Seiurtekoak: konponbideak atzeratzen eta diskriminazioa luzatzen

Aldi baterako irakasleei aitortutako seiurtekoen ordainketa desblokeatzetik gertu?

2017an, sententzia baten ondorioz, ate bat ireki zen lehenengo aldiz aldi baterako irakasleek ikerketa seiurtekoak eskatu ahal izateko. Hala ere, Unibasq-ek sententziaren oso irakurketa murriztailea egin zuen eta, ikerketa meritu nahikorik daukaten irakasle eta ikertzaile guztiei aukera hori bideratzeko baliatu ordez, bakarrik hutsik dagoen lanpostu iraunkorra betetzen zuten irakasle-ikertzaileei mugatu zuen. Modu honetan, 2017ko deialdian egoera horretan zeuden irakasle batzuei seiurtekoak aitortu zitzaizkien. Hala ere, 41/2008 dekretuan aldi baterako irakasleek jaso behar duten osagarria definituta ez egotea aitzakiatzat hartuta, oraindik ez zaie ordaintzen hasi. Urte bat baino gehiago daramate meritua aitortuta baina kobratu gabe!

Egoera berri hau sortu zenetik behin eta berriro eskatu diogu EHUko zuzendaritzari sindikatuekin akordio bat sinatzeko langileei aitortutakoa ordaintzeko, aldi baterako irakasleen bosturtekoen akordioarekin egin zen antzera. Gaia aldi batzuetan atzeratu ostean, urtarrilean aurkeztu ziguten proposamen bat. Proposamen hori aitortutakoa ordaintzea bideratzen bazuen ere, bazeukan baldintza batzuk gure ustez zuzendu behar zirenak:

  • Bosturtekoen sententzietan oinarrituta, osagarriaren zenbatekoa 41/2008 dekretuan irakasle kolaboratzaile iraunkorrentzat definitutakoa proposatzen zen. Guk defendatu dugu hutsik dagoen plaza iraunkorra betetzen duten irakasle gehienek plaza iraunkorrerako akreditatuta eta oposaketaren zain daudela eta, beraz, dekretuan agregatuentzat definitutako zenbatekoa jaso beharko luketeela. Hori gauzatzea ez bada lortzen, gutxieneko bezala definitu dugu irakasleek/ikertzaileek lanpostu iraunkorra eskuratzean seiurtekoaren zenbatekoa agregatuarena izatera pasatzea.
  • Hasierako proposamenean ordaintzeko epeak ez ziren jaso. Gure eskaera honako hau da: akordioa sinatu eta hurrengo Gobernu Kontseilutik pasatu, hurrengo hilabetean seiurtekoak era erregularizatuan kobratzen hasteko. Era berean, akordioan jaso beharko da atzerapenengatiko zorra kitatzea momentu berean.

Sindikatuetatik irakasle eta ikertzaileen errektoreordeari urtarrilean bertan sinatzeko dokumentua igorri arren, oraindik ez dute tarterik izan gurekin biltzeko, pasa den asteko bilera aste honetara atzeratuz, eta aste honetan berriz atzeratuz. Exijitu dugu martxoaren azken astean edo apirilaren lehenengoan, beranduenez, bilera gauzatzea eta gai hau ixtea.

Aldi baterako irakaslea bazara eta seiurtekoa(k) aitortuta bad(it)uzu eta zalantzaren bat baduzu jar zaitezke kontaktuan gurekin.

Gainontzeko aldi baterako irakasleek seiurtekoak eskatu ahal izateko ukazioa luzatzeko dihardute

Aldi baterako irakasle-ikertzaileen zati txiki batentzat egoera desblokeatzen hasi bada ere, aldi baterako irakasle-ikertzaile gehienei ukatzen diete ikerketa merituen aitortza, erabateko diskriminazioa dena. Informatu genizuenez , LABek eraman zuten gai hau epaira gatazka kolektibo bezala eta 2018ko urrian Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko salak arrazoia eman zigun, kolektibo honen ikerkuntza ebaluatua izateko eta aitortutakoa ordaintzeko eskubidea onartuz eta UPV/EHU, Unibasq eta Eusko Jaurlaritza epaia betearaztera behartuz. Hala ere, bai UPV/EHUk bai Eusko Jaurlaritzak – Unibasq-ek helegite bana jarri dute:

  • UPV/EHUko zuzendaritzaren kasuan, adierazi dute langileek gatazka Unibasq-ekin daukatela, eta ez UPV/EHUrekin, seiurtekoen deialdiak Unibasq-ekoak direla eta ez UPV/EHUkoak. Argudiatzen da ere gatazka ez dela kolektibo batena baizik eta langile bakoitzarena norberaren ezaugarriekin, merituak indibidualak direlako. Hori dela eta UPV/EHUren legitimazio pasiboaren eza argumentatu eta epaia indargabetzea eta UPV/EHUren kontrako epaiaren eskaerak bertan behera uztea eskatu dute. Egondako behin-behineko sententzia indargabetzeak aldi baterako irakasleen alde behin-behinean lortutakoa (seiurtekoak eskatu eta kobratu ahal izatea) bertan behera geratzea eragingo luke.
  • Eusko Jaurlaritza eta Unibasq-en kasuan, jurisdikzio falta dagoela bide sozialean eta bide auzi-administratibotik epaitu behar dela argudiatu dute eta, hau aintzat ez hartzekotan, aldi baterako pertsonalaren ikerketa-aktibitatea ebaluatua izateko eskubidea ez dela existitzen adieraztea eskatzen dute, Unibasq eta EAEko Administrazio Orokorra absolbituz.

Helegitean justifikatzen dute langileen arteko tratu ezberdintasuna kontratu motan oinarrituta. Gure ustez, ikerketa merituak objektiboak eta neurgarriak dira eta eskatzeko aukera ez da egon behar kontratu motaren arabera (iraunkorra ala aldi baterakoa izatea). Hots, merituak ebalua litezke eta seiurtekoak onartu edo errefusatu irakasle-ikertzaileak zein kontratu duen jakin gabe.

Helegitean errepikatzen da auzian jada erabilitako sasi-argudio bat: irakasle atxikiek ezin dutela kontratatuta egon 4 urte baino gehiago eta, beraz, ezinezkoa dela ebaluazioa eskatzea 6 urte-tartea behar delako. Argudio bera erabiltzen da doktoretza-osteko ikertzaileekin, kontratuak gehienez 5 urtekoak direla esanez. Ez litzateke gaizki Eusko Jaurlaritzatik hainbeste aldi baterako irakasle eta ikertzaileri galdetzea ea ez diren egon UPV/EHUn 6 urte kontratatuta; baina erantzunak agerian utziko lituzke. Gehiegitan, beren araudien irakurketa estua eta errealitatea ez datoz bat.

Helegiteak direla eta Auzitegi Gorenean ebatzi arte oso posiblea da hilabete asko igarotzea.

Seiurtekoei, bosturtekoei eta beste alderdi batzuei lotutako disfuntzioengatik, argi dago 41/2008 Dekretua zaharkitua geratu dela eta erabiltzen ari dela langileen arteko diskriminazio egoera batzuk mantentzeko. Beharrezkoa da dekretu hori eguneratzea, langileentzako lan-baldintzak bermatzeko eta diskriminazioarekin bukatzeko, nahiz eta kontziente izan Estatu espainiarretik ezarritako legediaren itzalean garatutako araudi autonomikoak ez direla euskal langileok behar ditugunak. Izan ere, osagarrien sistema partxeo baino ez da, unibertsitateko langileen oinarrizko soldata duinak ezarri ordez.

Bidegabekeria hau mantentzen den bitartean animatzen zaituztegu eransten dizuegun kartela inprimatzera eta zuen bulego eta zentroetan jartzera. Gauza bera irudi berarekin prestatu ditugun pegatinekin. LABeko bulegoetatik pasa zaitezkete zuentzat eta zuen lankideentzako pegatinak jasotzera. Argi ikus dadila langile guztion merituak ez direla berdin baloratzen eta diskriminazioa mantentzen dela.

Horretaz gain, diskriminazio hau salatzeko eta erantzuleak seinalatzeko ekimenak iragarriko ditugu laster.

Seiurtekoak guztiontzat!

Irakasle-ikertzaileen arteko diskriminaziorik ez!