Mutualitateekin kontingentzia arrunten kontrolerako hitzarmenik ez

Print Friendly, PDF & Email

Osasungintza publikoa sustatu behar dugu pribatuaren aurrean

Langileriaren Osasuna okerrera doa egunez egun. Eta hau da salatuko duguna, beste behin, apirilaren 281n, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean.

20150427-lan-osasunaLangabeziaren hazkundeagatik eta osasun kalteak izkutatzen direlako, osasun galera, lan istripu eta gaixotasun profesionalen datu ofizialek behera egin dute. Aurrera eramaten ari diren erreforma guztiek bizitza beraren kontrolaren galera dakar (elikadura, etxebizitza…) eta bide beretik, ziurgabetasuna, ezegonkortasuna eta gure osasunean eragin zuzena duen presioa areagotzen da langileongan. Aipatzekoa da urduritasun eta antsietatea areagotzean, beldurretan, sufrimenduan, depresioan eta harreman pertsonaletan lanaren prekarietateak duen eragina. Neke kronikorako, jasankizun kroniko-degeneratibo eta kardiobaskularretarako arriskua handitzen da, intoxikazioak eta tumoreak maizago azaltzen dira eta lan ezbeharren-kopuruak gora egiten du.

2008tik depresioarekin, antsietatearekin, alkoholaren gehiegikeriarekin, lo arazoekin zerikusia zuten patologiak %20-40 igo dira. Gero eta jende gehiago gerturatzen da kontsultetara zantzu hauekin, estresak edota lan galerak eta hipoteka ordaintzeko gabeziak dakartzan intseguritateak eraginda. Modu berean, suizidioa heriotz ez naturalen artean lehen zergaitia izatera pasa da.

Honekin batera publikoak diren konpententzia batzuk esku pribatuetara pasatzeko politika pribatizatzaile baten aurrean topatzen gara. Eredu publikoa deusestatu nahi dute interes pribatuek gure Osasuna eta bizitzaren kontura negozioa egin dezaten.

Duela gutxi onartutako mutuen legea, uztailean onartutako aldi baterako ezgaitasunari buruzko Errege Dekretuarekin batera, gure osasunari egiten zaion eraso berri bat da, osasungintza publikoa pribatizatu eta deskapitalizatzen duena mutualitateen onurarako.

90. hamarkadatik hona mutualitateek gero eta konpetentzia gehiago irabaziz joan dira, bai kontingentzia profesionaletan zein arruntetan ere. Eta hori gutxi balitz, beste prestazioetan ere lortu dituzte eskumenak (autonomoen langabezia, arriskuko haurdunaldiak, gaixotasun larriak dituzten ondoregoen zaintza…).

Azken erreformarekin hasitako ibilbidean sakonduko dute: mutualitateek jadanik ez dute lanaren eraginagatik eratorritako gaixotasunetaz ulertuko, publikoak diren konpetentziak irabazi dituzte eta irabazten jarraituko dute.

Hemendik aurrera mutualitateak erabakiko du baja bat arrunta edo profesionala den; mutualitateen altaren aurrean 10 egun besterik ez dugu izango erreklamatzeko; bajak gaixotasunen iraupenari lotutako taula batzuen menpe izango dira; osasungintza publikoko zerbitzuen menpe diren bajen burokrazia areagotuko da; GSINak gure historia klinikora sartzeko aukera izango du. Eta gehiago oraindik: kontingentzia arruntetan lehen egunetik zitatu ahal gaituzte; azterketak egitera behartzeko erabakia inposatzeko aukera izango dute; alta ekonomikoa emateko gaitasuna izango dute (bajan egon kobratu gabe), eta honekin batera osasungintza publikoari froga diagnostikoak eta tratamendu terapeutikoak kobratzeko aukera. Hain da handia da ematen zaien eskumena, altak emateko aukera izango dutela praktikan.

Laburbilduz, emandako konpetentzia berriek mutualitateei langilegoaren kontrolerako botera handiagoa izatea ematen die, egungo ereduak etengabeko erreformen bitartez sistema publikoa deuseztatzea bilatzen du.

Osasungintzaren eredu pribatu eta ekonomizista baterantz garamatzate, non mutuei botere guztia emango zaien. Kontrolik gabe. Alta goiztiarrek, gaixo dauden langileen kaleratzeak edota saihestu daitezkeen ondorioek gizarteari suposatzen dioten kostea izkutatzen dute.

Guzti honengatik, LABen publikoa pribatuaren aurretik jarri beharra dagoela uste dugu eta beraz, enpresei mutualitateekin kontingentzia arrunten kontrolerako hitzarmenik ez adostea eskatu nahi diegu, hau da, kontingentzia profesionalak GSINekin hitzartzea eta osasun arreta Osasunbidea eta Osakidetzaren eskuetan uztea osasungintza publiko eta kalitatezkoa bermatuko duen beste eredu baten defentsan.

Modu honetan gizarte segurantzako kotizazioen zati bat Osasungintza Publikora bideratzea lortuko dugu (Osasunbidea eta Osakidetza), eta bide batez osasungintza sistema publikoa giza-baliabide eta baliabide ekonomiko eta tekniko gehiagoz hornituko dugu.

Aukera hau egun bideragarria da, mutualitatearekin hitzartua dugun elkartze-hitzarmena noiz amaitzen den jakitearekin nahikoa da. Data iritsi baino hilabete lehenago hizarmena salatu (berrituko ez dela jakinarazi) automatikoki luza ez dadin.

Apirilaren 28 honetan aldaketa enpresetan eman dadin hasitako lanean gure konpromisoan berresten gara, gure Osasuna irizpide zientifikoekin bakarrik azter dadin, eta ez irizpide ekonomikoekin. Kalitatezko osasun publikoa eskubidea izango den alternatiba erreal bat eraikitzen joateko. Gure osasunaren eta gure bizitzaren zerbitzura egokitutako eta giza baliabideak eta baliabide ekonomiko eta tekniko nahiko izango dituen osasungintza eredu baten alde. Hau da gure apustua!