UPV/EHUko behin behineko langileak

Print Friendly, PDF & Email

Kalte-ordaina eta mugagabe izaera eskatzeko erreklamazioak

Jakingo duzuenez, irailaren 14an Europako Justizia Epaitegiak eman zuen sententzia batek Estatuko behin-behineko langileek pairatzen duten diskriminazioa aitortu zuen, besteak beste bi agindu hauek emanez:

  1. behin-behineko langileek kontratua amaitzen zaienean kalte-ordaina kobratu behar dutela langile iraunkorren baldintza berdinetan (20 lan egunetako kalte ordaina);
  2. behin-behineko kontratuak ezin direla erabili lanpostua estrukturala denean, hau da, enpresak lanpostu hori epe luzerako izango dela aurreikusten duenean. Egoera horretan dauden langileei “mugagabe ez-iraunkor” bihurtzeko aukera eman behar zaie.

Horren ondoren egon dira Espainiako Estatuan irizpide horiek erabili dituzten sententziak, tartean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako bi.

Aurrekoa kontuan hartuta, LABen zerbitzu juridikoak aztertzen egon dira sententzia hauek zein neurritan eragiten dieten UPV/EHUko behin-behineko langileei (AZPko, irakasle zein ikertzaile). Hala ere, LABek beti lehenetsi izan du negoziazio kolektiboa bide judiziala baino. Horregatik, Unibertsitatearen jarrera ezagutu nahi genuen aurrera begirako pausuak proposatu aurretik.  Aldiz, atzo, azaroaren 16a, Unibertsitateko ordezkarien eta sindikatuen arteko batzorde parekidean Unibertsitateak emandako erantzunak ezer gutxi argitu zuen. Azalpena partziala (kalte-ordainen gaia bakarrik aipatu zen) eta zalantzez betetakoa izan zen, unibertsitateko kontratu mota ugariek sortzen dituzten zailtasunak argudiatuz eta administrazioaren jardunbidearen azalpena abenduaren 14ean egingo den bilera arte atzeratuz.

Bitartean, epeak aurrera doaz eta ezin dugu gure eskubideak defendatzeko aukerarik galdu. Gogoratu behar da kalte-ordainak eskatzeko erreklamazioa jarri behar dela  kontratua amaitu eta urtebeteko epean (langile laboralen kasuan) edo lau urteko epean (funtzionario interinoen kasuan).  Aldiz, kontratua mugagabe ez-finko bihurtzeko erreklamazioa kontratua edo izendapena irauten duen bitartean egin ahalko da, edo  kontratu/izendapena bukatu ondoren 20 eguneko epean laboralak eta hilabeteko epean funtzionarioak.

Hori dela eta, erreklamazioa egiteko eskubidea duzula iruditzen bazaizu, goian aipatutako epeetan kontratu edo izendapen bat amaitu zaizulako, edo egoera horretan egon daitekeen ezagunen bat baduzu, jar zaitezte gurekin harremanetan kasua aztertzeko eta eginbiderik hoberena zein izan daitekeen ikusteko.

Jakin ezazue tramiteetan aurrera egiteko ondorengo dokumentazioa prestatu behar duzuela:

  • Kalte-ordainak eskatzeko: kontratua, zesea (kontratuaren amaiera), bizitza laborala eta nomina.
  • Mugagabe ez-iraunkor eskatzeko: kontratuak, bizitza laborala eta nomina

Epai hauek prekarietatean eta iruzurrean eraikita egon den kontratazio sistemaren porrota irudikatzen dute. LABen iritziz, plantilak finkatzeko garaia iritsi da; sektore publikoan ematen den prekarietate egoerekin amaitu behar da.

Zure kontratua -laborala- 2015eko azaroaren amaieran edo abenduan bukatu bazen edo zure izendapena -funtzionarioa- 2012ko azaroaren amaieran edo abenduan bukatu bazen, PRESAZKOA da tramitazioa hastea.


 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude