Osagarriak, Gizarte Kontseiluaren zain

Print Friendly

LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua

Pasa den asteko Gobernu-kontseiluan onartu ziren irakasle-ikertzaileen banakako osagarrien 2013ko eta 2014ko deialdiak. Deialdi hauek aukera emango diete irakasle-ikertzaile askori 2011 eta 2014 urteen artean egin gabeko deialdien ondorioz izan zituzten galerak partzialki errekuperatzeko. Gogoratu bi deialdi hauek LAB eta STEILAS sindikatuok bultzatutako salaketa judizialaren ondorio zuzena izan direla.

Bestalde, 2016ko deialdiari dagokionez, oraindik ez da berretsi Gizarte-kontseiluan, iazko abenduko Gobernu-kontseiluan onartu bazen ere. Dirudienez, azken tramite horren blokeoan Jaurlaritzaren esku luzea eta oztopatzailea dago. Atzerapen honek kezkak sortzen dizkigu, aurretik iragarritako epeak ez betetzeko arriskua dagoelako, irakasle-ikertzaile askoren itxaropenak zapuztuz.

Alde praktikotik, erabakiak hartzerakoan kontuan eduki beharrekoak:

  • 2013ko deialdian 2013ko abenduaren 31ra arteko merituak sartu ahalko dira, eta ondorio ekonomikoak 2015eko urtarriletik aurrerakoak izango dira.
  • 2014ko deialdian 2014ko abenduaren 31ra arteko merituak sartu ahalko dira, eta ondorio ekonomikoak 2016ko urtarriletik aurrerakoak izango dira.

Kasu biotan, dena dela, ez dago argi noiz berretsiko diren deialdiak Gizarte-Kontseiluan, ondoren publikatuak izateko, are gutxiago noiz ekingo zaien ebaluazioei eta tramu berriak ordaintzeari. Bestalde, Unibasq-ek ezarri duen tasa ez da ordaindu beharko C tramuak bakarrik eskatzen badira, EHUk jakinarazi digunaren arabera.

Administrazioaren beste partaideek daukaten eragiteko ahalmena gutxietsi gabe, pilota Gizarte-kontseiluaren teilatuan dago orain, eta beraz bertako Kontseiluburuari adierazi nahi diogu ez dadila luzamendu gehiagotan aritu, eta bere esku dagoen guztia egin dezala osagarrien 2016, 2013, eta 2014 deialdien tramitazioek beraien bideari ekin diezaioten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude