MARTXOAK 8: KAPITALA HAUTSI, BIZITZARI EUTSI!

Duela urtebete, Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitu ondoren, berton bizi garen emakumeok* kalera irten ginen eta planto egin genuen egunero eta bizitzaren arlo guztietan pairatzen dugun egiturazko bazterkeriaren aurrean. Indarkeria matxista, arrazakeria instituzionala, lan esplotazioa, zaintza erdigunean jarriko duten bizi proiektuak garatzeko ezintasuna, kontsumo basatia, heziketa diziplinatzailea, berriro ere genero rolen inposaketa…

Emakumeok* doan edo modu guztiz prekarizatuan egiten ditugun zaintza lanek bizitzaren sostengarritasunerako balioa eta garrantzia handia daukatela eta aitortuak izan behar direla aldarrikatzeko irten ginen. Hainbat zapalkuntza ardatzek zeharkatzen gaituztela eta, gainera, hainbat modutan eragiten digutela aitortu genuen. Ez dugu egoera bera pairatzen etxeko lanetan aritzen garen paperik gabeko migranteok, udaletxeren bateko langileok, bollerook, aniztasun funtzionala dugun emakumeok*, pentsiodunok, transak, bekariook edo lan prekarioak bata bestearen atzean kateatzen ditugunok, baina den-denok geunden nazkaturik, gogaiturik eta zerbait berri eta justuagoa eraikitzeko prest, bateratzen gaituen guztia aintzat hartuta, baina ezberdintzen gaituena saihestu barik.

Aurtengo proposamena da harago joatea eta grebaren arrazoietan sakontzea: aldarrikapenak birpentsatu eta zehaztu, Euskal Herria eremutzat hartuta, hau da, hemen, Euskal Herrian, eta orain, 2019an kokaturik. Jakinda nondik gatozen eta gure genealogia feministak onarturik, baina jakinda, era berean, nora goazen: zer lortu nahi dugun eta zelan lortu nahi dugun.

LABen zalantza barik atxikitu gara grebara, pasa den urtetik hona, egoera hobetu beharrean, are gehiago okertu baita. Sistema kapitalista kosta ahala kosta ahalegindu da gure diskurtso, lelo, salaketez jabetzen eta edukiz husten edo minimizatzen edo dominak jartzen ezer egin gabe. Kapitala morez jantzi da eta sinestarazi nahi izan digu mahaiaren alde berean jesarririk gaudela. Ezta hurrik eman ere: generoaren soldata arrakala oraindik badago lan esparru guztietan, gehienbat emakumeok* egiten ditugun lanei balio ekonomiko eta soziala kentzen zaie, zaintzak ez dira inorentzat lehentasun politikoa, emakumeok* ez daukagu ez denborarik ez baldintzarik zaintzeko eta duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko.

Enpresek egiten dituzten berdintasun planak euren burua zuritzeko tresna hutsak baino ez dira eta ez dute balio diskriminazio egoerei buelta emateko. Edozein eskaera sindikalen aurrean instituzioek publizitate handia baina mami gutxi duten planak aurkezten dizkigute. Ez dago zaintzarako inolako baldintza sozial, ekonomiko edo politikorik. Lan merkatuaren prekarizazioak bizitzen prekarizazioa ekarri du berarekin batera eta hau areagotzen ari da. Indarkeria matxista lan zentroetan eguneroko ogia da. Eskubideak pribilegio direla sinestarazten digute eta konplexurik gabe murrizten dizkigute edo deuseztatuko dituztela mehatxatzen gaituzte.

Honen aurrean ez gara besoak gurutzatuta geratuko, horrelakorik sekula ez dugu eta egin. Martxoaren 8an, 9an, 10ean eta egunero kalera irteteko badauzkagu arrazoiak soberan eta ez gara beldur, badauzkagu mila motibo eta ez dugu etsiko. Euskal Herri aske, feminista, antikapitalista eta antiarrazistan sinesten dugulako. LABen, sindikalismo feministaz, egunero ari garelako borrokan hiltzen gaituen sistema kapitalista heteropatriarkal honen kontra, lantokietan, bai eta etxeetan, kalean, lagunartean… ere, sistema horren gehiegikeriak seinalatzen, bere kontraesanak azalaraz-ten, gure eskubideak exijitzen, kapitala eta bizitzaren suntsiketa salatzen. Herri honetako parte garelako eta uste dugulako bizitzak erdigunean jartzea eta zaintzak kolektibizatzea denon zeregina dela. Gure herria balio feminista, antikapitalista eta dekolonialetatik eraiki nahi dugulako eta jakin badakigulako ez dela posible ezer sortzea inor esplotaturik, ezta gutxi batzuentzat eskubideak defendatzea, gehiengoaren kontura… honengatik guztiagatik, grebara batu egingo gara!

Martxoaren 8an, sistema kapitalista heteropatriarkal kolonialista honen aurrean GREBA FEMINISTA!