bultzatuko du, lankide honen heriotzaren aurrean protesta neurriak eztabaidatu eta erabakitzeko helburuz.