Zer gara?

Print Friendly, PDF & Email

Sindikatu abertzalea
Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzen du LABek. Eta ondorioz, herritarrei, oro har, dagokie euren oraina eta geroa erabakitzea, autodeterminazio askea gauzatzeko eskubidea, nazioartean onartua, erabiliz. Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa herrialdeek, egun Frantziako Estatuaren menpe, Euskal Herria osatzen dute, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa Garaia herrialdeekin batera, hauek, berriz, Espainiako Estatuaren menpe. Beraz, horixe da jarduteko eta antolatzeko eremua, Euskal Estatu independentea, sozialista, euskalduna, ez-patriarkala eta ekologista eraikitzeko asmoz.

Sindikatu euskalduna eta abertzalea
Herri gisa, Euskal Herriaren nortasunaren oinarrizko elementua dugu euskara. Beraz, LABek bere gain hartu eta konpromisoa hartzen du, lan munduan zehazki, euskara bere onera ekarri eta nazio hizkuntza gisa normalizatuko dituzten politikak garatzeko eta sustengatzeko. Bere jardueran erabiliko du euskara. LABek argitaratuko dituen idazki guztietan euskaraz idatzitakoa izango da bertsio ofiziala. Euskaraz aritzeko gai ez diren
egiturako lagun orori plangintza egingo zaio epe jakin baten barruan ikas dezan eta normaltasunez erabil dezan; eta gainera, euskara baldintza izango da kontratuak egiteko orduan.

Sindikatu soziopolitikoa
LABek, klase-sindikatua denez, langile guztien bizi eta lan baldintzak hobetzeko eskatzearekin batera, Euskal Herriaren eraaikuntza nazionalean eta sozialean langileriaren parte-hartze aktiboa aldarrikatzen du. El pueblo trabajador vasco, subiranotasunaren aldeko borrokan buruan joan behar delakoan dago sindikatua,
jendarte askea, solidarioa eta parekatzailea lortzeko, non pertsonak ez baitira izango baztertuak arraza edo jatorria direla eta.

Sindikatu burujabea
LABek bere autonomia aldarrikatzen du edozein alderdi politikoren, instituzioren edo presio-talderen aurrean. LABeko zuzendaritza-organoek onetsitako ebazpenei bakarrik egingo dio men. Antolaketa askatasunetik abiatuta, lehentasunezko hartu-emana eta eztabaida ezker abertzalearen gainerako antolakundeekin izango ditu, jendartea eraldatzeko eta herria askatzeko prozesuan aurrera joaten posible egingo duten estrategia komunak bilatzeari begira.

Emakumeen eta gizonen sindikatua
Estrukturala da emakume langileek eremu guztietan pairatzen duten zapalkuntza, eta sexuaren araberako lan-banaketan datza arazoaren iturria. LABek bere burua lotzen du zapalkuntza horren aurka borrokatzera; eta horretarako, bai lan munduan bai antolakundean eta, oro har, jendartean mota guztietako genero-bereizkeria errotik kentzen jardungo du. Erabakigunetan emakume langileen parte-hartze zuzena, aktiboa
eta orekatua bilatuko du. Langile orok aukera berdinak izateak berarekin dakar emakumeentzako ekintza positiboko neurriak abiaraztea, hala nola, LABen antolaketa osoa eta kanpoko zein barneko esku-hartze eremu guztiak bere baitan dituen zeharkako ikuspegia erabiliz.

Era berean, LABek bere egiten du askapen sexualaren aldeko borroka, eta borroka egingo du Euskal Herrian inork ez dezan pairatu diskriminaziorik bere orientazio sexuala eta genero aukeraketagatik, jarrera homofoboak eta LGTB pertsonen kontrako erasoak borrokatuz. Sindikatuak neurri eta proposamen normalizatzaile eta antidiskriminatorioak bultzatuko ditu, pertsonen arteko berdintasuna bermatuko dutenak, identitate sexuala edo generokoagatik diskriminatu gabe.

Sindikatu internazionalista
Argi eta garbi adierazi nahi dugu gizon-emakumeek irtenbiderik ez dutela kapitalismoak ezarritako egoeran oinarrituz gero. Eta aldarrikatzen dugu kapitalismoaren aurkako borrokak munduko pertsona zapaldu guztien batera jotze solidarioa duela ardatza. Nazio aldarrikapena eta herrien determinazio askearen eskubidea klase-borrokaren eragiletzat hartzen ditugu, berez, bidezko aldarrikapena baita eta globalizazioaren logikari errotik aurre egiten baitio. Izan ere, globalizazioak berak herrien baliabide naturalak bidegabe ebatsi, euren jendarteak desegituratu eta euren herritarrak gosetera eta atzerriratzera joarazten ditu. Demokraziaren eta justizia sozialaren, hau da, sozialismoaren aldeko borrokan dauden herri guztiekiko elkar-truke eraginkorrean aritzeko konpromisoa babesten dugu, euren borroketan lagunduz eta, aldi berean, euren laguntzaz baliatuz urratsak egiteko gure askapen prozesuan.

LAB eta ekologia
Garapen kapitalistaren ereduak ustiatu eta arpilatu beharreko elementutzat hartzen du izadia, eta ondorioz, guztion existentziaren oinarriak suntsitzen ari da. Nabariak dira gure ama lurrean orain arteko hondatzeak: berotegi-efektua, basamortutzea, lurraren, uraren eta airearen kutsadura. Gauzak horrela, LABen iritziz, borroka ekologikoak estrategia-kutsu nabarmena du, Lurraren, eta ondorioz gizon-emakumeon, biziraupenaren aldeko bataila baita. Garapen-joerak errotik aldatzearen alde agertzen gara, babes sozial handiko itunaz baliatuz eta diagnostiko komuna eginez. Hori da bidea Euskal Herrian ingurumena lehengoratzeko zimendua ezartzeko, garapen orekatuan oinarrituriko ereduaren aldeko apustua eginez, eta bizitza kalitatea eta ekosistema berreskuratuz.