Lanaldi partzialean diharduten irakasleen baldintzak hobetzeko proposamena

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok proposamen bat lanaldi partzialean diharduten irakasleen baldintzak hobetzeko prestatu dugu. Proposamen hau langileen asanbladetan jasotako ideietan oinarritzen da.

Lanaldi partzialean diharduten irakasleen baldintzak hobetzeko proposamena

UPV/EHUn lanaldi partzialean diharduten irakasleak unibertsitatearen irakasleriaren zati handi bat osatzen dute. Irakasle elkartuak ia 800 dira eta lanaldi partziala daukaten bitarteko irakasle kontratatuak (BIK) 200 baino gehiago. Hala ere, irakasle hauen lan-baldintzak txarrak dira eta hobetu behar dira zentzu batzuetan.

Egoera honi buelta emateko LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak bildu gara eskaera batzuk adosteko asmoz. Ekimen honetan kokatu behar ditugu urtarrilean Gasteizen, Donostian, Leioan eta Bilbon kolektibo honen irakasleekin egindako asanbladak.

Prozesu honen ostean, jarraian aurkezten dizkizuegu negoziazio-mahaietara eramango ditugun eskaerak:

1. Lanaldi osoko kontratuak hobestea eta partzialak murriztea

Irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenaren 16. eta 18. artikuluetan agertzen diren zehaztapenak oinarri harturik, arduraldi osoko kontratazioak hobestea azpimarratuko dugu. Hain zuzen ere, lan-hitzarmenean “Sail berean ordezkapenak egiteko arduraldi partzialeko bi kontratu badaude, eta behar berriak sortzen badira plantilako lanpostuak betetzen dituzten pertsonak arduraldi partzialean ordezkatzeko arduraldi osoko kontratuak egingo dira.” jasota dago. Gure ustez, horrek aukera handiak eskaintzen ditu arduraldi partzialeko kontratazioak gutxitu eta arduraldi osokoak sortzeko. Ildo horretan aipatutako artikuluen aplikazio zorrotza eskatuko eta zainduko dugu.

2. Irakasle elkartuak legearen parametroetan soilik kontratatzea

Irakasle eta ikerlarien arloko errektoretzatik bertatik jasotako datuen arabera, badaude 88 BIK elkartu plazak betetzen. Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen 23. eta lan-hitzarmenaren 13. artikuluetan jasotzen den moduan, “irakasle elkartuak zati bateko lanaldirako kontratatzen dira, irakaskuntza zehatzetan irakaskuntza-zereginak betetzeko ez beste ezertarako, beren lanbide-jarduera unibertsitatetik kanpo betetzen dutela egiaztatzen duten gaitasun ezagutuko espezialisten artean hautatuta”. Hori dela eta, figura honekin egiten ari den erabilera okerra aztertu behar da, izaeran nahiz dedikazioan. Ezin da erabili irakasle elkartu figura lanaldi partzialeko lanpostuak sortzeko edo mantentzeko, lanaldi osoko lanpostuak baino merkeago direlako. Beraz, azterketa honekin batera, honako hau proposatuko dugu: irakasle elkartu plaza batean espezialista bat aurkeztu ez eta BIK baten bidez betetzen bada, gehienez urtebeterako izan dadila; hau da, ikasturte horretan zehar ez bada espezialistarik aurkitzen, hurrengoan plaza horrekin zer egin eragile sindikalekin negoziatzea, irizpide orokorra izanik plaza hori arduraldi osokoa bihurtzea, atxiki figura lehenetsiz.

3. Lanaldi partzialeko kontratuen “mapa” sinplifikatzea

Osakidetzako irakasle elkartuen 3 ordutako (9 kreditu) kontratuak salbu, lanaldi erdiko baino denbora gutxiagoko kontraturik ez egitea defendatuko dugu, hau da 4 edo 6 ordutako (12 eta 18 kreditu) kontratuak baino ez genuke onartuko (ondorioz, ez lirateke egingo 5 orduko -15 kreditu- kontratu gehiago).

4. Lanaldi partzialeko irakasleek egiten duten lana aitortzea eta soldatan jasotzea

Arduraldi osoko irakasleei JAPak hainbat ordu aitortzen dizkie oinarrizko gestioa, formazioa eta eskolak prestatzeko ordu-kopuru gisa; ez, ordea, arduraldi partzialekoei. Hala ere, nahiz eta ez ordaindu, hiru jardun-mota horiek ere egiten dituzte eskolak eman ahal izateko (eta hori, aitortu gabe lanaldi partzialeko irakasle askok egiten duten ikerketa kontuan hartu barik…). Diskriminazio egoera hau amaitzeko 41/2008 Dekretua aldatu behar da. Baina aldaketa hori negoziatu eta gauzatu artean ere behin-behineko neurri batzuk hartu beharko lituzke Unibertsitateak; esate baterako, lan-hitzarmenaren 32.5 artikuluak markatzen duen bideari ekinez: “(…) arduraldi osoko plaza bati dagokion ordainsariaren %50 esleitu ahalko zaio astean sei orduko arduraldi bati”, eta 4 orduko lanaldiei proportzionalki aplikatzeko egin beharreko aldaketak bideratuz.

5. Tutoretzak egun batean metatu ahal izatea eta eskola-ordutegiak ezartzean malgutasuna

Bi egunetan tutoretza-orduak banatu edo eskolarik gabeko lauhileko batean egin behar izateak eragin zuzena du irakasle-lanaldia beste lan batekin bateragarri egiteko orduan. Beraz, lanaldi partzialeko irakasleen kasuan, tutoretza-orduetan malgutasunez jokatzeko eskatzen dugu, bereziki eskolarik ez dagoenean.

Beste alde batetik, kasu askotan irakasle hauek unibertsitateko lana bateragarri egin behar dute beste lan batekin; askotan eskola-ordutegiek bateragarritasun hori ezinezko bihurtzen dute (adibidez, goizeko lehenengo orduetan eskola batzuk eta arratsaldeko azkenengoetan beste batzuk). Hori dela eta, ordutegiak ezartzeko orduan bateragarritasuna kontuan hartu ahal izateko malgutasuna aplikatu behar da.

Edozein kasutan, bai tutoretzei dagokienez baita klaseen banaketei dagokienez, ikasleen interesak kaltetu barik.

6. Ikerketa sustatzea

UPV/EHUn lanaldi partzialean aritzen diren irakasle batzuk tesia egiten ari dira. Beste askok, doktoreak izanda ere, ikerketa egin behar dute promozionatzeko ezinbestekoak diren akreditazioak lortzeko. Hala ere, soldatan beren ikerketa aitortua ez izateaz gain, ikerketa garatzeko traba batzuekin egiten dute topo. Zentzu horretan, gaur egun dauden oztopoak eta zailtasunak aztertu behar dira eta neurri aproposak bultzatu. Lantzeko ekimenen artean honako hauek egongo lirateke, besteak beste: behin gutxieneko antzinatasuna izanda ikerketa-egonaldiak egiteko aukerak, bueltan lanpostua mantenduz; EHUko ikerketa-proiektuen deialdietan parte hartu ahal izatea (behintzat proiektua garatu bitartean kontratua mantenduko dela aurreikusten denean); Euskoikerrekin kontratuak egin ahal izatea…

Laster gai honen inguruan sindikatuok UPV/EHUko zuzendaritzarekin izango dugun bileran eskaera hauek plazaratuko ditugu, urte askotan zehar aipaturiko egoera kaxkarrak pairatu dituzten irakasleen egoerari buelta ematen hasteko. Edozein kasutan, lanaldi partzialeko irakasleen parte-hartze aktiboa beharrezkoa da.  Beraz, iradokizunik izatekotan jarri kontaktuan gurekin.

Lanaldi partzialeko lan-baldintzak duindu!