Onartu du Gizarte Kontseiluak Osagarrien 2016ko Deialdia

Print Friendly

LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua

Hilabeteak zain egon ondoren, osagarrien 2016ko deialdia onartu du Gizarte-Kontseiluak gaur izandako saioan. Hurrengo pausoa EHAOean argitaratzea izango da, irailerako aurreikusten dena, eta ondoren hilabeteko epea irekiko da eskaerak aurkezteko. Berri ona da zalantzarik gabe, lehenengo aldiz aurkezteko aukera irekiko zaielako hainbat irakasle-ikerlariri, baita ebaluazio berri bat eskatzeko ere 2015ean kontsolidatzera aurkeztutakoei.

Hala ere, ez da ahaztu behar udaberrian espero genuela deialdia onartzea eta atzerapen honek kalte ekonomikoak ekarriko dizkiela langileei. Izan ere, Unibasqek sei hilabeteko epea daukanez A eta B tramuen ebaluazioak egiteko, ebazpenak 2017an jasoko ditugu eta, ondorioz, 2018ko urtarriletik aurrera ordainduko zaizkigu lortutako tramu berriak, aurreikusitakoa baino urtebete beranduago. Eta guztia Jaurlaritzaren presioen eraginez, urtebeteko ordainketa irakasleen kontura aurrezteko azpijokoen ondorioz.

Dena dela, gauza jakina da C tramuek ez dutela kanpoko ebaluaziorik behar, eta beraz teknikoki posible dela aurten bertan izatea tramu horien ebazpenak, 2015eko deialdiak argiro erakutsi duen bezala. Hortaz, Administrazioak ez dauka aitzakiarik C tramuen eragin ekonomikoa urtebetez atzeratzeko, eta beraz ziur gaude oraingo honetan arduraz jokatuko dutela, eragile bakoitza bere esparruan.

Nolanahi ere, epaitegietan lortu ditugun garaipenen ondorioz, 2013ko eta 2014ko deialdiak gauzatu beharko dira, eta horien eragin ekonomikoaren data ezin izango dute atzeratu, sententzian bertan dagoelako finkatuta: 2015ko eta 2016ko urtarrilak, hurrenez hurren. Hortaz, 2016kora aurkeztekoa bazinen, baina 2013kora edo 2014kora aurkezteko baldintzak betetzen badituzu, ez baztertu bi aukera horiek.

Baina pausoz pauso, irailetik aurrera informatzen jarraituko dugu, xehetasun guztiekin eta azken berriekin. Bitartean ondo pasa ederto merezitako oporrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude