LABen 2015-2019ko balantzea Irakasle-Ikertzaileen kolektiboan

Gure gain hartutako konpromisoak praktikara eramateko zailtasunez betetako 4 urte izan ditugu. LABek planteatu du behin eta berriro negoziazio agenda orokor bat, kolektibo guztiak eta bakoitzaren arazo zehatzak barneratzen zituena. Besteak beste, UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak salatu egin ditu, krisi garaian langileen eskubideak errespetatu eta unibertsitate publikoaren kalitatea bermatu baino beste helburuak zituztelako. Hala eta guztiz ere, egoera gogor honetan, LABen borroka sindikalak fruituak izan ditu eta ematen jarraitu behar du indar nahikorik metatzen badugu.

Prekarietatearen aurka

  • LEPetako plaza gehienak lanpostu iraunkor berriak sortzeko erabiltzea lortu dugu, langileak egonkortzea lehentasuna izanda.
  • Bost urte igarota, atxiki kontratua agortzen denean eta plaza iraunkorra konkurtsora atera arte, irakasle horiek bitarteko kontratuarekin mantentzeko eragile aktiboa izan gara.
  • Irakasle laboral egonkorrentzat iraunkor bihurtzeko 3 urteko luzapena lortu da, 2020 arte.
  • Lanaldi partzialean daudenen prekarizazioa, batez ere soldatan, mahai gainean jarri dugu, eta proposamen argudiatu bat egin dugu soldatak igotzeko eta beren garapen profesionala errazteko.
  • Akreditazioak emateko orduan, Unibasqen gehiegizko exijentzia behin eta berriro salatu dugu.

Erosteko ahalmena eta soldatak

  • Jaurlaritzak norbanakoen osagarrien deialdien aurkako erasoa salatu dugu eta langileekiko kalteak txikiagotzea lortu dugu borroka judizial eta instituzionalari zein mobilizazioari esker.
  • Behin-behineko IRIentzat bosturtekoak onartzea eta ordaintzea lortu da, salaketek eta mobilizazioek paper garrantzitsua izanda. Lanpostu iraunkorrak betetzen dituzten aldi baterako irakasleei aitortutako seiurtekoak ordaintzeko akordio bat ixten ari gara administrazioarekin. Gainontzeko behin-behineko IRIek seiurtekoak eskatu eta kobratu ahal izateko bide judizial kolektiboa ireki dugu eta epai-mahaiak arrazoia eman digu, sententzia errekurrituta badago ere.
  • Inoiz ez dugu galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko borroka utzi, eta modu batez edo bestez aldaketak egon dira: azken 3 urteetan soldata igoerak egon dira, batzuetan KPI baino handiagoak, 2012an “galdutako” estra osorik berreskuratu da, hala nola Itzarriri egindako ekarpenak.

Lan-baldintzak eta lanaldia

  • Pentsioen erreforma 2019an indarrean sartu da (2011n UGTk eta CCOOk Zapatero eta patronalarekin hitzartutakoa), orain artekoa baino baldintza txarragoekin. Halere, txanda-kontratua astean 6 ordutakoa izatea lortu dugu (UPV/EHUk 4koa nahi zuen)
  • Tutorizazio-programaren inguruan, administrazioak gure proposamena ontzat hartu du, plaza hutsak betetzen dituzten bitarteko irakasleen promozioan laguntzeko.
  • JAPean emendakin ugari egin ditugu azken urteetan, batzuk dagoeneko txertatu direnak.
  • Irakats-zamaren banaketari buruzko araudi berria garatzeko beharra mahai gainean jarri dugu, eta hauteskunde sindikalen ondoren negoziatzeko konpromisoa lortu dugu.
  • Lanaldi partzialeko irakasleen tutoretzak era logikoago batean antolatzeko proposamena egin dugu.
  • Zentroen berrantolaketa prozesuan, langileen lan-baldintzak mantentzeko akordioa sinatu genuen.
  • Bizitza pertsonala eta laborala bateragarriak eta zaintzak eta ardurak gizonen eta emakumeen artean partekatzeko bidean, besteak beste, honako hauek proposatu ditugu: egoera eta behar ezberdinei erantzungo dizkien neurrien gida egitea eta gaur indarrean dauden neurriak hobetzeko berrikuspena hastea Berdintasun Komisio intersektorialean.

Ikertzaileak

  • Ikertzaileen lan baldintza kaskarrak agerian utzi ditugu. Izan gara doktoretza-aurreko ikertzaileen egoera larria salatu duen lehen sindikatua, asanbladaren ordezkariekin bilerak izanez eta beren mobilizazioekin bat eginez.
  • “Zubi” kontratuak desagertu zirenean ere, lehenak izan ginen egoera salatzen, eta sistema berriaren finantzaketa gabeziak mahai gainean jarri ditugu.
  • Kanpoko finantzaketarekin kontratatutako ikertzaileen (PIC) kasuan, osagarri gehigarrien deialdietan diskriminatuak ez izatea lortu dugu.
  • Lanaldi partzialeko ikertzaileen eta irakasleen kontratuen arteko bateragarritasuna arrazionalizatzeko eragile aktiboa izan ginen.
  • Birjartze tasaren barruan RyC ikertzaileentzat erreserbatutako plazak (% 15) doktoretza ondorengo ikertzaileei irekitzea planteatu dugu, doktore ikertzailerako figurarako akreditazioa izanda. Aukera berdinak ikertzaile guztientzat.
  • Bosturtekoak kobratzeko eskubidea aitortu zaie ikertzaile finkoei.
  • Finantzazio ezberdinak dituzten ikertzaileen soldatak parekatzeko lehenengo pausuak eman dira.
  • Langile publikoen soldaten igoera aplikatzea exijitu dugu.
  • Ikertzaileen kolektibo osoarentzako aldarrikapen-plataforma eratu dugu.