Langileon egonkortasuna eta beharrezko finantzaketa, orain!

LAB kontzentratu da Ikasturte hasierako ekitaldian

2018/19 ikasturteko hasiera-ekitaldi honetan, LABek bere gogoeta azaldu nahi du UPV/EHUn egun dauden arazo nagusien aurrean:

  • UPV/EHUko langileriaren zati handiak behin-behineko egoeran jarraitzen du bere zerbitzuak unibertsitatean urte luzez eman ondoren. Administrazio eta Zerbitzuetako (AZP) langile askok iraunkortasunaren zain segitzen dugu, iruzur laboralaren politika baten ondorioz. Izan ere, kolektibo honetan behin-behinekotasuna % 60tik gorakoa da, Jaurlaritza, Estatuko gobernua eta unibertsitateko agintarien utzikeriaren erakusle. Estatu mailan, ikasleko eta irakasleko AZP ratio baxuena duen unibertsitatea da UPV/EHU, eta hala ere Jaurlaritzak behin behineko egiturekin erantzun nahi die unibertsitateak dituen behar estrukturalei.
  • Beste aldetik, irakasle eta ikertzaile gazteek modu berezian pairatzen dute prekarietatea, eta promozioa zein egonkortzeko bideak oztopoz beterik izaten jarraitzen du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik erakutsi aldi baterako irakasle eta ikertzaileen diskriminazioarekin amaitzeko beharrezko urratsak emateko, langileak bide judizialetara jotzera behartuz, irakaskuntza eta ikerketa merituak kontuan hartzeko kasu.
  • Euskalduntzeari dagokionez, II. planean jasotako helburu asko betetzeke geratu dira, eta ez guztiak kanpoko eragileek bultzatuta, barruko agintarien borondate ezagatik baizik. Ondorioz, euskarazko zerbitzua ematea eta euskaraz ikastea ez dago guztiz bermatua.
  • Unibertsitate publiko batek jendarteari eskaini behar dion zerbitzua ondo bermatzeko UPV/EHUk jasotzen duen finantzaketa ez da nahikoa. Oraindik ez da berreskuratu 2012ko aurrekontuen kopurua eta UPV/EHU urtero ziurgabetasunean mugitzen da aurrekontuei dagokienez.

Lehiakortasun hutsari eta nazioarteko ranking-ei erabateko garrantzia eman baino, LABen iritziz, ezinbestekoa da ikasleen beharrei eta langileen lan-baldintzei eta bizi-proiektuei garrantzia ematea eta UPV/EHUk bete beharko lituzkeen funtzio guztiei erantzuteko beharrezko finantzaketa bermatzea unibertsitate publiko, euskaldun, parte-hartzaile eta parekideago baten alde urrats sendoak eman ditzan.

Langileon egonkortasuna orain!
Lan-baldintza duinak guztiontzat!
UPV/EHUren beharrezko finantzaketa bermatu!