Ostegunean, azaroaren 23an bilduko da Klaustroa. Bertan, 2016/2017 ikasturteko Kudeaketa Txostena eta 2017/2018 ikasturteko Jardueren Egitaraua aurkeztuko dira. Hemen duzue klaustroari buruzko dokumentazio ofiziala.
LABek sustatutako hautagaitzek 2017/2018ko Jardueren Programari dagokionez hainbat galdera aurkeztu dituzte klaustroko foroaren bitartez. Gaur, zuzendaritzak emandako erantzunak argitaratu dira. Ondoren irakurri ahalko dituzue bai galderak zein emandako erantzunak.
2017-2018 ikasturteko Jardueren Programa
1. GALDERA:
1.1. atalean, “DAGOENEKO ESKAINTZEN DIREN TITULAZIOAK HOBETZEA…” delakoan, Ikasleen artean dagoen kexa bati erantzunez, zergatik ez da Eskoletan erabiltzen den euskararen kalitatea ebaluatzeko adierazlerik proposatzen, (kalitate hori hobetze aldera)?
ERANTZUNA
Ez dugu uste euskararen kalitateaz bakarrik galdetu beharko genukeenik, galdetzekotan oro har hizkuntza guztien kalitateaz galdetu beharko genuke. Dena den, irakasleen gaitasun komunikatiboa hobetzeko ekintzak burutzen ari gara.
2. GALDERA:
Zer egiteko asmoa du Errektoretza talde honek euskarazko irakas-eskaintza graduko titulazio guztietan (jakintza-arlo guztietakoetan) eskain dadin?
ERANTZUNA
Erabat euskaraz bermatuta ez dauden graduetan, derrigorrezko irakasgaiak euskaldundu gabe dituztenak eta campus ezberdinetan errepikatzen ez direnak lehenetsita, urtero bezala diagnostikoa egingo dugu eta sailekin batera kasuan kasuko neurriak hartuko ditugu. Aipatzekoa da ikasturte honetan derrigorrezko 22 irakasgai jarri ditugula euskaraz aipatutako irizpideei jarraituz.
3. GALDERA:
1. 3.3. atalean, esperientzia-geletan euskarazko ikaskuntza sartzea aurreikusten da?
ERANTZUNA
Bai, esperientzia geletan euskarazko irakaskuntza sartzeko aukera zuzendariekin aztertzeko asmoa dugu.
4. GALDERA:
1.9.1. Enplegu guneen jarduera babestea eta optimizatzea atalean, badu asmorik Errektoretza taldeak enplegu guneen kalitateko zerbitzua emateko? Zeintzuk neurriren bidez?
ERANTZUNA
Enplegu guneek kalitatezko zerbitzua ematen dute, erabiltzaileen gogobetetze maila altuak erakusten duenez. Sortu zirenetik, erraz gainditu dituzte LANBIDErekin sinatutako hitzarmenean ezarritako erakusleak, bai orientazio personal eta laboralean, bai lan merkatuari buruzko aholkularitzan eta laguntzan. Enplegu guneek gure ikasle eta egresatuentzat enplegurako leiho paregabea osatzen dute. Oso eraginkorrak diren arren, hobetzeko tartea badago. Esaterako, agintaldi honetan sortu dugun Praktiken eta Enplegagarritasunaren Zuzendaritzak Enplegu guneen koordinazioa bere gain hartu du, beti ere Campusen Garapenerako eta Kanpo harremanetarako zuzendariekin elkarlanean. Koordinazio estuago horri esker, enplegu guneen funtzionamendua hobetu da, langileen arteko komunikazioa eta harremana hobetu direlako eta horrela jardueren balizko bikoizketak saihestu direlako.
5. GALDERA:
2. atalean, “ UNIBERTSITATE IKERTZAILEA” delakoan, Plan estrategikoaren helburuen artean Euskal Herriarekiko konpromisoa izango duen ezagutza eta berrikuntza ekosistema bat bultzatzea bada, zergatik ez da neurririk aurreikusten euskaraz egiten den ikerketa sustengatzeko eta saritzeko, aintzat harturik jardun horretan ingelesa dela zientziaren hizkuntza?
ERANTZUNA
Jarduera Programan proposatutako ekimenetan kezka hori jasota dagoela uste dugu. Hain zuzen, 6. programan, euskarazko produkzio zientifikoa bultzatzeko eta hura zabaltzeko eta dibulgatzeko ekintza hauek aurreikusten dira:
6.5.1 Doktorego tesiak euskaraz egin daitezela sustatzea.
6.5.2. Euskara euskarri digitaletan (blogak, Wikipedia…) ager dadin bultzatzea.
6.5.3. Ekitaldi zientifikoetan euskararen presentzia sustatzea.
6. GALDERA:
3.3. atalean, antolaketa eredu berri bat planteatzen duzue Masterrak ikastegietatik gestionatu daitezen eta Doktorego eskola bat sortzea planteatzen duzue.
Egin duzue nuerri bi horiek aurrera eramateko beharko den AZPko plantillaren azterketa eta lanpostu berririk sortzea beharrezkoa izango ote den?
ERANTZUNA
Behin egitura administratiboaren diseinua adostuta, eredu aldaketak atxikitako langileengan izango duen eragina aztertuko da, eta beharrezkotzat jotzen diren aldaketak egingo dira.
7. GALDERA:
3.7.1. jarduera ”UPV/EHUko profesionalen presentzia areagotu hedabideetan” Nola areagotuko da emakumeen presentzia, hau da, zer neurri hartuko dira emakumeen erreferentzialtasuna bultzatzeko?
ERANTZUNA
Emakume akademikoen erreferentzialtasuna indartzeko Akademe programa eta sarea dira une honetan gure lanabes eraginkorrenak, hortik etorriko baita benetako ahalduntzea. Horren ondorio litzateke emakume akademikoen presentzia hedabideetan areagotzea, zeharkako efektu gisa.
8. GALDERA:
3.7.2. jarduera, “Zientziaren dibulgazioa indartzea gizartean. “Zientziak ez ezik, honetan ere aurreikusten da, esaterako, unibertsitateko sormen-produkzioak gizartean duen dibulgazioa areagotzea? (adibidez, Arte Ederretatik edo Ikus-entzunezko Komunikaziotik antolaturiko festibalak, erakusketak, lehiaketak…?). Gaur egun, irakasleek ia “musu-truk” egiten duten, eta ez dira kontuan hartzen, nahiz eta UPV/EHUren irudia prestigiatzeko baliagarriak izan.
ERANTZUNA
Zientziaren kontzeptuaren barruan sormen produkzioak ere jasotzen dira. Horren adibide dira, besteak beste, aurtengo Zientzia Astearen programan ikus daitezkeen ekintzetako batzuk edota Kultura Zientifikoko Katedrak zientzia eta arteari buruz garatu dituen ekimenak.
9. GALDERA:
4.3. atalari dagokionez, Ibilbide profesionala garatzeko baldintzak hobetzea (AZP), Lanpostuen monografien eguneraketa prozesuari berriro ekitea planteatzen duzu. Horrek, ezinbestean, lanpostuen balorazioa eguneratzea eta behin-behinean dutenen lanpostuena behin-betikoa egitea eskatzen du. Baduzue horretarako asmorik?
ERANTZUNA
Gure asmoa da monografiak berrikustea eta lanpostuen balorazioa egitea, baina langileak finkatzera bideratutako ekintzak lehenesten ari gara.
10. GALDERA:
4.4. atalari dagokionez, Gestioaren egitura egokitzea UPV/EHUren egungo premietara (AZP) , 4.4.1. puntuan “organigramak eguneratzen eta egiturak bateratzen jarraitzea” planteatzen duzue. Zein bide edo proposamen zehatz planteatzeko asmoa duzue?
4.4.2. puntuan “zenbait zerbitzuren egitura berrikusteko lanean aurrera egitea eta antolaketa modu berriak ezartzea, baita horietara egokitutako gestio prozedurak ere” planteatzen duzue. Zein zerbitzutako egiturak berrikusteko asmoa duzue? Zeintzuk antolaketa modu berri planteatzeko asmoa duzue? Nola eraman nahi duzue guzti hau aurrera?
ERANTZUNA
Ikastegien berrantolaketatik eratorritako 2014ko irailaren 17ko akordioan aurreikusitako jarduerak egiten jarraitzen dugu. Lehenik eta behin, ikastegietako organigrama motak egokitu behar ditugu. Plangintza Batzordean, organigramen egokitzapen zehatzak eta egitura jakin batzuen homologazioa ari dira negoziatzen.
11. GALDERA:
4.6. atalari dagokionez, Enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesuei ekitea,
4.6.1 puntuan “langileen egonkortzea hobetzea” planteatzen duzue. Ez duzue egonkortasun akordio berria planteatzeko asmorik?
ERANTZUNA
Administrazio hau EAEko Administrazio Orokorretik eskaini zaizkion aukera juridikoez baliatu da, AZPko langileentzako egonkortasun klausula berri bat sartzeari begira.
2018. urtean programa kontratu bidez finantzatutako plazak eta kontratuak finantzaketa arruntera pasatuko dira?
ERANTZUNA
Gure asmo eta ahalegin guztiak horretan jarrita daude, eta horri begira, jarduera hori araudira egokitzen dela justifikatzen duten txosten juridikoen bidez abalatutako eskaerak helarazi dizkiogu Eusko Jaurlaritzari.
Kanpo finantziazio bidezko kontratuen egoera atztertzea planteatzen duzue. Kontratazio horiek egonkortzeko eta urte osoan lanean egon daitezen langileak proposatzeko asmorik ba ote duzue?
ERANTZUNA
Kontratuek edo deiek estrukturaltzat har daitezkeen beharrei aurre egiten dieten bitartean, gure asmoa da horiek erregularizatzea, gure erakundean irauteko bokazioarekin. Kontuan hartu behar dugu, ordea, kontratu horiekin batera, unean uneko beharrei erantzuten dieten kontratuak daudela, haien finantzaketa barrukoa edo kanpokoa izan daitekeela, eta haien iraupena mugatua eta zehatza dela.
12. GALDERA:
4.6.3. Lan Eskaintza Publikoa atalari dagokionez,
2016-2018ko LEPerako deialdiaren oinarriak eta jarduera protokoloari buruzko akordioa negoziatzea proposatzen duzue. Suposatzeko da 2016-2017ko LEPaz ari zarete, 2018koa beste pakete batetarako uzteko asmoa adierazia baitio administrazio horrek arlo sozialari.
Horretaz gain, desplazatuak izango diren behin-behineko langileen birkolokazioa nola garatuko den zehaztuko lukeen prozedura ere negoziatzeko asmorik ba ote duzue?
ERANTZUNA
UPV/EHUko ordezkariek eta administrazio honetan ordezkaritza duten bost sindikatuetatik lauk sinatutako 2016ko ekainaren 30eko akordioaren IV. puntuan jasota dagoen moduan, negoziatu eta adostu dira dagoeneko LEP prozesuen exekuzioaren ondorioei aurre egiteko neurriak eta irizpide objektiboak.
Era berean, eta prozesu horiek gauzatzeko aurretik egin beharreko prozesuetan (zehazki, lan kontratudun langileen hornidura eta promoziokoa), 2016ko ekainaren 30eko akordioaren aplikazioa bermatuko duten hainbat neurri negoziatu eta gehienetan adostu dira ere lau sindikaturekin.
13. GALDERA:
4.7.5. Osasunaren promozioa instituzionalizatzea atalari dagokionez, titulua baino ez duzue azaltzen gai horri dagokionez. Zehaztu dezakezue zein neurri zehatzen bidez, eta noren esku planteatzeko asmoa duzuen osasunaren promozioa “instituzionalitzea”.
Bide batez, azaldu dezakezue zer ulertzen duzuen zuek osasunaren promozioa “instituzionalitzeaz”?
ERANTZUNA
Osasuna bultzatzeko kultura orokorra sustatu nahi da; hau da, erakunde osoa hartuko duena. Horretarako, horren gaineko kontzientzia bat sortu nahi da, gaia zeharkako ikuspegi batetik barneratuko duena ikastaroen eskaintzaren bidez. Beraz, erakundeak lideratu beharko lukeen jarduera bat da, baina unibertsitateko kide guztiak hartzen ditu.
14. GALDERA:
5. atalean, “ BIZIKIDETZARAKO UNIBERTSITATEA”n ez da ezer aipatzen, adibidez, emakumeok seguru eta libre senti gaitezen gunea sortzearen inguruan. Zein dira aurreikusten diren jardunak edozein dela genero-sexu identitatea, guztiok aske eta seguru senti gaitezen, baita eroso ere? Berdintasuna bizikidetzarako zehar lerroko zutabea izanda, ez lirateke hemen agertu behar hartuko diren neurriak?
ERANTZUNA
“Genero zeharkakotasuna/Mainstreaminga sustatzea unibertsitatearen jardunean”, 8.2 atalean genero ikuspegia arlo desberdinetan sartzeko ekintza lerro nagusiak laburbiltzen dira. Bertan 8.2.1. puntuan “Sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak sustatzea emakumeen eta genero identitate desberdinetako pertsonen ahalduntzeari laguntzeko” ekintza orokorraren baitan ekintza zehatzak garatzen ari dira, besteak beste, genero indarkeriaren kontrako protokolo berria. Eraikitzeko prozesu parte hartzailea burutzen ari gara, ikasleen, irakasleen eta AZPkoen kolektiboetako 30 pertsonez osatutako diziplinen arteko talde batek gidaturik. Orain arte 200 pertsonek parte hartu dute ekarpenak egiten. Protokoloak prebentzio neurriak ere jasoko ditu eta horiek ere martxan jarriko ditugu.
Gainera, LGTBIQ+ kolektiboarekin harreman zuzena dugu euren beharrizanak aztertzeko. Unibertsitateak Euskal Gazte Kontseiluarekin Gune Anitza manifestuarekiko atxikimendua sinatu berri du, sexu-genero aniztasuna bermatzeko gure eremuan. Ildo honetan, norberaren sexu-genero marka zein den zehaztea eskatzen duten agiri ofizialetan, emakumea eta gizona aukerez gain, hirugarren bat ere txertatzea onartu dugu, sexu-genero identitate eta adierazpen anitzaren isla eta berme moduan. Zentzu honetan, aldaketa gehiago eramango ditugu aurrera, aldaketa horiek eskatzen dituzten kolektiboekin elkarlanean arituz.
Horrelako ekintzak 5. atalean txerta litezke, baita beste askotan ere, baina dokumentuan zehar errepikatzen ez joateko hobetsi dugu genero zeharkakotasun gisa definitu eta atal berezi batean jartzea.
15. GALDERA:
5.2. atalean, Irisgarritasuna hobetzea unibertsitateko espazioetan, Planaren ezarpenarekin “jarraitzea” nahi duzue. Zein neurri zehatz planteatzen duzue burutzea 2017/2018 ikasturtean?
ERANTZUNA
Hona hemen egin nahi ditugun obretako batzuk:
Arabako Campuseko Errektoreordetzaren eraikinerako sarbide nagusiaren eta jendaurreko zerbitzuen irisgarritasuna hobetuko da.
Bizkaiko Campusean hainbat baranda konponduko dira irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Era berean, aniztasun funtzionala duten pertsonek larrialdi kasuetan jarraitu beharreko protokoloak hobetuko dira.
Gipuzkoako Campusean, berriz, obra ezberdinak gauzatuko dira bai zentroetan bai Campuseko gune ezberdinetan, betiere irisgarritasuna hobetze aldera.
16. GALDERA:
5.6. Kultura unibertsitateko bizitzan txertatzea atalari dagokionez, hainbat ekimen planteatzen dituzu azpiatal honetan. Baina, agertzen diren guztien artean, euskal kulturaren sustapena eta txertatzea ekimenotan ez dago islatuta. Ba ote du Errektoretza talde honek euskal kulturaren adierazpide ezberdinak sustatzeko eta unibertsitate-bizitzan txertatzeko egitasmorik bultzateko asmorik?
ERANTZUNA
Programan badaude zenbait jarduera eta ekimen atal desberdinetan koka daitezkeenak, zeharkako izaera dutelako. 6.6.1. atalean modu zabalean jasota geratzen dira. EHUkultura proiektu berria abian jarri dugu, eta bertako ekintza desberdinak burutzen ari gara. UPV/EHUko Kulturgintza guneka antolatu dugu: hizkuntzaGune, literaGune, eszenaGune, bizitzaGune, zinemaGune, kritikaGune eta arteGunea. Politika honen xedea da euskal kultura unibertsitateko bizitzan txertatzea. Eta era berean euskarazko eta erdarazko programazioa orekatu nahi dugu, horretan baitago gure erronketako bat. Horren adibide dira, besteak beste, euskaraz bakarrik egiten diren hainbat ekintza (EHUSKARABANDA. Laburmetraien deialdia, Oihenart Aforismoen Lehiaketa, Unibertsoa, Bertsoei buruzko ekitaldiak, eta abar).
Horretaz gain, Campusetako programazio kulturala euskal gizarteko eragileekin elkarlanean egingo dugu.
17. GALDERA:
Gaur egun, hainbatetan barneko dokumentuak gaztelaniaz baino ez dira jasotzen (lan-agiriak kasu) eta, ondorioz, gaztelania erabili behar da haien lanketan. Zein neurri zehatzak hartuko dira euskara lan-hizkuntza izan dadin, gaztelaniaren parean?
ERANTZUNA
6.2.4. puntuan Euskararen III Plan Gidaria (2018-2022) egingo dugula esaten dugu. Plan horretan landuko den ildo nagusietariko bat euskararen erabilerarena izango da.
18. GALDERA:
6.1.2. Euskarazko hautazko irakasgaien eskaintza sustatzea atalari dagokinez,
“Euskarazko nahitaezko irakasgaien eskaintza handitzea” helburutzat duzue. Ez duzue nahitaezko irakasgai guztien euskarazko eskaintza beramatzeko asmorik?
“Hautazko irakasgaien eskaintza sustatzea hizkuntza horretan hautazko irakasgai gutxi dituzten graduetan” bultzatuko duzuela diozue. Ez duzue horiek bermatzeko edota gutxinekorik jartzeko asmorik?
ERANTZUNA
Bai, gure asmoa hori da. Derrigorrezko irakasgaiak euskaldundu gabe dituzten graduak lehenetsiko ditugu eta diagnostikoa egin ostean ditugun baliabideak horiek euskalduntzera bideratuko ditugu. Hautazko irakasgaien kasuan, batez ere euskarazko eskaintza baxua duten graduak lehenetsiko ditugu, baina kasu honetan ikasle kopurua mugarri izan ohi da.
19. GALDERA:
6.2. Bikaintasuna lortzea euskarazko irakaskuntzan atalean, Unibertsitateko kolektibo desberdinen “komunikazio gaitasunak hobetzea” prestakuntza ekintza espezifikoen bidez planteatzen duzue. AZPko langileen “komunikazio gaitasunak hobetzea” helburu, zeintzuk neurri planteatzeko asmoa duzue?
II. Plan Gidariaren ebaluatzea eta berriaren egitea helburu gisa jartzen dituzue. Ba ote duzue Euskararen Erabilera Planik horren baitan txertatzeko asmorik?
ERANTZUNA
AZPko langileen komunikazio gaitasuna hobetzeko prestakuntza eta berariazko ikastaroen deialdiak egingo ditugu. Ildo horretan, laneko komunikazio idatzian euskararen erabilera sustatzeko AZPidazki bezalako tresnak bultzatuko ditugu.
20. GALDERA:
6.3. Euskaraz arreta egokia ematea atalean, euskaraz arreta egokia emateko AZPko langileen liberazioen programan lehentasuna ematea jendearekin harreman zuzena duten lanpostuetako zerbitzua hobetzea bideratutako liberazioei planteatzen duzue. Hauxe izango da euskarazko berbitzua bermatzeko bultzatuko duzuen neurri bakarra? Ez duzue uste administrazio publiko honen betebehar legala den euskarazko zerbitzua bermatzeak bestelako neurri zehatzak eskatzen dituela ere? Zer egingo duzue helburu hori lortze aldera liberatuko duzuen langileen gaitasun maila igotzen den bitartean? Nola bermatuko duzue eskubide hori?
ERANTZUNA
Orain arte bezala liberazioen programan lehentasuna emango diegu jendearekin harreman zuzeneko lanpostuak betetzen dituzten langileei. Era berean, eguneroko lanean euskararen erabilera bultzatzeko, besteak beste, Unibertsitateak garatu dituen tresnen erabilera sustatuko dugu.
21. GALDERA:
6.3. Euskaraz arreta egokia ematea jendearekin harreman zuzena duten lanpostuean eta 6.4. Euskararen erabilera soziala suspertzea irakaskuntzan eta unibertsitateko bizitzan atalei dagozkien galderak:
Ez al ditu oraindik identifikaturik Errektoretza talde horrek zeintzuk diren, euskararen erabilerari eta presentziari dagokienez, indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak? Hala bada, nola hartzen ari dira euskararekin zerikusia duten neurriak? Nola erabakitzen da zer bultzatu eta zer ez? Nola zeini jarri X HE eta zeini Z HE, esaterako?
Ba ote du Errektoretza talde horrek legez bete beharreko hizkuntza-eskubideak? Eta irakaskuntza-eskubideak? Noiz arte jarraituko dugu duela 30 urte martxan jarritako neurriekin? Noiz egokituko du bere burua UPV/EHUk eremu eta eginkizun hauei dagokienean? Berriro ere ‘hurrengo Planerako’ uzteko asmoa du?
ERANTZUNA
Horretan dihardugu.
Kanpo ebaluazioko prozesuen bitartez euskararen presentziari, erabilerari eta kudeaketari dagokienez, indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzen ari gara. Behin lan hau egin ostean kanpo ebaluazio sistema hauek unibertsitateko ikastegien eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko sistema aurreratuetan txertatuko ditugu. Esparru honetan Eusko Jaurlaritzaren “BIKAIN” Euskararen kalitate Ziurtagiria lortzeko ebaluazio prozesua egokia da eta diagnostikoa bere bidez egitea bultzatuko dugu. Diagnostiko horren emaitzek balioko dute indarrak non jarri jakiteko.
Administrazio eta Zerbitzuetako lanpostuen hizkuntza eskakizunak bete beharreko funtzioetara egokitu, hizkuntza- eta irakaskuntza-eskubideak bermatu eta unibertsitate euskaldunagoa izateko neurriak hartuko ditugu. Zalantzarik gabe 2018an onartu behar dugun Euskararen III Plan Gidarian gai hauek guztiak aintzat hartuko ditugu.
22. GALDERA:
7.5. Hizkuntzen arloko prestakuntza eta gaitasunak atalari dagokionez,
“Erraztasunak ematea” atzerriko hizkuntzetako prestakuntza ikastaroak eta egiaztapen probak egiteko azaltzen dituzue helburu bezala.
AZP-ri dagokionez, gero eta lanpostu gehiagotan ingeleraren euskara maila altua (B2 eta C1) eskatzen ari zarete azken aldian, baina ez daukazue langileak atzerriko hizkuntzetan trebatzeko egitasmo zehatzik, “erraztasunak ematea” ez bada.
Ez duzue uste hori baino egitasmoa beharko duela EHUk bere AZPko langilegoa atzerriko hizkuntzetan trebatzeko?
Ez duzue uste langileen sindikatuekin eztabaidatu eta hitzartu beharko zenuketela zein lanposturi ezarri beharko litzaiekeen atzerriko hizkuntza gaitasun, zein mailatakoa eta ezarritako helburuetara ailegatzeko beharrezkoa litzatekeen prestakuntza plana?
ERANTZUNA
Langileen Prestakuntza Planaren bitartez hizkuntza ikastaroak ordaintzen ari gara. Beste alde batetik, egiaztapen probetara aurkezteko aukerak handitzen ari gara, azterketa horiek Unibertsitatera ekarriz.
Bestalde, planteatutako hainbat gauza agintaldi honetan egingo den Eleaniztasun Planean sartuko dira, eta langileen eskubideei dagozkien neurriak, Planifikazio Batzordeetan negoziatuko dira.
23. GALDERA:
8.3. Dibertsitate funtzionala atalean, dibertsitate funtzionala duten ikasleei “babesa” bermatzea planteatzen duzue. Ez ote duzue uste UPV/EHU, EAEko unibertsitat publiko gisako eginkizunetako bat denik halako ikasleei kalitateko arreta eman ahal izateko kalitateko zerbitzua izatea?
Zerbitzu horren eginkizuna hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonei “laguntzea” izan behar ote da ala harrera, ikasketa prozesuan akonpainamendu eta koordinazio ona eskaintzea horrelako egoeran aurkitzen diren ikasleen ikasteko eskubidea bermatzeko?
ERANTZUNA
Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua kalitatezko zerbitzua da eta kalitatezko arreta ematen die ezgaitasunak zein hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei, laguntza eta babesa bermatuz, sarbidetik hasita.
Era berean, hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonei Zerbitzuak eskaintzen dizkie: harrera pertsonalizatua, behar berezi edo ezgaitasun motaren araberako laguntza ikasketa prozesuan zehar, eta zentroetako pertsona erreferente zein tutoreekin koordinazio egokia.
Zerbitzuak ezgaitasunak dituzten ikasleen aukera-berdintasunaren printzipioa bermatu, ikasketetarako sarbidea erraztu, unibertsitateko zerbitzuak jaso eta unibertsitateko bizitzan parte hartzea errazteko eginkizuna du.
Ezgaitasunak dituzten ikasleen beharrei lau ardatz estrategikoren bidez ematen zaie erantzuna: a) informazioa, aholkularitza eta orientazioa; b) aukerak parekatzea; c) prestakuntza eta sentsibilizazioa; d) irisgarritasuna. Beste batzuen artean, honako baliabideak eskaintzen zaizkie ikasleei: motor urritasuna duten ikasleentzako hezkuntzarako laguntza espezialistak; zeinu hizkuntzako interpreteak; baliabide tekniko eta laguntza produktuak; egokitzapenak sarrera probetan eta unibertsitateko ikasketetan.