UPV/EHU: Euskal Herrirako Unibertsitatea, gure hautua

Print Friendly, PDF & Email

Sinatzaileak: Mila Amurrio, Amaia Andrieu, Iñaki Antiguedad, Angel Bidaurrazaga, Arantza Diaz de Ilarraza; Gabi Elkoroaristizabal; Xabier Isasi; Iratxe Retolaza; Maite Urtiaga eta Iñaki Zabaleta Urkiola

UPV/EHUn, gainerako Europako Unibertsitateetan bezala, aldaketa sakonak gertatu dira Bolonia Prozesuak eta Lisboako Estrategiak ezarritako konpromisoak inplementatzean. Bi prozesu horiek, neoliberalismoak eta Estatuek bultzaturik, unibertsitatea ezagutza gizartearen erdigunean kokatu dute,  ordena ekonomiko globalari begira. Azken urteotan, mundu mailako erreferentziazko Unibertsitate ugariren jardunean auzi ekonomiko eta sozialen arteko oreka jokoak gertatu dira, eta horren ondorioz, unibertsitatearen aldaketaren gaineko eztabaida ireki da, baita gure artean ere: nortzuen/zeren zerbitzura egongo da XXI. mendeko unibertsitatea?

Unibertsitatearen ereduari buruzko eztabaida du testuinguru UPV/EHUko errektoretzarako hauteskunde prozesuak. Bistan da, UPV/EHU Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoan, sozialean, kulturalean eta politikoan garrantzi handiko instituzioa dela, baita ikuspegi euskaltzale eta ezkertiar batetik begiratuta ere. Hori dela eta, behean sinatzen dugunok, UPV/EHUren norabidea erabakiko duen pertsona hautatzeko unea heltzen ari delarik, gure unibertsitateak ondorengo lerroei heldu behar dielakoan gaude. Proposamen hauek guztiek gutariko askoren nahia biltzen dute: UPV/EHU Euskal Herrirako unibertsitatea izatea, Euskal Herrian errotua, Euskal Herriari eta munduari begira jardungo duena.

UPV/EHU Euskal Herrirako Unibertsitatea izatea: Euskal Herrian txertaturiko eta euskal gizarte demokratikoaren premiak aintzat hartzen dituen unibertsitate publikoa nahi dugu. Alegia, UPV/EHU eragile aktiboa izatea honako eremuetan, besteak beste: krisi ekonomikoaren ondorioen gaineko gogoeta kritikorako eta neurri zehatzen proposamenerako elkarguneak sortuz; euskal gatazkaren konponbidean desberdinen arteko elkarrizketa bultzatuz; gatazka horren ondorio diren euskal preso guztiei goi mailako hezkuntzan matrikulatzeko eta ikasteko bideak zabalduz… Halaber, UPV/EHUk Euskal Herrian diharduten Unibertsitate publikoen arteko zein gainontzeko Unibertsitateen arteko lankidetzaren aldeko  apustu argia egitea gura dugu, Euskal Herriaren egituraketan tresna baliagarria izan baitaiteke.

Konpromiso instituzional sendoa erakustea euskara irakaskuntza-, ikerkuntza- eta zerbitzu-hizkuntza gisa sustatzeko, unibertsitate-bizitzaren eremu guztietan euskara erabil dadin. Jakina denez, globalizazioaren ondorioz baldintzatu, moldatu eta distortsionatu egin dira goi mailako hezkuntza instituzioetan egindako hizkuntza-plangintzak. UPV/EHUn ere elebitasunetik eleaniztasuneranzko bidea zabalik da: adostasunaren bidetik, ekar dezagun eleaniztasuna euskararen aldera, bai irakaskuntza-eskaintzan (gradu zein graduondoetan), baita ikerkuntzan ere.

Ikerkuntza bultzatzea jakintza arlo guztietan, oinarrizko ikerkuntza zein aplikatua, nazioartekoa zein bertakoa; eta bermatzea behar beste baliabide ekonomiko zein giza baliabide izango dituela, bai euskal gizartearen beharrak kontuan hartuko dituen ikerkuntza sustatzeko, bai nazioarte mailan lehenesten diren ikerketa-ildoak gauzatzeko.

Genero berdintasunean eredugarria izatea, orain arte sortutako egiturak sendotuz (Berdintasunerako Zuzendaritza, Berdintasunerako Batzordeak zein Hezkidetza Batzordeak), eta egitura horiek askotariko baliabideekin hornituz. Eta horiek guztiek malgutasuna erakustea elkarlanean aritzeko unibertsitate komunitateko bestelako taldeekin: hau da, ikasle, irakasle, ikerlari edota administrazio eta zerbitzuetako langileen ekimenez sorturiko taldeekin (talde feministak, LGTBIak, eta abar).

Unibertsitatearen langileen lan-baldintza egokiak bere baitan bilduko dituen euskal lan-harremanen marko bat lortze aldera aritzea. Marko horretan, ezinbestekoa da neurri zehatzak hartzea behin-behinekotasun tasa handia murrizteko irakasle, ikerlari, administrazio eta zerbitzuetako langileen artean, eta langile guztiok soldata duinak izateko. Horrela, benetako kalitatezko irakaskuntza, ikerkuntza, kudeaketa eta zerbitzuak eskaini ahal izango dira.

Gradu eta graduondoetara ikasleen sarbide unibertsala bermatzea, tasa eta beken politika egoki baten bitartez. Halaber, ikasleak unibertsitate komunitatean eragile aktibotzat hartzea, eta haiekiko begirunez jokatzea, jokabide autoritario edota errepresiboak baztertuz, adeitasunezko harremana eraikitzea helburu.

Kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea bultzatzea, gardentasuna, eztabaida zabal errespetuzkoa eta izpiritu kritikoa ipar izango dituen lobby inmobilista eta atzerakoien interesen gainetik unibertsitate-komunitatearen gehiengo demokratikoen eta instituzioaren eginkizunak eta beharrak lehenetsiz.

Bistan da, aipatutako lan-ildoetan aurrera pausoak eman ahal izateko UPV/EHUk behar besteko finantziazioa beharko duela, eta hori, gaur-gaurkoz, ez dago UPV/EHUren beraren esku, baizik eta Eusko Jaurlaritzaren eta estatuko beste instituzio batzuen esku. Are gehiago, egungo lege-araudia ez du bidelagun. Beraz, ezinbestekoa da lan egitea lege-araudia alda dadin, finantziazio publiko nahikoa bermatzeko, horrek bakarrik ahalbidetuko baitu hainbat urtetarako planak egitea.

Herri akordio hori erdiesteko bidelagunak bilatu behar ditugu, bai UPV/EHUko unibertsitate komunitatean bertan, bai euskal gizartean. Hortaz, premiazkoa da adostasun zabal eta egonkorra erdiestea Unibertsitate Lege Berria hitzartu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude