Zerbitzu publikoak ezinbestekoak diren garai honetan, UPV/EHUko zuzendaritzak oinarrizkoa den zerbitzua pribatizatu nahi du ahalik eta lasterren

UPV/EHUko komunitatearen korreo elektronikoa zerbitzari publikoetan dago. Langile publikoek mantentzen dituzte. Martxoan UPV/EHUko zuzendaritzak oinarrizko zerbitzu hau pribatizatzeko asmoa salatu genuen. Konfinamendu egun hauetan zuzendaritzak ez du denbora alferrik galtzen eta gure korreo elektronikoen buzoiak Microsoft-en esku uzteko proiektuari berriro ekin dio.

Konfinamenduak eragin dituen lan-baldintza berriei moldatzeko, unibertsitateko komunitate osoak izugarrizko lana egin behar izan du UPV/EHUko jarduna eten ez zedin. Irakasleek irakaskuntza ez-presentzialera moldatu behar izan dituzte beraien irakasgaiak, administrazio eta zerbitzuetako langile askok telelana egin dute, eta beste langile batzuk era presentzialean aritu dira ezinbesteko zerbitzuak ematen. “Online” jarduerak eskatzen dituen baldintza teknikoak martxan jartzea Informatika eta Komunikazio Teknologietan dabiltzan langileen lanari esker izan da. Aldi berean, egoera honek agerian utzi du UPV/EHUren digitalizazio egokia bermatzeko giza-baliabide zein baliabide material gehiago behar ditugula.

Bestalde, koronabirusak eragingo dituen gastuen ondorioz unibertsitateko zein beste erakunde publikoetako aurrekontuak moldatu beharko dira lehentasunak berrezarriz. UPV/EHUn badugu informatika teknologian adituak direnak eta ez dugu Microsoft bezalako enpresa batean dirua xahutu beharrik, ezta enplegu publikoa suntsitu ere.

Arlo publikoa defendatzea zertan datza? UPV/EHUko eraldaketa digitalerako finantzaketa aholkularitza-enpresa eta Microsoften eskuetan jartzea? Lanpostu publikoak sortu kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzeko edo azpikontratazioetan dirua xahutu oinarrizkoa den zerbitzu bat emateko? Nekane Balluerkak “Arlo publikoaren defendatzaile sutsua naiz” esan zuen maiatzak 3an argitaratutako elkarrizketa batean. UPV/EHUko zuzendaritza noiz pasatuko da hitzetatik ekintzetara?