LABek sustatutako galderei Errektoregaiak emandako erantzunak: Irakasle eta Ikertzaileak

Print Friendly

IRAKASLE ETA IKERLARIEN EREMUKO LANGILEAK

1.- Ibilbide akademiko laborala ohikoa eta sendoa

Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak laboralen  ibilbide akademikoa garatzeko aukera ematen du. Hala ere, gaur egun, gure unibertsitateko agintariek bide laborala aukeratu duten irakasleak “animatu” egiten dituzte titular akreditazioa eskatzera funtzionarioak bihur daitezen. Bai programa zein prentsan esandakoaren arabera,  bide laborala indartzeko neurririk  ez da agertzen, ez bada “talentoa erakartzeko” eta horretarako  lege berriaren beharra aipatzen dela behin eta berriro.

Bestetik, birjartze-tasa indarrean den honetan,  2016ko LEPetik aurrera, irakasle plaza berrien gutxienez % 20a titular plazak izatea erabaki da, promoziorako orain arte zegoen itxaron zerrenda apurtuz. Arrazoi nagusia  LOUk ezarritako irakasle funtzionarioen gutxieneko %51a ziurtatzea omen da, gainerako ondoriorik kontutan hartu gabe, hala nola, jakintza arloetako pertsonal iraunkorren  arteko desorekak handitzea.

Galdera:

  • Zure ustez, lege berri horrek irudi laboralen ibilbide akademikoa UPV/EHUn ohiko bide gisa sendotzeko balio behar du?

Erantzuna:

  • Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak ibilbide akademiko laboralaren bidea ireki zuen eta gure ustez, lege honen aldaketak bide hori sendotu beharko luke.

2. Sailen berrantolaketa

Aurreko Errektoretza taldeak UPV/EHUko Zentroen berrantolaketa burutu zuen, hurrengo urratsa Sailen berrantolaketa izango zela adieraziz.

Zentroen berrantolaketa egin zenean, Errektoregoak eta Sindikatuek hitzarmen bat sinatu zuten, besteak beste, aldaketa hauen ondorioz langileen lekualdatzerik ez zela gertatuko onartuz.

Galderak:

  • Errektore talde berriak Sailen birmoldaketari ekiten badio konpromiso horri helduko dio, alegia, langileen lekualdatzerik ez behartzeko konpromisoari?
  • Sailen berrantolaketa bat egiten bada, Sail batzuk fusionatuz esaterako (haien tamaina handiagoa izateko, oraingo Errektoreak adierazitako ildoari jarraituz), irakasleen arteko irakasgai banaketak behartu ditzake irakasleak irakasgaiz –eta jakintza arloz– aldatzera?

Erantzunak:

  • Bai, konpromiso horri eutsiko dio.
  • Irakasleak dagozkien jakintza-arloetan mantenduko dira, eta proposamenak kontuan hartuko du jakintza-arloen kudeaketa, hain zuzen ere, irakaskuntza jakintza-arlo horren baitan mantentzeko.

3.- Irakasle egonkorren egoera

Egun, irakasle-ikertzaile egonkorren kolektiboari dagokionez, 2017ko abuztuaren 31n amaiera duen egonkortasun akordioa dago indarrean, oinarria Eusko Jaurlaritzaren 2015eko aurrekontu legean duena. Bestalde, zure programako “aukera profesionalak eskaintzen dituen unibertsitatea” atalean, “lanean kalitatearen hobekuntza sustatzeko” azpiatalean, enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesuak aztertzeko egitasmoa aurkezten da.

Galderak:

  • Agortzear den akordio horren luzapena bultzatuko duzu Eusko Jaurlaritzaren aurrean,  2017ko aurrekontu legearen bidez gauzatu dezan  horren luzapena?
  • Denbora luzez lanean egon diren irakasle horien kontratua indefinitu ez-finko bihurtzeko prest zaude, berriki argitaratu den Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententzia bat aplikatuz?

Erantzunak:

  • Euskal Jaurlaritzarekin irakasle egonkorren luzapena negoziatuko dugu, 2017ko aurrekontu legearen bidez. Gainera, irakasle egonkorren kolektiboan egoera ezberdineko irakasleak daudela jakinda, irakasle hauei laguntza ematen akreditazioa ahalik eta arinen lortzeko ahaleginduko gara.
  • Onena litzateke irakasle horiek indarrean dauzkagun figuretara, atxiki eta agregatura batez ere, bideratzea.

4.- Arduraldi partzialeko irakasleen soldatak

Arduraldi osoan jarduten duten irakasle kategoria guztietarako JAPean  jasotzen  da urtean kontratatutako 1600 orduetatik urtean 300 ordu prestakuntza eta eguneratze lanetan emango dituztela. Horrek esan nahi du, oporraldiko asteak kenduta, 6.38ordu asteko (300ordu/47aste) kontsideratzen direla prestakuntza eta eguneraketarako.

Behin behineko irakasle partzialen kasuan, soldata osoarekiko proportzioa 41/2008 dekretuan jasota dago, ondoko taularen azkenaurreko zutabean agertzen delarik.

Ardura partzialeko titularrentzat berriz, soldata kalkulatzeko honako formula erabiltzen da: 0.0361*(eskola_orduak_astean+tutoretza_orduak_astean), ondorioz, haien soldatak azken zutabeko proportzioan geratzen dira. Begi bistakoa da langile finko eta behin behinekoen arteko diskriminazioa, Europako legediaren aurka doana.

Arduraldi-erregimena

Irakasten edo ikasleei laguntzen

Tutoretza- orduak

Guztira

Ehunekoa, laboralak

Ehunekoa, titularrak

Astean 6 ordu

6

6

12

% 34,29

% 43.32

Astean 5 ordu

5

5

10

% 28,57

% 36.10

Astean 4 ordu

4

4

8

% 22,86

% 28.88

Astean 3 ordu

3

3

6

% 17,14

% 21.66

Horretaz gain, ardura partzialeko irakasleek ez dituzte bosturtekorik ezta seiurtekorik jasotzen.

Galderak:

  • Behin behineko irakasle partzialak langile prekarioak direla kontsideratzen al duzu?
  • Bidezko eta beharrezko ikusten duzu proportzionaltasunaren  kalkuluan prestakuntza orduak kontutan hartzea? Zer formula aplikatuko zenuke proportzionaltasuna hobetzeko?
  • Bidezko eta beharrezko ikusten duzu dekretua aldatzea, proportzionaltasunaren  kalkuluan prestakuntza orduak kontutan har daitezen?
  • Arduraldi partzialeko irakasleek bosturtekoak eta seiurtekoak kobratzearen alde zaude?. Hala bada, zer egingo duzu hori gerta dadin?

Erantzunak:

  • Arduraldi partzialeko irakasle plazak beste lan-kontratu bat duten profesionalei bideratutakoak dira eta profesionalak merezimendu-lehiaketa gainditu behar du. Aldiz, behin behineko irakasle partzialei ez zaie betekizun hau eskatzen eta ordezkapen poltsetatik deitzen dira. Hori dela eta, irakasle hauen baldintza laboralak ulertuta, ordezkapenak egiten ari diren irakasle partzialek, poltsen kudeaketarako arautegian jartzen duenaren arabera, arduraldi osora pasatzeko aukera daukate.
  • Berriro diot irakasle horiek mundu profesionalean egiten duten lana eta ezagutza unibertsitatera ekartzeko kontratatzen direla, eta alde horretatik uste dut indarrean dagoen formula egokia dela.
  • Figura horiek ondo erabiliz gero, dekretuaren proportzionaltasuna ondo dagoela uste dut eta ez litzatekeela aldatu behar.
  • Arduraldi partzialeko irakasleak irakaskuntza eta tutoretza ordu batzuk emateko kontratatzen dira; ez daukate ikerkuntza ez kudeaketa ardurarik. Beraz, ez dut uste egokia denik seiurtekoak kobratzea. Bosturtekoei dagokienez arduraldi partzialeko irakasleei oraingoz ezin zaie legez bosturtekorik ordaindu baina arrazoizkoa iruditzen zait baldintzak betez gero aukera hori aurreikustea.

5.- Irakasle elkartuen irudia

Irakasle elkartuek RPTan agertzen diren plazak betetzen dituzte, baina haien kontratua hiru urtekoa da. Irakasle berak bete dezake plaza berdina beste hiru urteetarako kontratu berri batez, kontratu hauek errepikatzeko mugarik ez dagoela. Honek erakusten du plaza hauek estrukturalak direla eta ez aldi baterakoak. Beraz, berriki argitaratu den Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententzia bat aplikatuz gero, plaza hauek iraunkor bihurtu beharko lirateke.

Galderak:

  • EHU/UPVko Errektore berri hautatua izango bazina, irakasle elkartuen plazak iraunkor bihurtzeko asmoa duzu?
  • Edo, saiakerarik egingo duzu kategoria hau jakintza arlo jakin batzuetara mugatzeko eta ondorioz bere erabilera mugatzeko?

Erantzunak:

  • Jakin ahal izan dudan heinean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententziak analisi prozesu baten barruan aurkitzen dira oraindik, UPV/EHUn diren kontratu loturak oso konplexuak direlako.
    Arlo honetan, lehendabiziko bilera bat egin berri da erakunde sindikalekin eta beste bilera bat deituta dago datorren abenduaren 14rako, eta dinamika honekin aurrera jarraituko dugu.
    LOM-LOU-ko 53. artikuluak dio:
    b) Kontratuaren xedea da unibertsitateari ezagutza eta esperientzia profesionala eskainiko dioten irakas ekintzak burutzea.
  • Gure ustez arlo guztietan, horrelako profesionalak, baliogarriak eta aberasgarriak izan daitezke. Ondorioz, ez dugu ikusten figura hau arlo batzuetara mugatzea.

6.- PIC ikerlariak: prekarietatea vs. karrera profesionala

Zure programan aukera profesionalak eskaintzen dituen unibertsitatea aurkezten duzu, eta enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesuak aztertzea eskaintzen duzu, besteak beste honakoa aipatuz: “ikerketa proiektuekin lotuta dauden eta kanpo finantzaketa duten kontratuen egoera konpontzea”. Ikertzaileei dagokionez, II. Lan Hitzarmenaren 24. artikuluaren 5 puntuan aipatzen da Unibertsitateak arduraldi osoko kontratuak egingo dituela ahal denean.

Galderak:

  • Zuretzat II. Lan Hitzarmenaren 24. artikulua garatzea konponketarako bidea da?
  • Zein epetan beteko duzu asmo hori? Zein aurrekonturekin?

Erantzunak:

  • Ikertzaileen kasuan ikerketa proiektuak duen diruarekin ordaintzen dira, eta hor kanpo finantziazio horren menpe daude ikerketa taldeak. Bi aukera daude edo kontratuak osoak eta denboraldi laburrekoak edo zatikakoak eta luzeagoak, eta hori, neurri handi batean egin behar den lanaren arabera erabakitzen da.
  • Ezin da egin orain ez dagoelako aurrekonturik.

7.- Formazioko Ikerlariak: prekarietatea vs. karrera profesionala

Zure programan urteko tesi kopurua 500 arte handitzeko helburu azaltzen duzu. Baita datorren Unibertsitate Planean urteko 5 ikerlari kontratatzeko asmoa. Aldiz, ez da zehazten nola bultzatuko den ikerlarien karrera profesionala, UPV/EHUk sortuko dituen ikertzaile batzuentzat etorkizun profesionala eskainiko duen ala ez.

Galderak:

  • Ikerlarien karrera profesionala garatzeko asmorik baduzu?  Beharrezko baderitzozu, zein epe aurreikusten duzu? Zer aurrekonturekin?
  • Ikertzaileen karrera profesionalaren diseinuan jakintza arloen  banaketa irizpide nagusietako bat izan beharko luke?
  • Zer neurri ezarriko duzu ikertzaile berriak curriculuma hobetzeko aukera emateko, barne araudiek proiektu edo tesi zuzendari izatea debekatzen badiete besteak beste? Araudi horiek aldatzeko asmoa duzu?

Erantzunak:

  • Gure esku dauden neurriak hartuko ditugu ikertzaileen karrera profesionala garatzeko, adibidez, laguntza eta erraztasunak emango zaizkie ikerkuntza-talde berriak eratzeko, ikerkuntza-talde egonkorretan parte hartzeko, tesiak zuzentzeko, proiektuak eskatzeko eta akreditazioak lortzeko.
  • Jakintza arlo ezberdinetako ikerkuntzaren egoeraren azterketa zehatza egin beharko dugu, jakintza arlo ezberdinetan ikerkuntza taldeak, proiektuak eta tesiak lortzeko dauden zailtasunei aurre egiteko.
  • EHUko araudiak aldatuko ditugu ikertzaile gazteek curriculuma hobetzeko aukera izan dezaten.

8.- Ikerlarien karrera profesionala

Ikertzaileen karrera profesionalaren  azken pausua den Ikerketa-irakasle irudia ez da inoiz erabilia izan eta, gainera, Unibasqek onartutako akreditazio protokolo berrian irudi hau desagertu egin da.

Galderak:

  • UPV/EHUk badu zerikusirik ikerketa-irakasle irudia Unibasqeko akreditazio protokolo berritik desagertzearekin?
  • Irudi horrek tokia izan behar du UPV/EHU Ikerlari karrera profesionalean?

Erantzunak:

  • Ez, ez daukagu zerikusirik.
  • Figura hau izatea EHUrentzat onuragarria izango litzateke, adibidez, talentua zaindu eta erakartzeko ditugun asmo horietarako.

  • 9.- IIPn osagarri gehigarriak

Epaiak medio, 2015etik aurrera osagarrien deialdiak berriz ere martxan jarri ziren. Denok dakigu indarrean dagoen osagarri gehigarrien sistema irakasle ikerlarion soldatak duintzea lortzeko formula bakarra izan zela. Hala ere, oraindik orain, suposatzen duten  kostu salariala ekiditeko saiakerak asko dira.

Galderak:

  • Neurririk hartuko duzu osagarri profesionalen (C tramuen) balioak handitzeko? Eta horiek osagarri espezifiko bilakatzeko?
  • Helegiteen bidea oraindik irekita dagoen honetan, orain arte egindako deialdiak (2015 eta 2016) mantentzeko eta dagoeneko onartuta daudenekin (2013 eta 2014) aurrera egiteko konpromisoa hartzen duzu?

Erantzunak:

  • Osagarrien inguruan garbi utzi behar dugu deialdia Gizarte Kontseiluaren eskumena dela, eta tramoak eta hauen balorazio ekonomikoa Eusko Jaurlaritzarena. Errektoretza taldearen esku dagoena Gobernu Kontseiluan proposamen bat aurkeztea da, ondoren Gizarte Kontseilura eramateko. Zentzu honetan gaur egungo errektoretza taldeak bidali ditu jadanik Gizarte Kontseilura 2013 eta 2014ko deialdiak. 2017ko deialdia ere aurkeztuko du hurrengo Gobernu Kontseiluan. Gure hautagaitzak konpromiso hau hartzen du: urtero Gobernu Kontseilura deialdi bat eramango dugula, baldin eta ez badago lege edo epaiaren bat hori eragozten duena.

KLAUSTROKIDEAK

Gabi Elkoroaristizabal, Mila Amurrio, Ekai Txapartegi, Amaia Andrieu, Koldo Callado, Nerea Ezeiza, Jabi Ibarra, Oskia Agirre, Jon Ander Elorriaga eta Maite  Urtiaga.

BABESLEAK

Mila Amurrio, Koldo Callado, Amaia Andrieu, Ekai Txapartegi, Pili Aristizabal, Iñaki Marko, Laura Barrio, Fernando Bazeta, Inma Maiz, Jon Ander Elorriaga, Helena Franco, Joxi Imaz, Karmele López de Ipiña, Peio Albite, Nerea Ezeiza, Joseba Makazaga, Luixa Reizabal, Jon Iradi, Xabier Cendoya, Joserra Aihartza, Iñaki Etaio, Gabi Elkoroaristizabal, Oskia Agirre, Jabi Ibarra, Maite Urtiaga, Ibon Igartua, Kike Fernández, Deine Larrabeiti, Arantza Jauregi eta Carlos Rodríguez.