Zer gertatzen ari da 2017ko osagarriekin?

LAB eta STEILAS sindikatuon komunikatu bateratua:

Bost urteko etenaren ondoren eta borroka luze bat medio, 2015ean berrabiatu ziren norbanako ordainsari osagarrien deialdiak. LAB eta Steilas sindikatuok urteroko deialdien “normaltasuna” berreskuratzeari eman genion lehentasuna, beste estrategia arriskutsuago batzuen aurrean, eta estrategia horrek emaitzak eman zituen. 2015eko eta 2016ko deialdietan, guztira ia 2900 irakaslek C tarteak finkatu zituzten eta 1750etik gora irakaslek A/B tarteak, guztiak aurreko deialdietan lortutakoak. Bestetik, 1600etik gora irakaslek C tarte berriak eskuratu zituzten eta ia 1800 irakaslek A/B berriak. Lorpen handia izan zen hori, nagusiki inoiz osagarririk jaso ez zuen irakasle kopuru zabal bati aukera eman zitzaiolako eta, kasu askotan, soldata baxuak duintzeko bidea izan zelako. Hala ere, prozesu gazi-gozoa izan zen, A eta B tarteen ebaluaziorako protokoloak ez baitzituen hainbat irakasle-ikertzaileren merituak behar bezala baloratzea ahalbidetu.

Esan bezala, “normaltasuna” berreskuratzea izan zen Steilas eta LAB sindikatuon lehentasuna, eta halaxe lortu genuela uste izan genuen 2015 eta 2016 urtetako deialdietan. Aldiz, 2017koa oztopoz betetako bidea egiten ari da, berriz ere. Zailtasunak zailtasun, deialdia urriko Gizarte Kontseiluan onartua izatea lortu genuen, C osagarrien ebazpena urtean bertan argitaratu eta langileek 2018an kobratzen hasi ahal izateko. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren presioak medio, Unibasqek ez zituen C osagarriak 2017 urtea amaitu aurretik ebatzi. Eta oraindik ere ebatzi gabe jarraitzen dute.

Ez da lehen aldia Eusko Jaurlaritzak maltzurkeriaz jokatzen duena gure soldatekin, aitzakia ezberdinak erabiliz. Oraingo honetan, A eta B tarteak ebaluatzeko Unibasqek indarrean zuen protokoloaren aurkako sententzia izan da, CCOO sindikatuaren helegitearen ondorioz. Helegite hartan salatzen zen protokoloak ez zuela irakasle-ikertzaileen autoebaluazioa ahalbidetzen. Epaiak arrazoia eman zion sindikatu horri, eta bertan behera utzi zuen protokoloaren II eranskina. Eranskin hura gabe Unibasqek ezin du A eta B merezimenduen ebaluaziorik egin. Baina zergatik atzeratu zuen Eusko Jaurlaritzak C merituen ebazpena? Eta behin 2018an sartuta, zergatik ez ditu Unibasqek C merituak dagoeneko ebatzi? Eta zergatik ez du Unibasqek, sei hilabete baino gehiago pasatu eta gero, oraindik protokolo berria argitaratu? Zeren zain daude Eusko Jaurlaritza eta Unibasq?

Epeak aurrera doaz eta kezka areagotzen ari zaigu. Deialdira aurkeztu ziren irakasle-ikertzaileen zalantzak ere jasotzen hasiak gara. LAB eta Steilas sindikatuak hilabeteak daramatzagu osagarrien deialdietan inplikatuta dauden eragileekin kontaktuan. Unibasq eta EHUren aldetik ez dugu erantzun argirik jaso. Eta Eusko Jaurlaritzari bilera eskaera luzatu diogu azken egunotan, aurretik ere erantzunik gabeko saiakera ugari egin ondoren.

Steilas eta LAB sindikatuok osagarrien 2017ko deialdiaren egoera lehenbailehen argitzea exijitzen dugu, arazo posibleen aurrean irteerak negoziatu eta irakasle-ikertzaileei kalterik ez eragiteko. Are gehiago, garaia dela uste dugu, baita ere, 2018ko deialdia abiatzeko, EHUren Gobernu Kontseiluak aspaldi onartua. Beraz, EHUri, Unibasqi eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu egoera argitu dezaten eta behingoz zehaztu dezaten noiz izango den prest protokolo berria eta noiz eta nola ebatzi eta ordainduko diren 2017ko  osagarriak.

Ez jolastu langileen soldatarekin, nahikoa da!