LAB, UPV/EHUko lehen indar sindikal gisa berretsita

LABek hauteskunde sindikal hauetan parte hartu duten persona guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Eta bereziki LABen konfiantza jarri eta EHU Euskal Herrirako zerbitzu publiko gisa gara dadin, bertan lan egiten dugun guztion lan eskubideen defentsan, euskara eta euskal kulturarekin konprometitua eta pertsona guztiak gure karrera profesionala eta bizitza-proiektua berdintasunez garatu ahal izateko esparru ziur gisa dugun proiektua berretsi duzuenoi.

Parte hartzea

2015eko datuekin alderatuta parte hartzea %1,15 igo da AZPn eta %0,29 jeitsi da IRIn. Eta langile funtzionarioen artean jeitsi bada ere, jeitsiera hori laboralen artean egon den igoerarekin orekatu da. Orokorrean, EHU osoan parte hartzea %0,22 igo da.

Datu hauek, ziklo aldaketaz gain, IRI eta AZPren personal laboraleko kolektibo zenbaitek  jasaten duten prekarietate eta behin-behinekotasunaren isla dira, AZPren kasuan, administrazio eta zerbitzuetako behin-behineko langileen zenbait kolektibori ere eragiten dizkietenak.

Bozkak

Orain lau urte bezala, 2019an LABek sindikatu bozkatuena izaten jarraitzen du (667 bozka) eta 2015ean lortutako emaitzak hobetzen ditu (649). Era berean, bozken portzentaia mantentzen du (%26,8), IRIetan bozka kopurua gehituz (+25) eta gutxi batzuk galduz AZPn (-7), aurretiaz ez zeuden 2 sigla berri sartu direlarik ere.

Ordezkaritza

LABek jarraitzen du izaten, 24 ordezkarirekin, ordezkaritza handiena duen sindikatua EHUn, nahiz eta ordezkari kopuru orokorra 92tik 90era jaitsi den.

IRI kolektiboan nabarmentzekoa da LABek laboralen eremuan beste sindikatuekiko duen alde handia, nahiz eta ordezkari bat gutxiago izan. Galera hau IRI funtzionarioetan orekatu da (+1), guztira lortutako delegatu kopurua mantenduz (16).

AZP kolektiboan, aitzitik, LAB bigarren indar gisa kokatu da bai funtzionarioetan eta baita laboraletan. Guzti hau AZP funtzionarioetan parte hartzea gutxitu eta laboraletan bi sindikatu berri agertu diren testuinguruan. Honek gure sindikatuaren sendotasuna egiaztatzen du,  genuen ordezkari kopuruari eutsi diogularik (8).

Hauteskunde hauekin, ordea, ez da LABen lan sindikala bukatu. EHUko langileoi murrizketekin kendutako lan-baldintzak berreskuratzeko, eguneratu behar diren beste batzuk hobetzeko eta  unibertsitateak kalitateko zerbitzu publiko eta euskaldun gisa bete beharrekoak bermatzeko lan egingo du datozen urteetan. Horretan jarraituko dugula hitz ematen diegu langile guztiei.