Zer gertatzen ari da Formazioko Ikertzaileen kontratuekin?

Print Friendly, PDF & Email

Estatu espainoletik Formazioko Ikertzaileen kolektiboarentzako eraso berri bat gauzatzen ari da. Estatuko 2011ko Zientzia Legean kontratazio irudi bat sortu zen tesia egiteko laguntza jasotzen zuten ikertzaileentzako: doktoretza aurreko kontratua (“contrato predoctoral”). Kontratu mota hau ikertzaileek pairatzen zuten egoera prekarioa arintzera zetorren, baina ez zen garatu. Horren ordez, lan eta zerbitzu baterako kontratua (“contrato por obra y servicio”) erabili izan da, estatuko Langileen Estatutuan arautzen dena.

Jakin berri dugu, gure harridurarako, lan eta zerbitzu baterako kontratu horiek praktikaldiko lan-kontratuekin ordezkatuak izan direla, bai estatu mailan, baita UPV/EHUn ere, aurretik iragarri gabe eta, are lotsagarriago, atzera eraginarekin.

Gaiaren inguruko informazioa urria da, aldaketa hori ahalbidetzen duen dekreturik ez dago. Aipamen bakarra Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak 2016ko otsailaren 15ean argitaratutako 01/2016 buletinean aurkitu dugu, non zera esaten den:

“IDENTIFICACIÓN DE LOS CONTRATOS PREDOCTORALES

 A partir de este momento en las altas de los trabajadores con contratos predoctorales, a los que se refiere el artículo 21 de la Ley 14/2011, de 1 de junio, de la ciencia, la tecnología y la innovación, se deberá anotar el valor 420 –CONTRATOS EN PRÁCTICAS- en el campo TIPO DE CONTRATO, así como el valor 9921 en el campo RELACIÓN LABORAL DE CARÁCTER ESPECIAL.”

Kontratu mota aldatzeak ondorioak ditu, besteak beste:

  • tesia egiteko laguntzak 4 urtekoak ziren, praktikaldiko lan-kontratuek, aldiz, bi urteko muga dute;
  • doktoretza aurreko kontratu honen ondoren ezin izango dute praktikaldiko lan-kontraturik sinatu lan mundura sartzen direnean;
  • praktiketako lan-kontratua amaitzean kalte-ordaina eskuratzeko eskubidea galtzen da, hain justu ere Europako sententziek lan eta zerbitzu baterako kontratuei kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitortu zaienean, prekarioen kontura dirua aurreztu nahian edo?;
  • kontratu aldaketak arazoak sortzen ditu Europako osasun txartela lortzeko, ezinbestekoa dena ikerkuntza egonaldiak egiteko.

Formazioko ikertzaileena beti izan da babesik gabeko kolektiboa: soldata aldaketak urtetik urtera eta desberdinak deialdiaren arabera, eta zer esan unibertsitateetan karrera egiteko zailtasunez! Honekin beste kolpe bat ematen zaie, lardaskeriaz eginda gainera. Instituzioek ez dute inoiz argi izan langile hauen kontratazio mota, arazo nagusiena izanik Zientzia Legean definitutako doktoretza aurreko kontratuen irudia garatu ez izana.

LABen ustetan aldaketa honek ez du babes legalik. Kontratuak ezin dira alde bakarrez aldatu, are gutxiago beste aldeari abisatu gabe. Egoera ilun honetan ezinbestekoa da ikertzaile hauekiko UPV/EHUren jokaera argitzea eta afektatuei eta sindikatuoi egoeraz informatzea. 400 ikertzailetik gora daude doktoretza aurreko laguntzarekin UPV/EHUn eta ez ditugu bakarrik utziko. Bada garaia kolektibo honentzat lan baldintza duinak bermatuko dituen irudi laboral aproposa garatzekoa! Eusko Jaurlaritzak eta Unibertsitateak badute ardura honetan ere.

LABek irakasle-ikertzaleen arloko eta ikerkuntza arloko errektore ordeei premiazko bilera eskatuko die gaia tratatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude