Lanaldi eta ekaineko paga extra

Print Friendly, PDF & Email

Ekainaren 1eko datarekin eman du argitara UPV/EHUko Gerenteak Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren lanaldi, lanordu, opor eta baimenei buruzko 2015eko Zirkularra. Aipatu zirkularra ez da sindikatuekin negoziatu ezta horren berririk eman publikatu baino lehen. Ondorioz, administrazioak erakutsitako aldebakartasunezko jokaera hau gaitzetsi nahi du LABek.

Jokaera hori gaitzesteaz batera, EHUko administrazioak AZP-ko langileokin aukera paregabea galdu duela beste behin ere adierazi behar dugu.

Ordutegien hobekuntza burutzeko aukera galdua izan da hau, ordutegi ezberdinen posibilitatea (ordutegi-karta) gauzatu ahal izatea baztertu duelako beste urte batez administrazioak.

Zerbitzuen itxiera-ordua negoziatzeko aukera galdua ere izan da hau, hots, ikastegi eta zerbitzuen itxiera-orduen bidezkotasuna aztertzeko aukera baztertu baitu EHUko administrazioak.

Aukera galdua izan da hau ere ikastegi eta zerbitzuetako ordutegi bereziak eta beraiek konpentsatzeko era ezberdinak azterketa egiteko, konpentsazio irizpideak (orduak eta lan egun presentzialak kontuan hartuta) modu egoki batez bateratzeko ahalegina egiteko parada baztertu baitu administrazioak.

Aukera galdua izan da ere aurten 60 urte bete duten langileei ez baitzaie onartu iragan urtera arte AZPko langileoi onartu zaiguna, hots, 2010eko uztailaren 15eko Jubilazioaren inguruko Akordioan jasota dagoen lanaldiaren laburtzea. Horrela egoera berdinean aurkitzen diren langileen arteko ezberdintasunak areagotu dira. EHUko administrazioak egoskor jokatu nahi izan du, hobekuntzak sartzeko aukerari ateak itxiz eta orain arteko konpromisoei izkin eginez.

Honengatik guztiagatik errefusagarria iruditzen zaigu 2015eko AZP-koon lanaldi, lanordu, opor eta baimenei buruzko Zirkularra.

Ekainaren aparteko saria, %75

Atzo EHUko Gobernu Kontseiluaren bileran, Errektoreak jakinarazi zuen ekainean kobratuko dugun aparteko sariaren aurrerapena ez dugula osorik kobratuko, bakoitzari dagokion ordainsari horren %75a baizik. Horrela, apirilean ordaindu zitzaizkigun 44 egunak deskontatuko dizkigu EHUk. Azpimarratu beharra dago hau ez datorrela bat Jaurlaritzak bere langileei aplikatuko dienarekin. Zergatik orduan hemen horrela jokatzea?

LABek administrazioaren jarrera aldakor eta langileekiko gutxiesle hau salatu behar du. Aldakorra, administrazioak 2012ko abenduko aparteko pagaren itzulerari buruzko azalpenak eskatu zitzaizkionean apirilean kobratutako %25aren itzuleraz batera, ekaineko eta abendukoetan osorik kobratuko genuela adierazi zitzaigulako, oraingo erabaki honekin guztiz aldatzen duena. Eta, gainera, orain arte argudiatutako ‘leialtasun
instituzionala’ bazterrean geratu delako… EHUko langileen kaltetan.

Edozein kasutan, LABek EHUko administrazioari langileoi 2012ko abenduan kendu ziguten aparteko paga osoa aurten itzultzeko eskaria eta, era berean, Itzarrin egin beharreko % 3aren ekarpena berriz egin dezala exijitzen dio. Gure soldata dena, oso-osorik, ordain diezagutela. Gurea baita, ez beste inorena.