LABen aldarrikapen plataforma Ikertzaileentzat

UPV/EHUko LABek denbora luze darama bere kezka adierazten ikertzaileen lan-baldintza prekarioen inguruan, baita ikertzaileen ibilbideak UPV/EHUn iraunkortasuna lortzeko dituen zailtasunen gainean ere. Iaztik, doktore aurreko ikertzaileen kontratuetan egindako kode-aldaketak sortutako krisia eztanda egin zuenetik, LABek indar gehiago jarri zuen jardun honetan, eta etengabe egon da eskatzen mahai negoziatzailera eramatea ikertzaile guztien (doktore zein ez doktore) lan-baldintzak eta etorkizuna gure unibertsitatean. Zoritxarrez, eskari horiei gor egin die administrazioak, doktore aurreko ikertzaileen langile-izaera zalantzan jartzera iritsita.

Estatuko legeriak, behar bezala garatuta ez dagoenak, marko orokor bat ezartzen du, baina lan baldintzen gaineko zenbait alderdi unibertsitate bakoitzean negoziatu behar dira, besteak beste, soldatarena. Estatuko zientzia legean eta estatutuan gutxieneko soldatak ezartzen badira ere, unibertsitate bakoitzak osatu ditzake soldata-kopuru horiek. LABek ikertzaile irudi guztien lan-baldintzak lan-hitzarmenean egoki txertatzearen aldeko apustua berresten du. Lan-baldintzak, lanpostuak eta batez ere soldatak hobetzeko, ezinbestekoa da UPV/EHUk jasotzen duen finantziazioa handitzea eta UPV/EHUko LAB horren aldeko borrokan murgilduta dago.

LABek planteatzen dituen zenbait aldarrikapen komunak dira ikertzaile pertsonal guztiarentzako, horietarik lehena lan berdina betetzen duten ikertzaile guztiek baldintza berdinak izatea.

Oinarrizko aldarrikapenak

  • Formazioa:
    • Lan arriskuen prebentzioan.
    • Euskara ikasteko laguntzak.
    • UPV/EHUk antolatzen dituen ikastaroetan eta Kongresuetan parte hartzeko laguntzak.
    • Harrera-gida eta aurkezpen-saioak: eskubideak, betebeharrak, formazio aukerak, kexak bideratzeko protokoloa, …
  • Babesak eta bermeak:
    • Gehiegikeriak saihesteko kexak bideratzeko protokoloa.
    • Kontrol sindikala deialdi eta kontratazioetan.
  • Oinarrizko baldintzak:
    • Lan-toki egokia eta segurua.
    • Ekipamendu egokia, batez ere norbera babesteko ekipamendua.


Ondorengoak dira ikertzaile kolektibo bakoitzeko planteatzen ditugun aldarrikapenak:

Doktoretza aurreko ikertzaileak (PreDok)

  • Deialdi desberdinen lan-baldintzak parekatzea
  • Soldatak:
    • Doktore aurreko ikertzaileen soldatak duintzea eta deialdi desberdinen soldatak parekatzea. Beraz, UPV/EHUk kanpoko deialdietako soldatak osatu beharko lituzke.
    • Irakasle laguntzailearen soldata izatea, kontratuaren iraupeneko lau urteetan. Berriki argitaratu da estatuko boletinean Prestakuntzan dauden Doktore aurreko Ikertzaileen Estatutua, EPIF delakoa, eta zenbait indar sindikalek etsigarritzat jo dute estatutu horretan jasotakoa; baina LABek, gorago esan bezala, horren esperoan egon beharrean, ohartarazi genuen ikertzaileen lan baldintzak eta soldatak unibertsitate bakoitzean negoziatu daitezkeela.
    • Langile publikoei aplikatu zaizkien soldata igoera orokorrak aplikatzea, atzerapenak ordainduz.
    • Kontratua bukatzerakoan kalte-ordainak ordaintzea.
  • Tesia lehenago bukatuz gero, DokBerri kontratu batekin automatikoki jarraitzea, gutxienez lau urteak bete arte.
  • Kontratazioetan euskararen balorazioa igotzea, gutxienez %11ra irakasle plazetan bezala.
  • Irakaskuntza lanari dagokienez:
    • Borondatezkoa izatea.
    • Saila (eta ez tesi-zuzendaria) arduratzea irakaskuntza-betebeharrak plazaren profilarekiko egokiak direla, tesiaren garapenean eragin kaltegarririk ez izateko, batez ere eskola praktikoak, mintegiak, eta antzeko irakaskuntza jarduerak izatea.
    • Tutoretzak izatea soilik irakaskuntza-lana egiten den bitartean.
    • Aitorpen ofiziala izatea.
  • UPV/EHUko proiektu/ikerkuntza taldeentzako laguntza deialdietan parte-hartzea erraztea, deialdiaren baldintzak malgutuz kontratuaren epearekiko.

Kanpoko finantziazioarekin kontratatutako ikertzaileak (PIC)

  • Kontratu mugagabe ez-finkoak egitea.
  • Egonkortasuna, lan-hitzarmenaren 24.5 puntuaz baliatuz.
  • Aurretik Zientzia Legearen 22. artikulupeko kontratua izan bada, proiektuak eta tesiak zuzentzeko aukera.
  • UPV/EHUko proiektu/ikerkuntza taldeentzako laguntza deialdietan parte-hartzea erraztea, deialdiaren baldintzak malgutuz kontratuaren epearekiko.

Doktore ondoko ikertzaileak (PostDok)

  • Ikertzaile akreditatu guztiei irekitzea birjartze-tasan aurreikusten diren % 15eko Ikertzaile finko plazetara aurkezteko eskubidea. Orain dela gutxi estatuak ireki du aukera hori, baina Unibasqeko akreditazioak ez dira kontuan hartzen. Hori aldatzea ere exijitzen dugu.
  • Postdok guztien soldata Doktore Ikertzaile finkoena izatea
  • Euskararen balorazioa, gutxienez %11 irakasleen plazetan bezala.
  • Irakaskuntza lanari dagokienez:
    • Borondatezkoa izatea.
    • Plazaren profilari egokitua den irakaskuntza betebeharra.
    • Tutoretzak edukitzea irakaskuntza-lana egiten den bitartean bakarrik.
    • Aitorpen ofiziala izatea.
  • UPV/EHUko proiektu/ikerkuntza taldeentzako laguntza deialdietan parte hartzea erraztea, deialdiaren baldintzak malgutuz kontratuaren epearekiko.

Ikertzaile finkoak

  • Irakaskuntzari dagokionez, JAPean sartu eta dagozkien murriztapenak aplikatu.
  • Plaza iraunkorrak zein sail/arlotan esleituko diren erabakitzeko orduan:
    • Irizpide garbi eta gardenak zehaztea.
    • Arloen arteko oreka bermatu behar da.
    • Ikerkuntza bultzatzea ikerketa-jardun gutxiago duten sailetan (gizarte arloetan), doktore gutxi dauden sailetan eta euskal gizartearen garapenari bideratutako ikerkuntzan, Euskal Herriko unibertsitate publikoaren betebeharra delako.
    • 10 urtez UPV/EHUn kontratatutako ikertzaile akreditatuei lehentasuna ematea.
  • Ikerketa-irakasle irudira pasatzeko aukera gauzatzea (irakaskuntzan, irakasle oso edo katedradun irudiekin egiten den moduan).

Itzal handiko ikertzaileak

  • Lan-baldintzak eta soldatak zehaztea.
  • Irizpideak eta kontratazio-prozesua gardenak izatea.

Ikerketa desberdinek, UPV/EHUn bertan egindakoek ere, erakusten dute emakume eta gizonen egoera ikerkuntza arloan ez dela berdina. Egoera hori gainditu ahal izateko LABek behar-beharrezkotzat jotzen du ikerketa taldeetan emakume eta gizonen partaidetza berdina bermatzea maila guztietan, ikertzaileen hautaketa prozesu ireki eta inpartzialen bitartez. Prozesu horietan, beraz, hautaketa batzordeak mistoak izatea proposatzen du LABek, baita batzorde horietako kideek genero berdintasunean prestakuntza izan dezatela ere.

Era berean, lan baldintzak eta lan kultura justuak bideratzen hastea aldarrikatzen dugu, horrela aintzat hartuak izango baitira ikertzaileen artean dauden desberdintasunak bizitza ibilbidean, hala nola, adin txikiko zein gainerako mendekoen zaintzagatik, zaintzak dakarren mugikortasun mugatua eta ikerkuntzan promozionatzeko beharrezkoak diren egonaldiak egin ezinean ibiltzea.