Osagarrien deialdi murriztua onartu du Gizarte Kontseiluak

Print Friendly, PDF & Email

Atzo, ekainaren 3an, Gizarte Kontseiluaren bileran onartua izan zen gehigarrizko ordainsari osagarriak eskatzeko deialdi berria, 2015ekoa. Dagoeneko, espero bezala, Unibasqek merituak ebaluatzeko protokoloa eskegi du bere Web-orrian (hemen sakatu ikusteko) eta EHAAn argitaratzera bidali du; deialdia bera irailaren hasieran argitaratzea aurreikusten da, eskaerak aurkezteko hilabeteko epea martxan jarriz.

Lau urte baino gehiago behar izan dira osagarrien deialdiak berrabiarazteko eta, pausu positiboa bada ere, hau ez da guk nahi genuen deialdia, ezta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroan onartu zuena. Hezkuntza Sailaren presioak medio, aldaketa garrantzitsuak egin zaizkio aurretik adostuta zegoen proposamenari, eta hauen artean deigarriena atzera eraginkortasuna kentzekoa.

Zeintzuk dira deialdiaren ezaugarriak?

  • Osagarriak eskatu ezin dituzten kolektiboen artetik behin behineko ikerlarien (PIC) aipamena kendu da. Oraingoan, ezingo dute osagarririk eskatu martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak, UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen ordainsariei buruzkoak, kanpoan uzten dituenak, aurreko deialdietan bezala.
  • C osagarrien ebazpenak, antzinatasunari lotutakoak, 2015a amaitu aurretik jasoko dira eta 2016ko urtarriletik aurrera kobratu ahal izango dira.
  • B eta A osagarrien ebazpenak, merituen ebaluazioa eskatzen dutenak, 2016ean jasoko dira (6 hilabeteko epea dago horretarako) eta 2017ko urtarriletik aurrera kobratzea aurreikusten da.
  • Deialdi honetan eta hurrengoetan lortutako osagarriak kontsolidatu egingo dira. Aurreko deialdietan lortutakoak kontsolidatzeko eskaera egin beharko da.

LABen ustez, kontsolidaziorako eta ebaluazio berrirako epe desberdinak erabiltzearen aukerak irekitzearen zeharreko gakoak hurrengoak dira:

  • Aurreko deialdietara aurkeztu diren irakasle eta ikertzaileek bi aukera izango dituzte: lortutako mailak kontsolidatzekoa, edo ebaluazio berria eskatzekoa. 2015eko deialdian kontsolidazioa eskatuz gero, ez dira 5 urte itxaron behar ebaluazio berri bat eskatzeko.
  • 2016ko apirilean hurrengo deialdia argitaratzea aurreikusten du errektoreak, deialdi honek ere eragin ekonomikoa 2017an izango duelarik. 2015ean kontsolidazioa eskatu dutenek, 2016ko deialdian tramo berrien ebaluazioa eska dezakete, aurrekoak galtzeko arriskurik gabe.
  • Ebaluazio epea erabakitzeko aukera egongo da (honen eraginkortasuna oraindik aztertzeke): lehenengo aldiz eskatzen dutenen kasuan, bizitza akademiko osoa aukeratzekoa; aurretik eskatu dutenek, bi ebaluazioen arteko epe osoa sartzekoa; edo kasu guztietan 5 urteko epera mugatzekoa. Baina azken hau aukeratuz gero, tramo bat jasotzeko eskubidea aurretik lortuta ere (adibidez, B2 tramoa jasotzekoa 2013tik aurrera), eragin ekonomikoa beranduago gauzatuko da (2016an Cak eta 2017an B eta A). Hau da, atzera eragina ez da kontuan hartuko.

Guzti honen aurrean, LABek Gizarte Kontseiluan duen ordezkaria deialdiaren aurka azaldu da, osagarrien deialdiak berrabiaraztea garrantzitsua bada ere, ez dugulako onartzen aurreko urteetako ondorio ekonomikoak kontuan ez hartzea. Horregatik, orain, deialdi honetan jasotzen ez diren eta irakasle eta ikertzaile guztioi dagozkigun eskubideak defendatzeko tresnak arakatzeko unea da.

Informatzen jarraituko dugu.