Wert-i ez, Euskal Herrirako Unibertsitate Sistemaren alde

Print Friendly

Estatu espainiarraren Gobernuak onartu berri du Unibertsitate ikasketa ofizialentzat ordenazio berria arautzen duen Errege-Dekretua, 4+1 sistematik (lau urteko graduak gehi urtebeteko graduondoak/masterrak) 3+2 sistemara pasatzea “aukeran” uzten duena. Nahiz eta Wert-en hitzetan “ez da inposaketa, unibertsitateek hautatu ahal izango dutelako”eta “familientzat aurrezkia izango da, ordaindu beharreko unibertsitate-tasak txikiagoak izango direlako, unibertsitate komunitatearen gehiengoaren gaitzespena jaso du, aurretik LOMCErekin gertatu bezala, Hego Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko hezkuntza komunitateen aldetik erantzun zabala jaso zuena.

Dekretuaren aurka egoteko aipatutako arrazoiak anitzak dira: egungo 4 urteko graduak ebaluatzeko betarik ez da egon; titulazio berak iraupen desberdina izateko aukerak nahasmena eragiten du; unibertsitate pribatuen aldeko bultzada da; lan-merkatuan gradu tituluen debaluatzea suposatzen du; lan-merkatuan balioa duen titulazio-maila lortzeko 2 urteko masterrak egitea derrigortuko du, ikasle askok ordaindu ezin izango dituztenak; eta, gainera, unibertsitate publikoetako langile asko kaleratzeko egoera sor dezake. Bestetik, Errektoreen Konferentziak (CRUE) bere kezka adierazi du espainiar unibertsitate sistemaren kohesioa ahultzen duelako. Eta ezin dugu ahaztu Euskal Herriko unibertsitate sistema ere ez dela homogeneoa: Hegoaldean orain 5 urte espainiar hezkuntza sistemak Bolognaren egokitzapenaren baitan 4+1 eredua inposatu zuen bitartean, Ipar Euskal Herrian Estatu frantsesak duela urte asko 3+2 eredua ezarri zuen.

Unibertsitate mailako irakaskuntzaren arautze berria ezartzen duen eta funtsean oinarrizko zerbitzu publikoak ahultzeko eskuinaren interesen menpekoa den Errege Dekretu honi uko egiteko arrazoi hauetako askorekin bat dator LAB. Baina argi hitz eginda, LAB Euskal Herriaren zerbitzura egongo den Unibertsitate Sistema osatzea oztopatzen duen edozein ereduren aurka dago: unibertsitate-ikasketak elite batentzat bakarrik eskuragarri jarriko dituen eredu ororen aurka gaude; finantziazio nahikoa bermatzen ez duen eredu oro -Eusko Jaurlaritzaren 2015-2018 Unibertsitate Plana horren adibide- errefusatzen dugu; Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (UPNA/NUP) eskaintza akademikoa OPUSen unibertsitatearen eskaintzara makurtzen duen ereduaren aurka gaude; Iparraldean unibertsitate osoa sortzea galarazten duen edozein ereduri ez esaten diogu; eta sistema propioa eratze bidean egun Euskal Herrian dauden unibertsitate instituzioak sarean egituratzearen alde apustu sendoa egiten ez duten ereduen aurka gaude.

PPren Gobernuaren Errege Dekretu honen aurka gaude, bai. Are gehiago, Wert ministroak azken traka gisa beste 2 errege-dekretu ere prest dituenean, ikastegiak eta unibertsitateak sortzeko baldintzak aldatzekoa bata, eta unibertsitateko irakasle funtzionario izateko egiaztatze sistema aldatzen duena bestea. Lehenak, eskatutako baldintzak apaldu egiten ditu, unibertsitate pribatuei bidea errazte aldera. Bigarrenak, egungo ebaluazio irizpideak aldatzen ditu, kualitatiboagoak ezarriz, egiaztatze sistema oraindik diskrezionalagoa, ilunagoa eta subjektiboagoa bihurtuz.

Baina arbuioan geratzea ez da aski. Euskaldunok gure indar-guneak baliatu behar ditugu: Europako batez bestekoaren gainetik dagoen goi-mailako ikasketen eskaria; euskararen presentzia gero eta kualifikatuagoa goi-mailako hezkuntzan eta ikerkuntzan; irakasle eta ikasleen mugikortasunaren garapena Euskal Herriko lurraldeen artean -nazioartekotzeko borondatea dutenena gainera-; eta, LOMCErekin erakutsi bezala, kanpo inposizioei aurre egiten dakien hezkuntza komunitatea. Indar-gune hauek guztiek balio behar digute, egungo errealitatetik abiatuta, Euskal Herriarentzat Goi Hezkuntza Sistema publiko, malgua eta parte hartzailea eraikitzeko bidean seriotasunez pentsatzeko. Finean, gureak ez diren beste interes batzuen arabera bideratutako ereduekin hausteko.